Lankidetza egin ezean, talenturik ez

Bertako talentua garatzeaz harago, atzerrikoa erakartzeko beharra nabarmendu dute Andrés Arizkorreta, Unai Andueza eta Lander Belokik

Andres Arizkorreta, Unai Andueza eta Lander Beloki, atzoko solasaldiaren atarian | Argazkia: Maialen Andrés/Foku Andres Arizkorreta, Unai Andueza eta Lander Beloki, atzoko solasaldiaren atarian | Argazkia: Maialen Andrés/Foku

Ekonomia eta enpresari loturiko hiztegi batek azken urteetako hitza hautatu beharko balu, boz gehien izango zituen hautagaien artean izango litzateke seguru asko talentua. Talentua sortu, garatu, erakarri, fidelizatu, loratu. Talentuarekin egin behar dena azaltzeko erabiltzen den aditz kopurua andana da, erronkaren tamainakoa. Ez da soilik Euskal Herriko erronka, mundu mailakoa baizik. Baina horrek ez du esan nahi tokian-tokitik soluzioak topatu behar ez zaizkionik.

Horregatik seguruenik Etekin jardunaldien bigarren edizioaren lehen solasaldian jorratu beharreko gaia zen talentua. Ekonomiari eta finantzei buruzko hausnarketa eta harreman-sarea euskaraz sustatzeko asmoz sorturiko egitasmoa da, Eusko Jaurlaritzak,Finantzen Euskal Insitututak, finantza erakundeek —Bankoa-Abanca, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa—, eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatuta. Nerea Reparaz ETBko kazetariak moderatuta, horri buruz aritu ziren atzo Andrés Arizkorreta CAFeko presidente eta Euskal Enpresarien Zirkuluko presidentea, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, eta Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateko dekanoa, Talentua erakartzeko gakoak izenburupean.

Erronka demografikoak eragin al du talentu falta?

Adinez nagusi direnen %5 daude egun jubilatuta, eta %20 egin du gora jubilazioak azken urteetan. "Argazkia ez da polita". Arizkorretaren hitzak dira, hark urtu baitu izotzaldia. "Azken hamarkadan 74.000 pertsona galdu ditugu. Egun lanean direnetatik %25 jubilatuko dira. Hurrengo hiru hamarkadatan 240.000 pertsona galduko ditugu. Hori da berriro ere sartu behar dugun jendea egun dugun talentua mantentzeko. Ez naiz ari garai baten genuen talentua berreskuratzeaz".

Erronka demografikoaz eta pertsona gabeziaz harago, baina, bestelako faktoreek ere eragiten dute Anduezaren ustez. Batetik, belaunaldi horietan "trantsizioei aurre egiteko beharrak". Bestetik, lanari lotutako balioen eraldaketa. "Gure aiton-amonek enpresa bakar baterako egiten zuten lan bizitza osoan; gu 4 eta 7 entitatetatik igaroko gara batez beste. Etorkizunean, agian 7 enpresatan ariko dira lanean aldi berean".

Erabakitzeko askatasuna vs industriaren beharrak

"Alde batetik dago, eta argi dut, pertsonen askatasuna aukerak egiteko, baina industriaren eskaria ere hor dago. Eta hor aldea nabaria da", mahaigaineratu du Arizkorretak. Hiru hizlariek bat egin dute: enpresa ekosistema, zehazki, industriala bultzatzeko beharrezkoa da STEM esparruetako jendea. "Eta jende geroz eta gutxiago joaten da horretara". Adibidea jarri du: datozen sei urteetan gidaririk gabeko metroen proiektuaren garapenari bultzada emateko behar dituzten telekomunikazio ingeniaritza profilak kubritzetik oso urrun dago urtero EHUtik ateratzen den ikasle kopurua. Arazoa areagotu egiten da generoari erreparatzen badiogu: unibertsitate ikasketak egiten dituzten %50 emakumeak badira, soilik %26k egiten dute STEMen aldeko hautua, eta lanbide heziketan "problema hori" latzagoa da.

Bokazio horiek sustatzeko askotariko pausoak ematen ari direla plazaratu du Lander Belokik: difusioa aurreko hezkuntza etapetan, dinamiken antolaketa, azaltzea gizartea nondik doan, eskaintza azalpenak... Baina ez da nahikoa izaten ari. "Ezagutzak ere ez du erabakia azkartzen. Aldaketa abiadura motelean doa, eta ez dugu denbora askorik horretarako".

STEM bokazioak sustatzeko askotariko pausoak ematen ari direla plazaratu du Lander Belokik: difusioa aurreko hezkuntza etapetan, dinamiken antolaketa, azaltzea gizartea nondik doan, eskaintza azalpenak... Baina ez da nahikoa izaten ari

Besteak beste, teknologiak markatzen du abiadura hori. "Gure aldaketak etortzen dira askotan enpresa ehunarekin. Enpresen beharrak gertu eta ondo ezagutzeak ekartzen du unibertsitatearen eskaintza moldatzen joatea. Horrek gure iparra markatzen du".

Zer esan nahi du "baldintza erakargarriak" izateak?

Autogobernuak aukerak eskaintzen dizkio EAEri, dirulaguntzak bermatu eta fiskalitate propioa izateko. "Horrek lehiakorrago egiten gaitu", esan du Anduezak. Etxebizitzaren esparruan bestelako aukerak eskaini ditzakeen erreforma fiskala, edota 2018an inpatriatuentzat —kanpoan lanean ari diren eta itzuli nahi duten euskal herritarrentzat— dagoen erregimen berezia jarri zituen horren adibide.

 52A1158
Etekin solasaldiaen II. edizioa Donostian abiatu zen | Argazkia: Maialen Andrés/Foku

Harago joanda, berriz, zeri buruz ari gara baldintza erakargarriez ari garenean? Arizkorretak gogora ekarri du Euskal Enpresarien Zirkuluko foroan Ingalaterran bizi den irakasle galiziar batek esandakoa. Hark hiru esparru nabarmentzen zituen talentuarentzat erakargarri izateko: lekua ezagutzea, kapitala, eta unibertsitatea. "Lekua ezagutzeari dagokionez, ondo goaz, geroz eta ezagunagoa baita Euskadi; kapitala ez badator, zaila izango da aurrera egitea; eta azkenik jendea gaztetatik erakarri behar da, 40 urterekin mugitzea konplikatua delako".

Beste zenbait esparru gehitu ditu Anduezak. 85 enpresekin eginiko Lanaren zentzua proiektuan lorturiko emaitzak kasu. Egungo langileentzat geroz eta pisu gehiago du enpresa batek eskaintzea "ikasteko aukera, harremantzeko aukera, autonomia —ez nahi duena egitea, baizik eta eurak kontuan hartzea— eta propositoa —zertarako ari gara egiten—". Propositoaren esparru horrek bultza dezake jendea biozientzien aldeko apustua egitera, besteak beste.

Informazio gehiago Lanaren zentzua: "Pertsonen ongizateak eta enpresaren ongizateak elkar kondizionatzen dute"

"Proiektu enpresariala ezinbestekoa da. Proiektu hori ez badago, ez dago ezer egiterik", gaineratu zuen Arizkorretak. Lehiakideekin ere biltzen ari dira sektorea erakargarri egiteko. Izan ere, talentua erakartzeaz ari direnean, ez dira ari soilik "talentu endogamikoaz".

Kanpoko talentua, "ezinbesteko"

Kanpoko talentua erakartzeaz aritzerakoan, bi esparru bereiz daitezke. Batetik, diaspora ekonomikotzat jo daitekeen hori, Euskal Herritarra izanik eta kasu askotan karrera bertan ikasita, lan aukerak bilatzeko atzerrira salto egin dutenek osatzen duten taldea. Bestetik, Euskal Herritarrak ez diren baina bertara ikastera eta lanera etor daitezkeenak. Izan ere, hiru parte hartzaileen ikuspegitik "talentu endogamikoa" ez da nahikoa erronkari aurre egiteko.

"Gure industria bultzatu nahi dugula diogu, eta horrekin ados nago. Baina industriak egun ez du nahikoa barruko jendearekin, bertakoarekin", dio Arizkorretak. Migratzaileak "konponente gakoa" direla uste dute hiruek ala hiruek, nahiz eta "etorkinen profila zein den ere ikustea" ezinbestekoa izango den. "Kanpoko talentua erakartzeko markoa ez dugu. Eta derrigor zaigu hura garatzea", adierazi du, ildo beretik, Belokik. Herri eta hirien bereizketaren gainetik, Euskal Hiria saltzea gakotzat jo du Arizkorretak.

Egungo langileentzat geroz eta pisu gehiago du enpresa batek eskaintzea "ikasteko aukera, harremantzeko aukera, autonomia —ez nahi duena egitea, baizik eta eurak kontuan hartzea— eta propositoa —zertarako ari gara egiten—"

Aitzitik, atzerritik datorren talentu hori erakartzea konplexuago izan daiteke enpresa txikientzat, nahiz eta gehiengo izan. Izan ere, enpresa handiagoentzat, munduan begiak eta ikusgarritasuna dituztenentzat, euren buruak erakustea errazagoa izan daiteke. "Eta gainera han eta hemen ditugun plantetarako ere talentua behar dugu. Talentua erakartzeaz ari garenean, horri buruz ere ari gara", gehitu du CAFekoak.

Era berean, azken hilabeteotan Espainiatik EAEra hainbat eskumen transferentzia gauzatzeko emandako pausoek zerikusia izan dute, besteak beste, atzerritarren tituluen homologazioarekin eta atzerritarren lan baimenen kudeaketarekin. Lehena, baina, albiste izan da duela egun gutxi, Gorenak esan baitu Espainiako Estatuaren eskumen esklusiboa dela. "Tituluen homologazioaren kontua arazo larria da". Haren ustez, atzerrian ikasi eta bertan dagoen jende tituluduna ezin da alde batera utzi, batez ere enplegu publikorako dauden arazoak ikusita. Erizaintzan edo medikuntzan gertatzen ari dena jarri ditu horren adibide. "Bizkortasuna behar da".

Euskararen tokia

Hiruak bat datoz: eleaniztasuna kudeatzea erronka da. Eta euskararen kudeaketa erronka bada, baina aukera ere bai. Anduezak bi alderdi jarri ditu balioan: hizkuntzak ematen duen berezitasuna, zerbait "genuino" gisa; eta langileen artean sortzen duen kohesioa, errotzeari oso lotua. Belokik, bestalde, oreka beharrezkotzat jo du. "Hainbat faktore orekatzea dagokigu. Gauza bat da talentua, aberastasuna sortzea, ongizate estatua bermatzea ditugun baliabideekin eta bizitza aukerak eskaintzea. Eta hori uztartu behar dugu identitatearekin, propio ditugun gauza horiekin, bai ala baikoak. Identitate horrek baditu zenbait ezaugarri, eta gurean nabarmen bat euskara da. Euskarak bere lekua eduki behar du, eta hori bermatu behar dugu. Bestela zergatiak galtzen hasten gara".

Arizkorretak zenbakiak ekarri ditu, CAFenak. Beasainen ia 3.000 langile ditu enpresak. Horietatik %78,65 dira euskaldunak, %8,6k ulertzen dute euskara eta %12k ez dute ideiarik. Gipuzkoa osoan CAFek dituen enpresetan ia 1.000 lagunek egiten dute lan ingelesez, egunero. "Hori da inportanteena. Hitz egiten dugunok gehiago erabili behar dugu; ez naiz bestelako diskusioetan sartuko".

Lankidetza eta estrategia bateratua

Herrialde mailako estrategiak ekonomikoki posizionatzeko gako izan dira. Hala uste du Arizkorretak, eta EAEk hortik jo behar duela dio. "Zein sektore garatu behar ditugu? Zenbat behar da? Denok batera joan behar gara, lauzpabost sektore identifikatuta. Baina sektore horiek fitxatu egin behar dira". Horien adibide batzuk jarri ditu: quantum, biozientziak, mugikortasun jasangarria... "Eta etxe barrua ordenatzeko lanarekin ere jarraitu behar dugu (egitasmo asko baitaude)". Esperientzia positibo gisa aipatu du, esaterako, Viralgen.

Noren lidergopean, baina, elkarlana? "Denon lana da. Gipuzkoan, esaterako, proiektu estrategikoen bitartez egin dugu horren aldeko apustua, lankidetza errotuta izanik". 

Andrés Arizkorreta (CAF): "Zein sektore garatu behar ditugu? Zenbat behar da? Denok batera joan behar gara, lauzpabost sektore identifikatuta. Baina sektore horiek fitxatu egin behar dira"

Optimismoarekin begiratzen diote, baina, EAEren etorkizunari. "Anitzagoa irudikatzen dut, industriala orain arte bezala, baina digitalizatuagoa eta automatizatuagoa. Herrialdeak jakin du berrasmatzen eta jakingo du, identitatea mantenduta", azaldu du Anduezak. "Baikorra naiz, baina hau elkarlanean bultzatu behar da", gaineratu du Arizkorretak. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK