Albistearen lehen argitalpena: 9:34an
Albistea etengabe eguneratzen ari gara ateratzen den informazio berriarekin
Microsoft konpainia teknologikoaren sistema erori egin da. Hainbat arazo tekniko izaten ari da, eta mundu osoko erakunde, enpresa nahiz aireportuetako funtzionamenduan eragin du. Hasiera batean, arazoak Estatu Batuetan sumatu dituzte, baina gerora mundu osora hedatu dira.
Zibersegurtasun arloko hainbat adituk CrowdStrike etxeari egotzi diote akatsaren erantzukizuna. CrowdStrike sare informatikoak erasoen aurka babesten dituen zibersegurtasun enpresa da. Microsoften aurkako mehatxuak denbora errealean antzemateko eta prebenitzeko zerbitzuetan espezializatuta dago, eta bere softwarea munduko sare osoan hedatuta dago. Dirudienez, CrowdStrike enpresaren eguneratze batean egon da akatsa.
Microsoftek goizeko 8:30etan eman du arazo teknikoen berri, eta akats horiek ikertzen ari dela adierazi du. Microsoft Teams, Exchange Online, Outlook, SharePoint Online, OneDrive for Business, Microsoft Graph, PowerBi eta Microsoft365 Admin Center zerbitzuak ez dutela funtzionatzen argitu du.
Aireportuetan atzerapenak izan dira. Aenak jakinarazi du hegaldi batzuk atzeratu egin behar izan dituztela arazo informatikoak dela eta. Beren sisteman hainbat “alterazio” sumatu dituzte, eta horiek konpontzen dihardute. Batez ere fakturazioari eta bidaiariari informazioa emateko guneei eragiten die arazoak. Bilboko aireportuan, adibidez, ilara luzeak sortu dira, checkinga online egitea ezinezkoa delako, eta eskuz egiten ari dira bidaiariak. Atzerapen gehiago izatea aurreikusten da. Halaber, Berlin, Sidney eta munduko beste hainbat aireportuetan ere arazo teknikoak izan dituzte.
Aireportuez harago, beste hainbat erakundeei ere kalte egin die Microsoften sistemaren akatsak. Osakidetzan arazoak izaten ari dira, eta ezin da hitzordua online eskatu. Zentro batzuetako pantailetan ez dira txandak azaltzen eta ahoz egiten ari dira. Gasteizko Mercedesen lantegia geldirik da, Repsolen gasolindegiak ere kaltetuak izan dira eta erabiltzaileek eskudirutan ordaindu beharra dute eta Petronor petrolio konpainiak Muskizen (Bizkaia) duen findegiak ekoizpena eten behar izan du.
Laboral Kutxan ere goizean zehar arazoak izan dituzte, baina dagoeneko konpondu dituztela jakinarazi dute. Sistema guztiak konponduta, bertako langileak normaltasunez ari dira lanean. Kutxabanken ere hainbat arazo izan badituzte ere, kutxabank online, mugikor zerbitzua, kutxazainak eta bulegoetan ohiko jardueran ari dira. Hori bai, bizum zerbitzua etenda dago, banketxe desberdinen artean egiten dena.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bere ekipoen %70ari (25.000 baino gehiago) eragin die Microsoften arazoak, Osakidetza barne. Dena den, beste 11.000 ekipo ohi bezala funtzionatzen ari direla azaldu dute.