• EKONOMIA
  • Muga zergek herritarrengan eragina izango dutela dio EKAk

Muga zergek herritarrengan eragina izango dutela dio EKAk

Zergen gainkostua, oro har, azken kontsumitzaileek ordainduko dute

Argazkia: EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkartea
Argazkia: EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkartea
2025eko apirilaren 11a

EKA/ACUV Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak Trumpek ezarritako muga zergek izan ditzaketen ondorioez ohartarazi du. “Makroekonomiak eragin zuzena du mikroekonomian” azaldu dute elkarteko kideek; alegia, kanpo politikako erabaki horiek eragin zuzena izan dezakete herritarren poltsikoetan.

 

Izan ere, elkarteak prentsa oharrean azaldu duenez, muga-zergak ezartzean inportatutako produktuak garestitzen direnez, gainkostua “azken kontsumitzaileei helarazi ohi zaie”, hau da, herritarrei. Prezioek igoera orokorra pairatuko dutela baieztatu dute, hala nola, teknologiaren, etxetresna elektrikoen, arroparen, erregaien edota elikagai produktuen kasuan. AEB eta Txinaren arteko tentsioa mantentzeak ere albo kalteak eragingo dituela gaineratu dute.

Prezioen igoeraz gain, muga zergek inportatutako produktuen atzerapena eragin dezakete, eskaintza mugatzearekin batera. Sektoreka, arrisku handienak dituztenak identifikatu ditu elkarteak: teknologia eta elektronikak, osagaiekiko eta fabrikazioarekiko mendekotasun handia duelako Asian; elikagaiak eta edariak, batik bat iraganean muga zergak jasan dituzten Europako produktuak; eta moda zein kontsumo azkarreko produktuak.

 

Kontsumitzaileentzako gomendioak

Hori guztia kontuan izanik, elkarteak zenbait gomendio egin nahi izan dizkie herritarrei. Produktuen jatorria berrikustea komeni da, hura erosi baino lehen; produktu hori garrantzitsua bada (kostu handikoa, etxetresnak ala teknologia esaterako) erosketa aurrez planifikatu. Kontsumo kontzientea eta arduratsua sustatzea garrantzitsua dela azpimarratu du, eta noizbait arrazoirik gabe prezioak igotzen badira “kontsumitzaile gisa ditugun eskubideak erreklamatzea” eskatu du.

“Informazioarekin, plangintzarekin eta kontzientziarekin, hobeto molda gaitezke testuinguru horretara, nazioarteko merkataritza-krisia gure etxeko krisi bihur ez dadin”, gehitu du.