LGTBIQ+ komunitatea ere negozio bilakatu al da?

Ekainaren 28an Bilbao Bizkaia Harro ekimena ospatzen da, baina aurten EHGAMek herritarrei dei egin die jaialdiari boikot egitera, mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituela salatuz

Bilboko kale bat LGTBI+ banderekin | Argazkia: iStock Bilboko kale bat LGTBI+ banderekin | Argazkia: iStock

Gaur, ekainaren 28a, LGTBIQ+ komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta LGTBIQ+ mugimenduak denetariko mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herri osoan. Bilbon, adibidez, Bilbao Bizkaia Harro jaialdia egingo da, Ortzadar LGTBIQ+ elkarteak antolatuta. Aurten EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak herritarrei dei egin die jaialdi horri boikot egitera, haien esanetan, “LTGBIQ+ mugimenduaren aldarrikapenak eta arazo historikoak merkantilizatzen dituelako”.

Bilbao Bizkaia Harro jaialdia 2015. urtetik antolatzen da, kultura eta dibertimenduaren bidez aniztasun afektibo-sexuala nahiz genero-identitatea, eta LGTBIQ+ kolektiboaren askatasuna aldarrikatzeko xedez. 2019. urtea garrantzitsua izan zen Harro jaialdiarentzat, formatu handiago eta indartsuago baten aldeko apustua egin baitzuen, mundura hedatu zena. Denbora pasa ahala, Bilbao Bizkaia Harro hazten eta aliantzak batzen joan da, eta gaur egun, pertsonen, enpresen eta erakundeen elkargune bihurtu da, helburu bateratu batekin: maitatzeko eskubidea aldarrikatzea.

Gainera, ekimenak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babes ekonomikoa du. 2019. urtetik hiru erakunde horiek 400.000 euro inguru ematen dizkiete jaialdiaren antolatzaileei. Hori da, hain zuzen ere, EHGAMek salatzen duena. Beren esanetan, jaialdiak “zuriketa arrosa” egiten du, "erdi eta goi mailako atzerriko turismo gay diruduna" sustatuz.

Lehen espazio seguru eta ez-mistoak

XIX. mendearen amaieran LGTBIQ+ kolektiboko pertsonentzako espazio seguruak eta ez-mistoak sortzen hasi ziren. Leku horien sorkuntza beharrezkoa izan zen, komunitateak jasaten zituen erasoengatik; hala ere, oraindik ere beharrezkoak dira indarkeria-mota horiek eten ez direlako.

Urteetan zehar, espazio ez-mistoak pertsonak diren bezala izateko, sentitzeko, adierazteko eta jokatzeko beharrezko lekuak bihurtu dira, gizarte homofobo batek erasotuak izateko beldurrik izan gabe. Aisialdiko espazio horiek gero eta garrantzia handiagoa izan dute LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotorik eta diskriminaziorik gabeko jaiak eta ospakizunak egiteko. Adibidez, Madril, Bartzelona edo Paris bezalako hiri handietan horrelako tokien eskaintza gero eta zabalagoa eta ugariagoa da, baina Bilbo bezalako hirietan ere pausoak ematen ari dira. Horren adibide da hilean behin hirian egiten den Dragalada festa. Arratsaldeko festa hau bost tabernetan egin ohi den tour moduko bat da, bakoitzean drag baten ikuskizunaz gozatu daitekeelarik.

2017tik Google Maps bezalako tresnek lokal bat LGTBIQ+ friendly den adierazteko aukera ematen dute, eta, aldi berean, bertatik igaro diren bezeroen iruzkinak ere irakur daitezke

Era berean, jai inklusibo gehiago antolatzen dira, gainerako identitateei ikusgarritasuna ematen saiatuz. Hiriek aisialdirako gidetan lokal horien zerrenda izan ohi dute, horrelako lekuak lokalizatu ahal izateko. 2017tik Google Maps bezalako tresnek lokal bat LGTBIQ+ friendly den adierazteko aukera ematen dute, eta, aldi berean, bertatik igaro diren bezeroen iruzkinak ere irakur daitezke.

Aisialdirako tokiez gain, Madrilgo erkidegoan, adibidez, Parlako udalak lehen LGTBIQ+ espazio segurua bultzatu zuen; Pedro Zerolo Gazte Etxean dago kokatuta, eta, batez ere, gazteei zuzenduta dago, elkartu eta LGTBI+ sareak sortzeko aukera izan dezaten.

Nolanahi ere, horrelako ekimenak udal gehiagok abian jartzea interesgarria litzateke, gizarte berdinzaleago baten alde lan egiteko xedez. Mehatxatuta edo bortxatuta senti daitekeen edonorentzat laguntza-materialak dituzten hainbat merkataritza establezimenduren ekimena ere jaso ahal da. Horrelako espazioen helburua da herritarrak ohartzea topagune zehatzak daudela, eta horietan segurtasuna eta askatasuna bermatzen direla. Hala ere, aipatzekoa da Statista inkesta etxeak eginiko inkesta baten arabera, LGTBIQ+ turismoarekiko lagunkoi diren lurraldeez galdetuta, soilik %10ak aipatzen duela EAE eta %3,6ak Nafarroa.

Negozioa bihurtu

Askoren ustetan, denborarekin LGTBIQ+ kolektiboaren alde sortutako egitasmoetan nahiz espazioetan (hala nola tabernak edota hotelak) negozioaren ideiak indar handia hartu du. Esaterako, lehen halako tabernak edo espazioak normalean aldarrikapenaren ikuspegitik sortzen ziren, baina gaur egun, sortzen duten onura ekonomikoa ikusita, "plan merkantilista" baten parte bihurtu dira askoren ustez. Iaz Madrilen Harrotasunaren hilabetea egin zenean 300 milioi euro inguru bildu zituzten, eta SNEG Frantziako Enpresa Homosexualen Elkarteko datuen arabera, Parisen ehun bat jatetxe, 90 taberna baino gehiago, eta 17 diskoteka daude. 2022an Bilbao Bizkaia Harro jaialdiak 1,5 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen Bizkaian.

Gauzak horrela, EHGAMen arabera, LGTBIQ+ mugimenduak Bilbon eta Bizkaian dituen behar, arazo eta aldarrikapen errealekiko erabateko interesik eza ezkutatzen du: “Halako alderdien helburua da LGTBIQ+ mugimenduaren aldarrikapenerako grina murriztea eta Harrotasunaren Egunaren espiritu kritikoa desagerraraztea, diru publikoz finantzatutako ekitaldi handien bidez”, salatu du mugimenduak.

ehgam 2024 axel hotel bilbao 3
EHGAMek LGTBI+ komunitatearen inguruko merkantilizazioa salatu du | Argazkia: EHGAM

Turismoa erakartzeko aitzakia

Datuen arabera, mundu mailan LGTBIQ+ turismoak 200.000 milioi dolar —187.000 milioi euro inguru— mugitzen dituela kalkulatzen da. Espainiar estatuak 6,2 milioi LGTBIQ+ turista baino gehiago jasotzen ditu urtean, eta 6.088 milioi euroko ekarpena egiten diote urtero herrialdeko ekonomiari. Gainera, Espainiako Turismo Institutuak Turespañak egindako merkatu-azterketaren arabera, kolektiboaren parte ez diren pertsonek baino %30 gehiago gastatzen dute, hau da, 130 euro gehiago eguneko gutxi gorabehera. Frantziaren kasuan, ekarpena 5.900 milioi eurotan kokatu ohi da.

Ikuspegi horrek, komunitatearekin lagunkoi izango diren geroz eta negozio gehiago zabaltzera eraman du, espazio horiek dakarten aldarrikapena alde batera utzita, kolektibotik bertatik salatutakoaren arabera. Gainera, oso zabaldua dago LGTBIQ+ pertsonek —batez ere gizon homosexualek— "diru asko uzten dutela". Eta irudi hori ez da batere lagungarria.

Horregatik, EHGAMek LGTBIQ+ mugimenduaren aldarrikapena eta harrotasunaren egunaren espiritu kritikoa berreskuratzea eskatzen du, jaialdi horien helburua negozioa egitea ez izatea, eta mugimenduak dituen behar eta arazoak ikustarazteko asmoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK