• EKONOMIA
  • Muga zergei aurre egiteko Defentsarako Bulegoa irekiko da Araban

Muga zergei aurre egiteko Defentsarako Bulegoa irekiko da Araban

Neurri sorta prestatzen ari direla gaineratu du Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak

SEArekin eta Merkataritza Ganberarekin bildu da aldundia | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
SEArekin eta Merkataritza Ganberarekin bildu da aldundia | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko apirilaren 11a
Eg. 2025eko apirilaren 11a

Arabako Foru Aldundiak Defentsarako Bulegoa jarriko du martxan, hots, muga zergen mehatxuaren aurka egiteko bulegoa. Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eman du neurri berriaren berri, bilera izan baitu foru aldundiak SEA Arabako Enpresen elkartearekin eta Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin. Hala, lehen neurri horrekin Arabako enpresei aholkularitza eskaini nahi zaie, zein neurri har ditzaketen azaltzeko.

 

Bulegoaz gain, Gonzálezek neurri sorta prestatzen ari direla gaineratu du, “lurraldeko enpresa, erakunde eta eragile sozioekonomikoekin batera”. Jakinarazi du “oso zaila” izaten ari dela iragarri eta atzeratu diren muga zergen gaineko azterketa zehatza egitea, baina, hala ere, adierazi du “Araban prestatuta egongo direla, datorrenari aurre egiteko”. Krisiei aurre egiteko azken urteetan izan den gaitasuna goraipatu du, pandemia eta Ukrainako gerra kasu, eta baieztatu du “gizartea prest dagoela oraingoan muga zergen ondorioei aurre egiteko”.

Arabako datuak gogorarazi du: lurraldeko esportazioak %70 dira, eta esportazio horien %43 Alemania, Frantzia edo Italia izaten dute helmuga; Arabatik esportatzen diren produktuen %66 baino gehiago EBra bidaltzen da. Hala, 9.150 milioi eurotatik 370 milioi baino ez ziren AEBetara bidalitako produktuen bidez eskuratu (lortutakoaren %4); Arabak gehiago esportatzen du Txinara: 430 milioi euro.

 

Sektoreka, ohartarazi du automozioak pairatuko duen eragina “hasieran aurreikus zitekeena baino neurritsuagoa izango dela”, esportazioen %1,8 iristen baita AEBra; hau da, Arabatik esportatutako ibilgailuetatik lortutako 540 milioi euroetatik 10 milioi dira AEB egindako salmentekin lortutakoak. Ardoen sektoreko salmenten %12 baino gehiago egin zen AEBn, eta Gonzálezen esanetan, zergek eragin handiagoa izango dute upategi handietan. Azkenik, osagai eta material mekaniko zein elektrikoen sektorea aipatu du ahaldun nagusiak, esanez 55 milioi euroko salmentak izan zirela AEBn (kanpoan saltzen den guztiaren %7).