Mediterraneo itsasoaren berotzeak atun gorriaren bizirautea arriskuan jar dezakeela jakinarazi du Aztik. Southamptongo unibersitatea eta British Antarctic Survey erakundeekin elkarlanean egindako ikerketa bati esker hegalaburraren egungo egoera aztertu du teknologia zentroak. Atun gorria Europako iparraldeko uretara itzultzea kontserbazio lan arrakastatsu baten ondorioz izan dela nabarmendu dute, baina Mediterraneoko ugalketa eremuetan tenperaturak igotzeak arriskuan jarri dezake errekuperazio hori.
Ikerketaren arabera, datozen 50 urteetan itsasoko tenperaturak igoko direnez, atun gorriak bere ugalketa estrategia egokitu beharko du. Halaber, Mediterraneoan ugaldu eta hazten den populazioa beste eskualde epelago batzuetan kokatu behar izateko aukera ez dute baztertzen ikerlariek. Horrekin batera, arrantzaren kudeaketa ere egokitu egin beharko da.
Clive Trueman Southamptongo Unibertsitateko Ekologia Geokimikoko katedradunak eta ikerketaren egile nagusiak 28 gradutik gorako tenperaturek hegalaburraren hazkundean eragin negatiboa izango dutela adierazi du. "Mediterraneo itsasoaren zatirik handiena 28 gradu baino altuagoa izango da datozen 50 urteetan, eta beroegia izango da han jaiotzen diren hegalabur gazteentzat. Hori dela eta, baliteke umetze-eremuak Mediterraneotik kanpo lekualdatzea, hala nola Bizkaiko Golkora edo beste eskualde hotzago batzuetara".