Maskoten industria gora doa

Hotelak, luxuzko eskolak, hilerriak, jokabide-zuzenketak Bach loreekin… maskotak gizatiartzeko negozioen hazkundea gora doa etengabe

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Etxeko animalien negozioa hazten ari da nabarmen herrialde garatuenetan. 2017an, maskotak zaintzeko sektoreak 36.500 milioi euro fakturatu zituen EBn. Allianz Global Investorren datuen arabera, 188.259 milioi euro mugitzen zituen negozioak mundu mailan 2019an. Aurreikuspenen arabera, % 6 inguru haziko da tasa 2024ra arte, eta, gainera, pandemia ondo jasan duen sektorea dela nabarmendu behar da.

Europako Batasunean, gutxienez maskota bat duten 80 milioi etxe daude, gehienak txakurrak eta katuak. Euskadi mailan, gaiaren inguruan eskura den informazioa EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorrean (AIEO) jasotzen da. Bertan ikus daiteke erroldatuta dauden txakurren kopurua urtez urte gora ari dela etengabe: 2016an zerrenda ofizialean ia 320.000 txakur bazeuden, gaur egun 596.016 dira erroldatutakoak, dagozkien txiparekin eta abarrekin.

2016an, EAEko zerrenda ofizialean ia 320.000 txakur bazeuden, gaur egun 596.016 dira erroldatutakoak, dagozkien txiparekin eta abarrekin

Txakurrentzako hondartzak, yoga, akupuntura, ortodontzia, arrazaren arabera sailkatutako elikagaiak eta kalitate oneneko hilkutxak dira negozio alor honen ertzetako batzuk. Maskoten mantenua ez da batere merkea, kasu askotan luxua izan daiteke, eta horrela eragiten du familiaren gastuan. Maskotentzako Elikadura Industriaren Europako Federazioaren arabera (Fediaf), Europan, txakur eta katuen hileko batez besteko gastua 217 eurokoa da. Elikagaien segmentuak fakturatzen du gehien, guztizkoaren % 66. 2017an 20.500 milioi euro mugitu zituen, 2016. urtean baino % 5,1 gehiago, Fediaf-en zifren arabera. Osagarrien eta zerbitzuen salmentak 7.000 milioi eta 9.000 milioi eurokoak izan ziren, hurrenez hurren.

Animaliak elikatuz

Negozioaren gunea Azpeitian kokatuta duen Elmubas etxea duela 45 urte sortu zen animalientzat janaria ekoizteko, orduan Bastida Pentsuk izenpean. Handik 5 urtera txakur eta katuentzako janaria egiten hasi ziren. Gaur egun, 28.000 m2ko instalazioetatik bost kontinentetan milioika maskota elikatzen dituzte, eta bertatik eskaintzen dute azpiegitura, ekipamendu eta teknologiako egungo estandar onenetan oinarritutako zerbitzua. Elmubas mundu osoko maskotentzako elikagaien erreferentziazko enpresa bihurtu da.

Jacinto Zulaika: “produktu espezifikoagoak egiten ari gera orain, arraza txikietako txakurrentzat batez ere”

“Gure negozio bolumena izugarri hazi da azken urte hauetan: 200 milla tona ekoizten ditugu urtean, eta 130 milioiko fakturazioa dugu”, esan du Jacinto Zulaikak, Elmubas etxeko arduradunetako batek. “Hiru lurralde historikoetan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gure banatzaile propioak ditugu, eta banatzaile handiekin ere lan egiten dugu (Eroski, LIDL, Auchan..)”, gehitu du. Etxeko animalien kopuruaren igoera isla nabarmena izaten ari da salmenta zifretan, Zulaikak dioenez. Eta ez bakarrik salmentetan: “janari generikoa alde batera utzi eta merkatuak hala eskatuta, produktu espezifikoagoak egiten ari gara orain, arraza txikietako txakurrentzat batez ere”.

Azken adioa

Animalien heriotzari lotutako jarduera ekonomikoa hazten ari den negozioaren beste ertz bat bihurtu da. txakur edo katu bat hiltzen denean, kolpe gogorra izaten da, familiako kide guztiei eragiten diena, eta gero eta ohikoagoa da denbora eta baliabideak eskaintzea haren irudia bizirik mantentzeko. Merkatuak hainbat aukera eskaintzen ditu: hilerri espezializatu batean hilobi bat ematea, edo errausketa -kolektiboa edo indibiduala- erabiltzea.

Josu Galdames bizkaitarrak animaliak maite ditu, eta beti bizi izan da animaliez inguratuta. Etxeko animalien gorakada handia ikusirik, iazko irailean Enkarterrietako Galdames udalerriko Humaran auzoan zuen 10.000 m2ko lursailean maskotentzako hilerria sortzea erabaki zuen. Behar ziren lanak eta egokitzapenak egin ondoren, Gure Ametsako Lorategia izeneko kanposantua sortu zuen.

Josu Galdames: “animaliak maite ditugunontzat beharrezkoak diren gauzak dira, familiako kide dira guretzat”

Egun, Erkidegoan den hilerri bakarra dela kontatu du, eta oraingoz bi langile ari dira bertan lanean. “Eskaintzen ditugun zerbitzuen artean hilarria bildu, lurperatu eta horma-hilobia mantentzea daude. Gure hobiak mugagabeak dira, eta urteko gutxieneko mantentze-kuota ordaindu behar da”, azaldu du. Mota guztietako maskotak hartzen dituzte, betiere 65 kg gainditzen ez badituzte. Momentuz ez dute errausketarik egiten: “gorpua bildu eta lurperatzea da eskaintzen duguna, bai bertan, bai errautsekin. Errespetua eta laguntza psikologikoa eskaintzen dugu, kasu guztiak lotuta baitaude maite dugun animaliaren galeraren minarekin”. Halako zerbitzuak luxua eta gehiegikeria dela pentsatzen dutenen aurrean, oso bestelako ikuspuntua azaldu du: “inolaz ere, animaliak maite ditugunontzat beharrezkoak diren gauzak dira, familiako kide dira guretzat. Gainera, eskaera eta eskaintzaren arteko oreka da”.

Espezializaturiko zentroa

Canino Quincocan txakurrentzat zentroa 2014ean sortu zuten Katy eta Lorenak. Katyk zentro bat zuzentzen zuen Bizkaian, eta Lorenak, berriz, trebakuntza pertsonalizatuak egiten zituen. Egun batean, Katyren bezero baten txakurrak portaera-arazo bat sortu zuen. Katyk zuzentzen zuen zentroan elkartu ziren, eta bien arteko elkarlana hasi zen, gaur egun Quincocan Zentroa dena sortu arte.

Hamabost langile eta bi egoitza ditu, Mungian eta Getxon, eta bere instalazioetan hotela, eguneko zentroa, trebakuntza, mintegiak, etxez etxeko pentsu-zerbitzua, jokabide-zuzenketak Bach loreekin, ile-apainketa eta abar luzea eskaintzen dituzte txakurrentzat, baita katuentzat ere. “32.000 m2 ditugu, 9 m²ko 40 gune indibidualekin, baita 4 aisialdi-zelai eta aire zabaleko trebakuntza-zelai bat ere”, kontatu du Lorena Lópezek. Hotelean txakurra ala katua uzteak ez du prezio bera. “Astebete txakur batentzat gure egoitzetako edozeinetan, 7 eguneko tarifa, 96 eurokoa da, eta katu batentzat berriz, 66 eurokoa”.

Lorena López: “Bikote gazteei dagokienez, berriz, emantzipatzen direnean txakur bat izatea da lehen gauza”

Gaur egungo joera adinekoek katuak hartzea dela esan du, txakur baten konpainia bera ematen baitiete, baina ez dituzte egunean hiru aldiz atera behar. “Bikote gazteei dagokienez, berriz, emantzipatzen direnean txakur bat izatea da lehen gauza, eta gero seme-alabak izatea”, gaineratu du. Konpainia animaliak etxeetan sartu ahala, sektore honen inguruko negozioa luzerako iritsi da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK