Miren Arzalluzek, historialari eta komisario denak, Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusi kargua hartuko du apirilaren 1ean. Museoaren patronatuak egin du izendapena, hautaketa prozesu sakona burutu ondoren, eta Arzalluzen nazioarteko esperientzia eta kultur erakundeekiko konpromisoa azpimarratu du. Patronatuak adierazi du gaur egun Palais Galliera Parisko modaren museoaren zuzendaria denak “ikerketaren eta museoen arloetan duen ezagutza sakona” eramango duela Bilboko museora, baita erakundeen zein nazioarteko harremanetan “eskarmentu handia” duela ere.
Arzalluzek Deustuko Unibertsitatean egin zituen historia ikasketak. Artearen Historiako masterra Courtauld Institute of Arten egiteaz gain, Politika Konparatuko beste master bat burutu zuen London School of Economicsen. Azken sei urteetan, Palais Galliera museoan birdefiniziorako eta hedapen prozesurako proiektua zuzendu du, Parisko hiriko beste museo batzuekin elkarlanean. Ikusle nahiz kritikarien artean “arrakasta handiko” erakusketak ere antolatu ditu. Gainera, Frantziako Kultura Ministerioak 2024an Chevalière de l'Ordre des Arts et des Lettres (Arte eta Letren Ordenako Zalduna) izendatu du. Arzalluzek euskal kultura ere sakon ezagutzen du eta Bilboko Arte Ederren Museoaren Aholku Batzordeko kide da. Bestalde, Parisera joan baino lehen Etxepare Euskal Institutua zuzendu zuen.
Hala, 2025eko martxoaren 1ean zuzendari nagusi hautetsi izendatuko dute, eta lau astez murgiltze prozesua egingo du bai New Yorkeko bai Bilboko Guggenheim museoetan, egungo zuzendari nagusi den Juan Ignacio Vidarterekin batera; apirilaren 1ean bereganatuko du behin betikoz zuzendaritza kargua.