
Mekanizatua eta metal-mekanikoaren industriaren jarduerak beherakada txikia izan du 2024an. AFM klusterrak jakinarazi duenez, sektorearen fakturazioa %1,7 apaldu da 2023aren aldean, galdaragintza eta deformazioa azpisektorearen bilakaera kaskarra dela eta. Izan ere, %6,4 murriztu da azpisektorearen fakturazioa, mekanizatuarena, aldiz, %0,6 hazi da.
“Hazkunde handiko hiru ekitaldiren ondoren, 2024an jarduera maila onari eutsi zaio. Fakturazioak atzerakada txiki bat erakutsi arren, nabarmendu behar da fakturazio zifra historikoa lortu zela 2023an”, adierazi du Fernando Gastaldo klusterreko presidenteak.
Ontzat eman du iazko emaitza, nahiz eta nabarmendu duen enpresen artean bilakaera desberdina izan dela. Besteak beste, aeronautika, ontzigintza eta defentsa sektoreetarako lan egiten duten enpresek jarduera maila handitu dute. Aldiz, beste sektore batzuek, hala nola eolikoa, eraikuntza edo ekipamendu ondasunak “ahultasuna” erakutsi dutela azaldu du.
Fakturazioaren %25,5 esportazioak izan dira, zeinak 2024an %2,1 igo ziren. Helmuga nagusiak Frantzia (%29) eta Alemania (%22,8) izan dira, eta ondoren datoz Estatu Batuak (%9,7), Danimarka (%3,4) eta Austria (% 3,4).
AFM Makina Erremintaren Elkarteren parte diren enpresak hainbat sektoretan dihardute. Hala nola, makina-erreminta eta ekipo-ondasunak (%24), sektore aeronautikoa eta aeroespaziala (%15,3), energia-sorkuntza (%14,6), automobilgintza (%8,8), eta egitura metalikoak eta eraikuntza (%5).
Elkartearen arabera, sektoreko enpresek %45,9 handitu zuten ekipamenduetan egindako inbertsioa, 2023ko ekitaldiarekin konparatuz gero. “Enpresek beren produkzio-ekipamendua modernizatzearen aldeko apustuan jarraitzen dute, ondo baitakite funtsezko faktorea dela lehiakorrak izateko”, gehitu du Gastaldok.
Era berean, aurtengo aurreikuspenak egitea “oso konplexua” dela aitortu du. “Enpresen jarduera maila eta zorroaren egoera onak dira gaur egun, nahiz eta, fakturazio zifrek erakutsi bezala, sektore batzuek zailtasunak izan. Hortaz, aurreikusten dugu 2025eko lehen seihilekoan bilakaerak beheranzko joera txiki bat izango duela”, argitu du.