Mª Carmen Gorostiza: “Industriarako beharrezko guztia azoka batean bilduta egongo da hiru egunez”

+Industry industria sektoreko azoka izango da hiru egunez Barakaldoko BECen. Aurtengo edizioa berezia izango da, azoka ezberdinak topaketa bakar batean bildu baitituzte negozio aukerak biderkatzeko

Mª Carmen Gorostiza BECeko Industria, Energia eta IKT arloko zuzendaria | Argazkia: BEC Mª Carmen Gorostiza BECeko Industria, Energia eta IKT arloko zuzendaria | Argazkia: BEC

Produktuekin, prozesuekin eta soluzioekin lotutako punta-puntako berrikuntzak eta garapenak elkartuko dira hiru egunez, ekainaren 6tik 8ra bitartean, Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo den +Industry azokan. Industrian bikaintasuna eta lehiakortasuna bultzatu asmoa duen topaketa da, fabrikazio adimenduna oinarri duen herrialdeko plataforma handiena. Hogei herrialdetako 800 enpresa erakusketari eta industriari lotutako mila produktu baino gehiago bilduko ditu azokak, sektoreko negozioa bultzatzeko. Mari Carmen Gorostiza BECeko Industria, Energia eta IKT arloko zuzendariak azaldu ditu aurtengo edizioaren xehetasun guztiak.  

Zer du berezi +Industry azokak, industria sektoreko gainerako topaketen aldean?

Herrialdeko fabrikazio aurreratuko topaketarik handiena eskaintzen ari gara. Proposamen ezberdina da, Bilbao Exhibition Centreko pabilioietan 800 erakusketariz osatutako ibilbide praktiko bat antolatu baitugu. Ondorioz, bisitariek automobilgintzan, energian, trenbidearen arloan, siderurgian eta industriari lotutako gainerako arloetan beharrezko duten guztia aurkituko dute, izan hornidura industrialak, zein digitalizazioa eta mantentze lanen hobekuntzarako materiala. Azken batean, industriarako beharrezko guztia azoka batean bilduta egongo da hiru egunez.

Ezagutza eta negozioak transferitzeko gunea izango da.

+Industryk negozioetarako eta ezagutza transferitzeko gune gisa indartu du bere profila, gehienbat, edukien programa zabalari esker. Innovation Workshops-ak, networkingerako eta bisitarien eta erakusketarien arteko elkarrekintzarako guneak, eta +Industry Talks izeneko konferentziak izango dira bertan. Fabrikazio adimenduna oinarri duen herrialdeko plataforma handiena osatu dugu.

Mª Carmen Gorostizak +Industryn parte sartzeko gonbidapena luzatu du | Argazkia: BEC
Mª Carmen Gorostizak +Industryn parte hartzeko gonbidapena luzatu du | Argazkia: BEC

Hogei herrialdetako 800 enpresa erakusketari era mila produktutik gora bilduko ditu azokak. Zenbat bisitari espero dituzue?

Zaila da oraindik hori esatea, azoka amaitutakoan egin beharko dugu azterketa zehatzago bat. Hala ere, dakiguna da +Industry nazioartean erreferentziazko ekitaldia izango dela eta espezializazio handiko bisitariak erakarriko dituela munduko txoko guztietatik. Kanpainak iraun duen bitartean, merkatu oso garrantzitsuetatik iritsitako ia 80 herrialdetako profesionalek adierazi dute hitzordura etortzeko interesa: Alemania, Txina, Arabiar Emirerri Batuak, Estatu Batuak, Frantzia, India, Italia, Mexiko, Portugal eta Erresuma Batua lirateke horietako batzuk. Gainera, era askotako sektoreak dituzte jatorrian, izan aeronautika, ekipo ondasunak, trengintza, ingeniaritzak, ontzigintza, zein makina-erreminta. Hala ere, hiru egun barru ikusi beharko dugu azkenean zenbat bisitari hurbildu diren BECera.

Zeintzuk dira aurtengo edizioaren helburuak eta berezitasunak?

Helburua erakusketariek negozioa egitea da, are gehiago, halako azoka industrial garrantzitsuan. Helburu hori gogoan, guk plataforma bat eskaintzen diegu enpresa erakusketariei bezero berriak erakarriz, beren enpresak hainbat sektoretan susta ditzaten. Halaber, bisitariari hornitzaile berriak probatzeko, berrikuntzak aurkitzeko, eta lehiakortasuna hobetzeko aukera eskaintzen diegu. Azken batean, erakusketariek eta bisitariek, biek ala biek ere negozioa egitea nahi dugu.

“Erakusketariek eta bisitariek, biek ala biek ere negozioa egitea nahi dugu”

Helburu nagusi horretaz gain, ordea, beste xede batzuk ere baditu +Industry azokak, erakusketa gunearen inguruan antolatzen ditugun jarduerekin zerikusia dutenak. +Industry Talk izeneko hitzaldiak, esaterako, oso baliagarriak izango dira une honetan industrian, energiaren kudeaketan, mantentze industrialean, zibersegurtasunean, edota teknologia gehigarriarekin fabrikatzeko modu berrietan berebiziko garrantzia duten gaien inguruan hitz egiteko. Erakusketariek eta bisitariek industriaren inguruko gai eta kezka nagusien inguruan hausnartzeko aukera izango dute, eta horietan espezializatutako profesionalen ezagutza ere eskainiko diegu hitzaldi ezberdinen bidez. Horretaz gain, kasu arrakastatsuak ezagutzeko aukera ere izango dute, eta esparru horietan hobetzen laguntzeko baliagarriak izango zaizkie.

+Industryk industriarekin zerikusia duten azoka ezberdinak lotzen ditu. Nola da hori?

+Industryk Addit3D, Bedigital, Maintenance, Pump&Valves, Azpikontratazio Azoka, eta Workinn biltzen ditu. Bakoitzak bere ibilbide ezberdina du. Azpikontratazio Azoka da, adibidez, guztietan zaharrena, 1981ean egin baitzen lehen aldiz, eta aurtengoa XXI. edizioa izango da. Gazteena, berriz, Bedigital izango litzateke, V. edizioa izango baitu aurtengoa, eta eraldaketa digitala izango du industriaren lehiakortasunaren ardatz. Gero, Addit3Dn fabrikazio aditiboan eta 3D inprimaketan eragile nagusiak direnak elkartuko dira. Mantentze eta aktiboen kudeaketa arolko azken berrikuntzak izango dira Maintenancen. Pumps&Valves, esperientzia eta ezagutza oinarritzat hartuta, ponpa eta balbulen industria bultzatzen duen hitzordua izango da. Eta, azkenik, Workinn Talent Hub, erreferentziazko enplegu industrialaren foroa da.

“+Industryk Addit3D, Bedigital, Maintenance, Pump&Valves, Azpikontratazio Azoka, eta Workinn biltzen ditu. Bakoitzak bere ibilbide ezberdina du”

Azoken edukiarekin ere zerikusi handia du, adibidez, azpikontratazio industrialaren mundua, titular handirik ez duten baina fabrikazio industrialaren oinarria diren enpresa txiki eta ertain azpikontratistez osatuta dago. Hemen ez ezik, mundu osoan ere sektore historikoa da, eta ezinbestekoa da industria sortu zenetik.

Digitalizazioa berriagoa da. Gure azoketako edukiak unean uneko egoerara egokitzen ditugu, erakusketarien eta bisitarien beharretara. Orduan, edizio bakoitzak beti du zerbait desberdina.

Zer dela eta bildu dituzue azoka ezberdinak topaketa bakar batean?

BECek, eta aurretik Bilboko Nazioarteko Azokak, industriari lotutako azoka bat baino gehiago bildu izan dituzte urte askoan. Azoka txikiago eta ugariago egin ordez, bi topaketetan biltzea erabaki dugu, indarra emateko eta negozio aukerak biderkatzeko. Aipatu ditugun azoka guztiak +Industryn bildu ditugu, eta Makina-Erremintaren Biurtekoa izango litzateke industriari lotutako beste topaketa nagusia. Lehena urte bakoitietan egingo da, eta Biurtekoa urte bikoitietan. Hala, urtero eskainiko dugu kalitatezko industria eskaintza.

“Azoka txikiago eta ugariago egin ordez, bi topaketetan biltzea erabaki dugu, indarra emateko eta negozio aukerak biderkatzeko”

Halako industria azokek ere berebiziko garrantzia izango dute BECentzat.

Dudarik gabe. BECen aitzindariak eta adituak gara industria azokak antolatzen. Halakoak antolatzea gure inguruko enpresa txiki eta ertainekiko dugun konpromisoa berritzea da, horiek baitira herrialdeko industriaren eta ekonomia industrialaren oinarria. Horretaz gain, gure industriari BEC bezalako plataforma bat eskaintzeak hobetzen, aurrera egiten, bezero berriak lortzen eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko diete enpresei, eta bide horretan lagundu asmoa duen tresna izatea onuragarria da denontzat.

Makina-erremintaren Biurtekoa ere aipatu duzu. Hasi al zarete datorren edizioko prestakuntza lanekin?

Dagoeneko lanean ari gara, eta laster, uztailaren amaierarako prozesu osoari hasiera emango diogu. Erakusketariekin harremanetan jarriko gara, antolakuntzarekin hasiko gara, eta sektorearen merkatuari begira ere izango gara.  

Aipatzekoa da Biurtekoko erakusketariak ere +Industry azokako bisitarien parte direla. Azokaren zati bat hartuko dute, makina-erremintaren fabrikatzaileak izanik, beharrezkoa delako horiek ere bertan egotea. +Industryko beste bisitari batzuk, aldiz, automobilgintzako, aeronautikako, siderurgiako eta abarretako fabrikatzaileekin dute zerikusia. Hori dela eta, industria plataforma garrantzitsu bat osatu dugu, sustapenekoa eta harremanetarako balio duena, erakusketari, bisitari zein industriari eskaintzeko edukien artean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK