Mari Jose Aranguren: "Desberdintasunak integratzeko gai den enpresa kultura eskatzen du aniztasunak"

Mari Jose Aranguren | Argazkia: Orkestra Mari Jose Aranguren | Argazkia: Orkestra

Mari Jose Aranguren (Azpeitia, 1969) Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendariak uste du aniztasuna gakoa dela enpresen lehiakortasuna areagotzeko. 2025a urte ona izango dela espero du, baina nazioarteko ezegorkotasun ekonomikoa kezkaz ikusten du.

Zein da lehiakortasun eta inklusioarekin harremana duen 2024ko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Euskal Autonomia Erkidegoko bilakaera demografikoaren ondorioz daukagun talentu falta dela eta, gure lehiakortasun eta ongizaterako ezinbestekoa zaigula denon gaitasunak balioan jartzea eta behar diren gaitasun berriak garatzeko prestakuntzak bideratzea. Emakume zein gizon, bertako edo kanpoko eta adineko zein gazte.

2025era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?

EAEko enpresen gehiengoak dio pertsonen aniztasunak lehiakortasuna hobetzen diela.

Nola ikusten duzu 2025a ekonomiari dagokionez?

Batetik, urte ona espero dut, indargune asko ditugulako EAEn, baina, bestetik, Europak, eta batez ere Alemaniak, Txina eta Amerikako Estatu Batuekiko lehian duen joerak eta horrek guregan izango duen eraginak kezkatzen nau.

Talentu falta dela eta, gure lehiakortasun eta ongizaterako ezinbestekoa zaigu denon gaitasunak balioan jartzea

Aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egitea ezinbestekotzat jo duzue lehiakortasunari buruzko azken txostenean. Zein puntura arte egiten da egun kudeaketa hori egoki lehiakortasun ikuspegitik?

Enpresa eta lan eremu desberdinetan aniztasuna handitzen ari da. Enpresa guztietan daude jatorri, genero edo adin askotariko pertsonak, eta aniztasuna ezinbestean ari gara kudeatzen, baina askotan aniztasunaren kudeaketa egiteko behar ditugun gaitasunak behar bezala garatu gabe. Esate baterako, aniztasun gehiagok desberdintasunak errekonozitu eta baloratu, eta haiek integratzeko gai den lidergoak eta enpresa kulturak eskatzen ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK