Makina-erremintaren Biurteko berritzaileena martxan da

Sektoreko 3.500 produktu baino gehiago izango dira aurten. Industria EAEko motorra eta makina-erreminta bere DNA dela adierazi du Urkulluk inaugurazio ekitaldian

Aurtengo BIEMHren inaugurazioa gaur BECen | Argazkia: AFM Cluster Aurtengo BIEMHren inaugurazioa gaur BECen | Argazkia: AFM Cluster

29 herrialdetako 1.500 erakusketari bilduko ditu BECen gaurtik ostiralera arte Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak (BIEMH). Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du biurtekoa gaur goizean, eta berarekin batera izan dira besteak beste, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta BECeko presidentea, Rebeca Torró Espainiako estatuko industria-idazkaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidentea, José Ignacio Ortiz de Urbina AIMHEko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea eta Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendaria.

Sei pabiloietan banatutako stand-etan sektoreko azken berrikuntzak ikusi ahal izango dira, 3.500 produktu baino gehiago, hain zuzen. Egun Europako hirugarren azokarik garrantzitsuena da biurtekoa. AFM klusterreko Perez Berdud presidentearen hitzetan, “industria sortu zuen sektorea gara, eta haren gaitasunak eta bilakaera gaitzen dituena egunez egun. Besterik ez, ezta gutxiago ere. Atzoko munduak, gaurkoak, eta inoiz baino gehiago biharko mundu iraunkorrak behar gaitu”. Perez Berduden arabera, biurtekoak estatu osoan “ez du parekorik.

Inaugurazio-ekitaldiaren ondoren, lehendakariak sektoreko hainbat enpresa bisitatu ditu. Bestalde, 10:30ean, BIEMH TV aretoan, “Women in Industry” industria-sektoreko genero-berdintasunari buruzko jardunaldien irekiera ekitaldia egin da.

Sektorea, inoiz baino indartsuago

2023an, makina-erreminten eta fabrikazio-teknologia aurreratuen sektorearen fakturazioa %22,6 handitu zen, 2022ko zifren aldean, eta errekor historikoa lortu zuen. Esportazioei dagokienez ere, maximoetan dira, %21,8 hazi baitira, 1.611,9 milioi eurora iritsi arte.

Urkulluk industria EAEko ekonomiaren motorra dela nabarmendu du eta makina-erreminta bere DNA dela. Halaber, biurtekoa urteroko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela gogoratu du. Azken hamarkada honetan industria eta zerbitzu aurreratuak ekonomiaren %40an egonkortu direla ere azpimarratu du, bai Europan, baita EAEn ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK