Martxan da lehen sektorean belaunaldi erreleboa bermatzeko GazteNek programa

14 gaztek parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta bost urtez egingo dute lan beren enpresa proiektua garatzen

Pagoetako Iturraran parketxean egin dute gaur aurkezpena | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Pagoetako Iturraran parketxean egin dute gaur aurkezpena | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

GazteNek progamaren aurtengo edizioa abian da. Lehen sektoreko jarduera bultzatu eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzea du helburu EAEko hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako programak, eta aurten 14 gaztek parte hartuko dute. Egitasmoaren bidez, bost urtez egingo dute lan, tutorearekin batera, lehen sektorean sartzeko, beren enpresa proiektua garatuz.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak parte hartu du, gaur goizean, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, programan parte hartzen duten gazteekin eta sektoreari lotutako eragileekin batera Pagoetako Iturraran parketxean egin den aurkezpen jardunaldian. “Dagoeneko abian den ustiategi bat hartzen duen edo lehen sektoreko proiektu berria abiarazten duen gazte bakoitza, hazi berri bat da landa ingurunearen etorkizunaren alde, elikadura jasangarriaren alde, ingurumenaren zaintza orekatu baten alde”, adierazi du Mendozak.

Gipuzkoako Aldundiak 611.831 euro bideratuko ditu aurten programara. 2005ean egin zuten lehen edizioa, eta ordutik 343 baserritar trebatu ditu programak. 197 gazte beren familia-ustiategiaren kudeaketa beren gain hartu dute, eta 123 gazte nekazaritza eta abeltzaintzako proiektu profesionala martxan jartzera animatu dira. Arrutik argitu duenez, proiektu hauen %90k martxan jarraitzen dute egun. “Jardun honen alde apustu egitea eskuzabaltasun handiko ekintza da herritarrentzat, gure lurraldean ekoitzitako kalitatezko elikagaiak gure komunitateari emateko lan egitea baino gauza eskuzabalagorik ez dagoelako”, azaldu du.

Aurtengo edizioko parte-hartzaileak 28 eta 40 urte artekoak dira. 14tik soilik bi dira emakumezkoak, eta Gipuzkoako hainbat udalerritatik datoz, hala nola, Aia, Aizarnazabal, Andoain, Aretxabaleta, Berrobi, Errezil edo Getariatik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK