
Bizkaia osoko kontratuen %6 Txorierrikoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan sinatzen diren ia %3. Bilboren abaroan, sei udalerrik (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio) osatutako eskualdean, Euskal Herriko hainbat azpiegitura garrantzitsuenetakoak aurki ditzakegu, hala nola Loiuko aireportua edota Zamudioko parke teknologikoa. Meatzaldearen gisan, ekonomia jarduera hauspotzeko geografikoki ezin hobe kokatu dagoen eskualdea da, industria poligonoz josia, non industriak bere zama izanda ere, teknologia eta berrikuntza esparruko enpresak gailentzen ari diren azken urteotan.
“Pandemiaren krisitik atera gara eta esango nuke orain pandemia aurretik baino hobe dagoela geure ekonomia” dio Alex Loustaunau EGAZ Txorierri garapen agentziako gerenteak. Urte hasieran baino 600 afiliatu gehiago dituzte egun eskualdean; "40.374 afiliatu ditugu denera, esango nuke kopuru historikoa dela, eta enplegua dagoenaren seinale da”.
Txorierriko industria poligonoen okupazio mailak ere erakusten du eskualdearen osasun ona, Loustaunauk nabarmendu baitu ia ez dagoela enpresa berriak horietan ezartzeko espazio soberarik. Era berean, garapen agentziak kudeatzen duen lan atarian ere inoizko mugimendu handiena sumatu dute aurten, 600 enpresa inguruk emanda baitute izena bertan.
Alex Loustaunau: “Pandemiaren krisitik atera gara eta esango nuke orain pandemia aurretik baino hobe dagoela Txorierriko ekonomia”
%7,1eko langabezia-tasa du eskualdeak. “Erosahalmen handiko eskualdea da Txorierri, errenta per capita altukoa, baita hezkuntza maila altukoa ere. Horrek egiten du hemen langabezia tasa baxua izatea. Historikoki beti izan dugu Bizkaia eta EAE baino bi puntu gutxiagokoa”.
Industriaren pisua jaisten
Euskal Herri osoaren gisan industriak pisu handia izan du Txorierrin, automozioa eta aeronautika batik bat. Gerora, IKT arloko enpresa ugari ere sortu dira eta azken urteotan bioteknologia sektorea ari da bereziki hazten, EGAZ Txorierriko gerentearen arabera.
Logistika eta garraio sektoreak ere garrantzia hartu du, arestian aipatutako eskualdearen kokapen estrategikoa dela eta. Txorierriko korridoreak, Loiuko aireportuak eta Bilboko portutik gertu egoteak ahalbidetzen du eskualdearen komunikazioa ona. “Logistika sektoreko enpresen kontzentrazio handia dago, eta pabiloi handiak okupatzeko eskaera handitu da”, azaldu du.
Hori bai, ondo komunikatzearen abantailak ere badu beste alde bat: prezioen garestitzea. “Hemen enpresa bat sortzeak, beste leku batzuetan ezartzea baino kostu handiago dakar”.

Digitalizazioa, jasangarritasuna eta talentua
Garapen agentziak, enpresen lehiakortasuna areagotzeko asmoz, plan estrategiko berria aurkeztu du pasa den astean. Prozesu horretan, eskualdeko enpresek parte hartu dute. “Plan honek egungo egoeraren diagnostikoa egiteko aukera eman digu. Alde batetik, dagoeneko eskualdean duguna kontserbatzeko beharra ikusi dugu, industria zorua mantentzea eta hobetzea. Bestetik, industria asko izanik, industria horren espezializazioa sustatu behar dugula ohartu gara. Etengabe berritzen ari den industria bat behar dugu”.
Baina, horiek ez dira plan estrategikoaren baitan zehaztutako erronka bakarrak. Beste ildo nagusietako bat jasangarritasuna da, enpresen deskarbonizazioa eta hondakinen kudeaketa, besteak beste, eta baita talentuaren kudeaketa ere. “Hainbat sektoretatik adierazi digute langile kualifikatu falta dutela, eta enpresei arlo horretan lagundu beharra dugula uste dugu”.
"Industriaren espezializazioa sustatu behar dugula ohartu gara. Etengabe berritzen ari den industria bat behar dugu”
Eskualde, probintzia nahiz erkidego mailako erakundeen lankidetzarekin ondu dute 2025-2030 bitarteko plan estrategikoa, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta horien emaitza da enpresen digitalizazioa indartzeko Suspertze Digitala programa eta jasangarritasuna sustatzeko Enpresa Berdea izenekoa, besteak beste. Hein horretan, Loustaunauk aitortu du beste erakunde eragileekin kolaborazio lanak hobetzen badutela erronka. “Maila askotariko gobernantzan hobetu behar dugu, Txorierriko enpresa ehunari konponbide onenak eskaini ahal izateko”.

Inbertitzen jarraitu beharra dago
Eskualdeko industriaren euskarri, Txorierriko eragile ekonomikoak industria poligonoak osasuntsu egoteaz arduratzen dira. “Oso ondo kokatuta gaude, baina bertan duguna, hau da, zelai jokoa, ondo egotea bermatu behar dugu”, nabarmendu du Loustaunauk.
Industriak pisua galdu badu ere, uste du oraindik erreferentziazko eskualdea direla esparru horretan. “Berrikuntzan ere bagara erreferente, parke teknologiko garrantzitsuena hemen dugu. Bioteknologia esparruko enpresa ugari ailegatzen ari dira gurera, Syngoi, Cocoon Bioscience eta Faes Farma, esaterako”.
Langabezia-tasa baxua eta jarduera ekonomikoak eragindako diru-sarrera handiak baditu ere, Txorierrin “inbertitzen” jarraitu nahi dute, Loustaunaren hitzetan, funtsean, eskualdeko ekonomia gainbehera etorri ez dadin.