Mondragonek "kooperatiboagoa eta lehiakorragoa" izan nahi du etorkizunean

Taldeko presidenteak, Iñigo Ucinek, azpimarratu du EAEn "talentua falta" dela, eta aurrerantzean "gehiago" faltako dela

Argazkia: Mondragon korporazioa Argazkia: Mondragon korporazioa

Mondragon taldeko lehendakari moduan hamabost egun bakarrik geratzen zazkionean, elkarrizketa egin diote Iñigo Ucini Radio Euskadin. Haren arabera, taldearen politika sozioenpresarialean ez dira aldaketa "erradikalak" egongo, baizik eta bizi dugun testuingurura "pixkanaka gauzak egokitzen" joatea espero du.

Aurreratu duenez, Mondragonek bere "politika sozioenpresariala" onartuko du datozen lau urteetarako. Ucinek zehaztu du ez dela "plan estrategiko bat", Mondragon osatzen duten kooperatibak "oso desberdinak" direlako, baizik eta "kooperatibek euren estrategiak egokitzeko eta Mondragon den multzo bati egiten jakiteko gida bat jartzea" dela argitu du.

Testuinguru horretan, Mondragon "kooperatiboagoa eta lehiakorragoa" izatean oinarritzen dela nabarmendu du. Azaldu duenez, lehiakorrak, batez ere, faktore ekonomikoen kasuan, izan ere, merkatu konplexu batean lehiatu behar du, eta merkatu hori oso desberdina da kooperatiba bakoitza zein sektoretan, eta zein egoeratan dagoen kontuan hartuta. Eta kooperatiboak, kooperatibismoa lehiakortasunerako beste faktore bat delako eta "gauden gizarteari zor diogulako", adierazi du Ucinek.

Erreforma fiskalaren inguruan galdetuta, enpresek zerga gutxi ordaintzen dituztela esaten dutenen aurrean, "enpresek aberastasuna sortzen" dutela uste du, eta horrek zerga gehiago jasotzea ekarriko duela gaineratu du.

Bestalde, Mondragoneko presidenteak azpimarratu du EAEn "talentua falta" dela, baina ez bakarrik "ingeniariak, edo matematikariak", baizik eta "dena falta" dela eta "gehiago" faltako dela. Halaber, Txinako produktuen lehiari buruz galdetuta, gogorarazi du kostu merkeagoekin Asiako herrialdeak dagoeneko ekoizten duela manufakturatutako ondasunen ekoizpenaren %35, AEBk %12 Alemaniak %4 ekoizten dutenean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK