Lehendakarigaiak motzean

Hipoteka finkoa ala aldakorra? Zenbat balio du ogi barra batek? Zein auto mota erosiko zenuke? Hauteskundeen atarian egunerokotasun ekonomikoari lotutako zenbait gaiei erantzun diete EnpresaBIDEAk elkarrizketatutako lehendakarigaiek

Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai guztiak astearte gaueko EiTB-2ko debatean | Argazkia: EiTB Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai guztiak astearte gaueko EiTB-2ko debatean | Argazkia: EiTB

Igande honetan, apirilak 21ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ia bi milioi pertsona daude deituta bozkatzera, (1.795.206) eta EAEko herritarrek Gasteizko parlamentuan dauden 75 eserlekuak alderdien artean nola banatzen diren erabakiko dute. Hala, EnpresaBIDEAk lehendakarigaiei elkarrizketa sakonak egin ondoren, hainbat galdera motz ere egin dizkie eta honako hauek izan dira erantzunak:

Gaur hipoteka egin beharko bazenu, nolakoa hartuko zenuke, aldakorra ala finkoa?

IMANOL PRADALES: Orain dela gutxi aldatu dut hipoteka eta nahasia hartu dut. Zati bat aldakorra eta beste zati bat finkoa.

PELLO OTXANDIANO: Finkoa, bere egunean aldakorra egin nuen, eta damutu nintzen. Banketxearekin negoziatu dugu, finkatzeko eta tope bat jartzeko bi edo hiru urterako. Baina, egungo ziurgabetasunarekin nik finkoaren aldeko apustua egingo nuke

ENEKO ANDUEZA: Hipoteka aldakor bat dut.

MIREN GORROTXATEGI: Egonkortasuna bilatzen badut, hipoteka finkoa aukeratuko nuke.

ALBA GARCIA: Urteak daramatzat alokairuan, eta une honetan, ez beste inon, ezin dut pentsatu etxebizitza bat erosi eta hipoteka bat eskatzea. Alokairuen prezioekin ezinbestekoa da dirua aurreztea pisu bat erosteko.

Zenbat balio du egun ogi barra batek? Gasolina-diesel litroak? Zinemarako sarrerak?

IMANOL PRADALES: Nik Portugaleten asteburuetan erosten dudan ogi barrak 1,35 euro balio du. Eta diesel litroak 1,40. Zinemara ez naiz joaten, baina, nik uste dut agian lau edo bost eurotan ibiliko dela prezioaren sarrera. Ez naiz joan aspaldi.

PELLO OTXANDIANO: Otxandion ogi barra batek 1,50 euro. Gasolina eta diesel litroa 1,50 euro, tokiaren arabera. Eta aspaldi ez naiz joan zinemara, uste dut sei eurotik gora egongo dela, ez badago hamarretik gora hainbat lekutan. 

ENEKO ANDUEZA: Ogi-barra 1,20 euro inguruan dabil, gasolina litroa 1,730 eurotan, eta zinemarako sarrera 8 bat eurotan.

MIREN GORROTXATEGI: Prezioak aldatu egiten dira kokapenaren eta beste faktore batzuen arabera. Oro har, ogi-barra baten prezioa 0,50 eurotik 1,60 eurora bitartekoa da, eta gasolina edo
diesel litroaren prezioa, berriz, 1,30 eurotik 1,60 eurora bitartekoa. Zinemarako sarrerek 6 eta 12 euro arteko kostua izaten dute, zinemaren arabera, ikuslearen eguna bada, eta pelikula motaren arabera (3D).

ALBA GARCIA: Ogia 1 eta 1,25 euro artean; diesel litroa 1,6 euro inguru; zinemarako sarrera bat, 8 euro.

Aurreztutako diru kopuruarekin zer egingo zenuke oraintxe: inbertitu, gordailuan sartu banketxean edo beste zerbait?

IMANOL PRADALES: Hipoteka kendu. Eta orain epe finkorako aukera batzuk daude, diru gutxi ematen dutenak eta nahiko egonkorrak direnak. Horrela egingo nuke.

PELLO OTXANDIANO: Hipoteka amortizatu.

ENEKO ANDUEZA: Bi aukerak bateragarriak dira. Inbertitu bai, baina ustekabeetarako diru bat ere gordez.

MIREN GORROTXATEGI: Funts etiko edo iraunkorretan inbertitu, ingurumenarekiko arduratsuak direnak eta enpresa-praktikak errespetuzkoak sustatzen dituztenak.

ALBA GARCIA: Ba ez dakit, egia esan, niretzat oso zaila aurreztea gaurko bizitza prezioarekin.

Zein auto mota erosiko zenuke?

IMANOL PRADALES: Ziurrenik hibridoa. Elektrikoarekin oraindik zalantzak ditut, bateriek zer nolako iraupena ematen duten, eta ni bizi naizen tokian kargatzeko arazoak izango nituzke. Beraz, ziurrenik hibridoa.

PELLO OTXANDIANO: Uste dut momentu honetan dauden dirulaguntzekin, momentu ona dela auto elektriko baten aldeko hautua egiteko. Bateria autonomia 300 kilometrotik gora dago, eta konbustio kotxeen prezioek izan duten gorakadarekin, nik uste dut momentu honetan, modeloaren arabera noski, antzerako irteten dela. Eta denborarekin amortizatzen da inbertsio hori.

ENEKO ANDUEZA: Ahal den ekologikoena. Edonola ere, nahiago dut garraio publikoa.

MIREN GORROTXATEGI: Konbustio-ibilgailu tradizionalekin alderatuta ingurumen-inpaktu txikiagoa duen auto elektrikoa edo hibridoa.

ALBA GARCIA: Elektrikoa, dudarik ez.

Kriptotxanponen bidez erosketak egingo al zenituzke?

IMANOL PRADALES: Ez.

PELLO OTXANDIANO: Ez. Nik halako gauzak urrun. Ez dut akziorik inongo enpresetan eta halako inbertsioetatik urruti. Interesik eta helbururik ere ez horrelako planteamendu espekulatiboetan ibiltzeko. 

ENEKO ANDUEZA: Merkatu hori ez dut asko ezagutzen. Ezetz uste dut.

MIREN GORROTXATEGI: Ez.

ALBA GARCIA: Ez.

Zer kopurutik gora erabiltzen duzu txartela ordaintzeko? Txosna batean txartelarekin edo telefono mugikorrarekin ordaintzeko prest egongo zinateke?

IMANOL PRADALES: Nik, normalean, dirua erabiltzen dut. Tabernan poteatzen ibiltzeko, normalean, kutxa jartzen dugu eta diruarekin egiten dugu. Baina supermerkatuan erosketak egiteko, edo jatetxe batean ordaintzeko normalean txartela edo mugikorrarekin egiten dut. Ni txosnetan txartelarekin ordaintzeko prest egongo nintzateke, baina oraindik ez didate aukera eman. 

PELLO OTXANDIANO: Normalean 50 eurotik gora, baina egia da ohitzen ari naizela geroz eta gehiago txartelarekin ordaintzera. Orduan, askotan aurkitzen naizela dirurik gabe patrikan, eta jotzen dudala txartelarekin ordaintzera, kantitate txikiak ere. Eta arraroa egiten zait txosna batean txartelarekin ordaintzea, baina uste dut hori ikusiko dugula, ez bada txartelarekin, erlojuarekin. Denbora kontua da. 

ENEKO ANDUEZA: Gastu txikietarako, eskudirua eramaten dut normalean, edo mugikorrarekin ordaintzen dut. Erosketa handiagoetarako, berriz, txartela edo mugikorra.

MIREN GORROTXATEGI: Askotan, gero eta gehiago. Bai, saltokian txartelarekin edo telefono mugikorrarekin ordaintzeko prest egongo nintzateke.

ALBA GARCIA: Ez da kantitate kontua, erosotasun kontua baizik. Nolabaiteko sentsibilitatea dut denda txikira joaten naizenean, eta eskudirutan ordaintzen saiatzen naiz ordainketa 20 euro baino gutxiagokoa bada, txartelarekin ordaintzea eskatzen ez badidate behintzat. Txosna batean ez, beti eskudirutan. Badakit konpartsen artean eztabaida dagoela eta, oraingoz, ordainketa eskudirutan egiten dela. Horretan nahiko militantea naiz, konpartsakidea naizelako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK