Gure Lurra kongresuaren zazpigarren edizioa egin da gaur Donostiako Kursaal Jauregian. 500 lagun baino gehiago elkartu dira bertan, lehen sektoreko jardueraren gainean hausnartzeko parada izan dute. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eman dio hasiera topaketari eta azaldu du aldundiak lehen sektorearen etorkizunarekin konprometituta jarraitzen duela.
Baserritar Misto Profesionala programaz mintzatu da, zeinak helburua duen sektorean belaunaldi erreleboa gauzatzea, hiri-eremutik landa-eremura igarotzea ahalbidetuz eta baserritar mistoaren figura profesionalizatuz. Basotik ere aipatu du, aldundiak basoen kudeaketa jasangarria bermatzeko programa. "Ez da ingurune naturala hobeto zaintzen baserritarrei bizkarra emanez, baizik eta baserritarren errealitateari kasu eginez eta elkarrekin lan eginez", adierazi du.
Gure lurra, gure altxorra lelopean egin da gaurko kongresua, eta hainbat mahai inguru antolatu dituzte. Nekazariak, gazta saltzaileak, sagar ekoizleak edota ustiategien kudeatzaileak hartu dute parte hitzadietan. Lehen sektorean lan egiteko arrazoiak plazaratu dituzte, baita lurra zaintzeak ongizate psikiko eta emozionala hobetzeko duen garrantzia aztertu ere.