Makina-erremintaren sektorea %22,6 hazi zen iaz

Eskaeren kopuruak nolabaiteko beherakada izan du AFM klusterrak azaldu duenez, baina urtearen amaieran gora egitea espero da

Xabier Ortueta eta Jose Perez Berdud AFMren balantzearen aurkezpenean | Argazkia: AFM Xabier Ortueta eta Jose Perez Berdud AFMren balantzearen aurkezpenean | Argazkia: AFM

Makina-erremintaren sektoreak %22,6ko hazkundea izan du 2023an, AFM Cluster elkartearen arabera. 2021ean eta 2022an eskaera ugari lortu zirenez, sektorearen fakturazioak handitzen jarraitu du, eta 2.157,3 milioi eurokoa izatera iritsi da, "marka historikoa" erdietsiz. Jose Perez Berdud klusterreko presidenteak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak jakinarazi dituzte datuok Donostian egin duten prentsaurrekoan.

Deformazioaren sektoreak izan du portaera dinamikoena, %54,4ko hazkundea izan duelarik, hein handi batean, automobilgintzaren sektoreko inbertsioak suspertzeari eta AEBtik eta Mexikotik datorren eskari handiari esker. Harroketa-azpisektoreak ere bilakaera positiboa izan da eta %13,7 hazi da. 

Esportazioei dagokienez, joan den ekitaldian %21,8ko hazkundea izan zuten. Hala, bi urtez jarraian gora egin dute eta 1.611,9 milioi eurora iritsi dira. AFMri atxikitako 700 enpresa baino gehiagoren esportazioen helmuga nagusiak AEB, Italia, Alemania, Txina eta Mexiko izan ziren. AEB lehen aldiz helmuga nagusia izan dela adierazi klusterrak, eta alderantziz, ohiko lehen merkatutik, Alemaniatik, datorren eskaria pixka bat apaldu egin dela azaldu dute.

Deformazioaren sektoreak izan du portaera dinamikoena, %54,4ko hazkundea izan duelarik

Eskaeren kopuruak nolabaiteko beherakada izan du, baina urtearen amaieran gora egitea espero da. Hala, 2023an erregistratutako eskari kopurua %12 hazi da, eta deformazio arloan hazkundea nabarmenagoa izan da (+% 22,06). 

Ortuetak 2024rako aurreikuspenen berri eman du: “2023rako espero genuen eta makina-erreminten ekoizle diren Europako beste herrialde batzuek jasan dituzten eskaeren jaitsiera ia urtebete atzeratzea lortu dugu. Ziurgabetasun handiko une honetan, merkatu-egoera oso nahasian gaude. Bezeroak erakartzeko hiru urte on egin ondoren, ekitaldi honetako fakturazioak sendoa izaten jarraituko du. Zaila izango da 2023koa berdintzea, baina gertu egongo gara. Hala ere, lehen hilabete hauetan ikusten dugu egoera korapilatu egin dela, eta horrek erakarpenaren beherakada nabarmena eragin duela".

Joind, sektoreko talentu plataforma berria

Fabrikazio aurreratuaren sektoreak azpisektore guztietan pertsona kualifikatuak aurkitzeko zailtasunaren aurrean, AFM Clusterrek JOIND sortu du, enpresen lan-eskaintza karrera profesionala industrian egin nahi duten hautagaiekin eta fabrikazio aurreratuan espezializatutako prestakuntza-zentroekin lotzen duen plataforma. Elkartearen esanetan, "hiru bandatako apustua da, eta enpresek beren jarduera garatzeko behar duten talentua aurkitzen lagundu nahi du, eskaintzeko gai dena erakutsiz: karrera profesional interesgarriak, abangoardiako teknologia, nazioarteko proiekzioa eta ordainsari oso lehiakorra".

Horrez gain, datorren hilabetean, ekainaren 3tik 7ra, 32. BIEMH azoka egingo da, fabrikazio aurreratua osatzen duten azpisektore guztiak biltzen dituen Espainiako Estatuko eta nazioarteko azoka, Bilbon. 29 herrialdetako 1.400 erakusketa-etxe baino gehiago eta 3.000 produktu eta zerbitzu inguru bilduko ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK