Maria Luisa Arriolari eman dio Urrezko Domina Gipuzkoako Foru Aldundiak

BIC Gipuzkoa Berrilaneko zuzendariak egindako lana goraipatu du aldundiak, eta “funtsezko figura” dela adierazi dute

Marisa Arriola BIC Gipuzkoako arduraduna, bere bulegoan | Argazkia: Maite Reizabal Marisa Arriola BIC Gipuzkoako arduraduna, bere bulegoan | Argazkia: Maite Reizabal

Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina emango dio Maria Luisa Marisa Arriolari. Domina hori da, hain zuzen, Foru Aldundiak eskaintzen duen “aitortza gorena”. Arriola BIC Gipuzkoa Berrilaneko zuzendari gerentea da, 1998. urteaz geroztik. Gaur, urriaren 29an, iragarri du saria foru bozeramailea den Irune Berasaluzek, Diputatuen Kontseilua eta gero.

Marisa Arriola Geografian eta Historian lizentziaduna da eta Erdi Aroko Historian espezializatu zen. Ibilbide profesional zabala izan du, hainbat alorretan egin baitu lana: industria sektoreko prozesuen aholkularitzan, irakasle lanetan unibertsitateetan baita zuzendaritza lanetan ere. Izan ere, BIC Gipuzkoan zuzendari izateaz gain 2022. urteaz geroztik Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko presidentea ere bada. Gainera, hainbat ponentziatan parte ere hartu izan du Arriolak.

Berasaluzek adierazi du Arriolaren lana “funtsezkoa” izan dela, sortzen laguntzen dituelako balio erantsi handiko eta osagai teknologiko handiko proiektuak, bai aberastasuna, baita kalitatezko enplegua ere. “Ezinbesteko figuratzat” hartu du Berasaluzek BIC Gipuzkoako zuzendaria, eta azpimarratu du “gertutasunetik, zintzotasunetik, enpatiatik, eta sekulako konpromiso maila erakutsiaz” lan egin izan duela. Gaineratu du Marisa emakume eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegitik aritu dela ekonomia- eta enpresa-munduan, “non oraindik ere badugun gainditu gabeko arrakala bat”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK