Meatzaldea: meatzaritzatik poligono industrialetara

Industria poligonoz jositako eskualdea da Meatzaldea, eta horiek teknologikoki hobetzen dihardu du Meatzaldea Behargintza garapen agentziak. Bilboko Portuaren jarduerak, eskualdea gurutzatzen duten errepideek eta Loiuko aireportuak aukera ekonomiko ugari eskaintzen dizkio zonaldeari

Meatzaldeako Abra poligono industriala | Argazkia: Meatzaldeako Behargintza Meatzaldeako Abra poligono industriala | Argazkia: Meatzaldeako Behargintza

Meatzaldearen ehun ekonomikoa “ondo” ikusten du Angel Medina Meatzaldeako Behargintza garapen agentziako zuzendariak, eta horren emaitza da eskualdean egun garatzen diren proiektu ugariak. Industria poligono askoko eskualdea da Bizkaikoa, eta, besteak beste, Meatzaldea-Ezkerraldea campus teknologiko berria da bertan kozinatzen ari den proiektu esanguratsuenetako. Abanto-Zierbenan kokatuta, EIC Energy Intelligence Center eraikina dago bertan.

“Espazio horretan guztian, ez EICen soilik, energia sektoreko enpresa ugari ezarriko dira, eta horrek trakzio gaitasuna izango du, inguruko enpresetan ondorioak izango dituelarik, enplegua eta jarduera areagotuz”, adierazi du Medinak. Halaber, azaldu duenez, Mercabilbao Ortuellara lekualdatzeak ere emango du zeresana, elikagaien industrian batik bat.

Hori gutxi balitz, Bilboko portuak sortzen duen jarduera ekonomikoak ere eragina du Meatzaldean. Portuaren baitan ugaltzen diren enpresak ere Meatzaldearen hazkunde ekonomikoa ahalbidetzen duela uste du garapen agentziako zuzendariak, Zierbenako herrian batik bat. Finean, industriarako lursail ugari irabazten ari direla azaldu du, eta uste du “industria potenteak” garatuko direla bertan laster.

Ondo komunikatutako eskualde bat

Meatzaldea Behargintzako zuzendariaren arabera, indargune asko dituen eskualdea da Meatzaldea, “ondo komunikatuta” baitago. A8 autopistak, Supersur izenez ezaguna den Bilboaldeko saihesbidea eta Balontiko ardatzak errepide bidezko konexioa bermatzen dute. Gainera, Bilboko portua eta Loiuko aireportua ez daude aparte.

40.000 pertsona inguru bizi dira Meatzaldea osatzen duten Trapagaran, Abanto-Zierbena, Zierbena, Ortuella eta Muskiz udalerrietan. Garapen Agentzien Euskal Elkartaren Hiri Behatokiaren arabera, %12,4koa da eskualdeko langabezia. Tasa altuena Ortuellak du %14,6rekin; baxuena, aldiz, Zierbenak %7,5ekin.

Garapen Agentzien Euskal Elkartaren Hiri Behatokiaren arabera, %12,4koa da eskualdeko langabezia

Eskualdearen izenak ondo dioen bezala, jatorrian meatzaritzarekin oso lotuta zegoen bertako jarduera. Urteak joan ahala, ordea, tokiko ekonomia eraldatzen joan da. Medinaren hitzetan, biltegiratzea eta logistika sektorea dira egun eskualdean gehien aurki daitezkeenak. “Portua gertu dugu, baita Aparkabisa ere Trapagan eta Zierbenan. Eskualdeak duen komunikazioa kontuan hartuta, garraio logistika ugari dago hemen”.

Azkenaldian, baina, energia sektorea indar asko hartzen ari dela kontatu du. “Balio katearen zati askotan parte hartzen duten enpresak ditugu hemen”. Gainerakoan, metalaren inguruko enpresa txikiak daude, galdategiak, metalaren eraldaketako tailerrak, piezak eta materialak ekoizten dituztenak... Petronor ere ezin da ahaztu, eskualdeko "enpresa traktorea" baita, eta bere inguruan kontrata asko mugitzen du, Medinaren hitzetan.

DJI 20240427112058 0070 D
Meatzaritzarekin oso lotuta egon da eskualdea | Argazkia: Meatzaldea Behargintza

Poligono adimenduetara

“Agentzia bezala, lan asko egiten ari gara gure industria poligonoak hobetzen”, azaldu du Medinak. Poligonoetako jabe eta udalen arteko lankidetza hitzarmenak sinatzerakoan bitartekari gisa jarduten du agentziak. Agentziak Industrialdeak Hobetuz egitasmoaren bidez garatzen du lan hori guztia. Aldi berean, Bizkaiko Foru Aldundiak ere industrialdeetako dirulaguntza-programaren bitartez laguntzak ematen ditu industria-guneak hobetzeko. Kudeaketa eta hobekuntza planak jorratzen dituzte, eta industrialdeetako kontserbazio erakundeei eta jabeen erkidegoei laguntzen diete hornitzaileak identifikatzen eta hobekuntza inbertsioen jarraipena egiten, baita poligonoak hobetzeko programari dagozkion laguntza espedienteak izapidetzen ere.

Angel Medina: “Agentzia bezala, lan asko egiten ari gara gure industria poligonoak hobetzen”

Medinaren arabera, "lauzpabost" poligonotan dabiltza oraintxe lanean: Ortuellan, Granada poligonoan, Abra industrialdean, Muskizeko San Martin poligonoan, eta Abanto-Zierbenako El Campillo poligonoan. “Poligono tradizionala poligono adimendu bilakatu nahi dugu, eta horretarako ekodigitalagoak, jasangarriagoak eta teknologikoagoak izan behar dute. Monitorizazio plataforma batekin ari gara lanean”, nabarmendu du.

Enpresa digital eta jasangarriagoak

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoaren baitan ere hainbat laguntza jaso ditu Meatzaldeako ehun ekonomikoak. Esaterako, Enpresa Berdea ekimenaren bidez, jasangarritasuna hobetzeko eta ingurumen inpaktua murrizteko jarduerak sustatzen dituzte enpresetan. “Enpresek formakuntza jaso dezakete karbono aztarnaren inguruan, euren antolakuntzan, produktuan edo zerbitzuan nola eragiten duen aztertuz. Legeak ere zer nolako inpaktua izan dezakeen ikusteko aholkularitza eskaintzen dugu”, dio zuzendariak.

Enpresak Laguntzen ekimenaren bidez, eskualdeko enpresetara bertaratu eta berrikuntza, digitalizazio eta nazioartekotze esparruan laguntza eskaintzen dute, eskaerak egiten lagunduz edo beharrezko izapidetzeetan aholkuak emanez. Halaber, Suspertze Digitalaren bidez, enpresen trantsizio digitala bultatzen dute: “Programa horrek hainbat urte darama martxan, eta horren bitartez enpresen eraldaketa digitalerako bide-orriak garatzen ditugu batik bat. Maila teknologikoan nola daude aztertzen dugu, diagnostiko bat osatuz eta gero plan bat elaboratzen dugu”.

“Enpresek formakuntza jaso dezakete karbono aztarnaren inguruan, euren antolakuntzan, produktuan edo zerbitzuan nola eragiten duen aztertuz"

Era berean, urtean “hiruzpalau” tailer antolatzen dituzte enpresentzat. Soluzio teknologikoetan adituak diren enpresa nahiz hornitzaileak eramaten dituzte bertara, eta teknologia berria ezarri den kasuak ezagutzeko parada izaten dute.

DJI 0892
Granada industria poligonoa, Ortuellan  | Argazkia: Meatzaldea Behargintza

Gazteak trebatu, migranteak integratu

Meatzaldearen ekonomiak langile gazteen trebakuntzan erronka handia duela aitortu du agentziako zuzendariak. “Industria eta teknologiaren munduan behar ditugu gazteak, sektore horretako enplegu asko baitugu”. Gazteek, ordea, beste bide batzuk hartzen dituztela dio, eta aukeraketan norabide aldaketa sustatu behar dutela. Finean, STEAM gaitasunak bultzatu nahi dituzte.

Horrez gain, langabeak nolabait “birkualifikatu" behar dituztela ere argitu du. “Formakuntza eskaini behar dugu, industriak eskatzen dizkigun lanpostuetarako. Epe luzean lanik gabe daudenei, trebakuntza programei bidez, aukera eman nahi diegu lan munduan sartzeko”.

“Industria eta teknologiaren munduan behar ditugu gazteak, sektore honetako enplegu asko baitugu”

Eskualdean migranteen hazkundea ere nabaritu du Medinak, eta errealitate horren aurrean aukerak zabaltzen zaizkiela uste du. “Autoenplegu asko dugu hemen, eta autonomo edo euren enpresak sortzen dituzten pertsonen erdiak baino gehiago beste toki batzuetatik etorri dira. Gainera, gure lan eskaintzetara ere geroz eta gehiago ari dira izena ematen”. Biztanle taldea “integratzeko” beharra azpimarratu du, eta onartu du hemengo langile kualifikatu falta dela eta, kanpoko langileak kontratatzen hasi den enpresak badaudela eskualdean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK