Munduko aberastasunaren balantza: soldaten kontra, kapitalaren alde

Soldata bidezko diru-sarreren ehunekoa nabarmen murriztu da munduan azken urteotan, kapital bidezko diru-sarreren mesedetan. Bilakaera horrek desberdintasun ekonomikoak areagotzea dakar, jada aberastasunaren desoreka handia dagoen mundu batean

Kapital bidezko diru-sarrerek pisua irabazi dute soldaten aldean | Argazkia: iStock Kapital bidezko diru-sarrerek pisua irabazi dute soldaten aldean | Argazkia: iStock

Kapitala izan ohi da aberatsen diru iturri nagusia. Lursail, eraikin edota akzioen jabetza izanagatik loditzen dituzten euren bankuko kontuak hauek. Aberatsak ez direnek, ordea, soldata dute bere aberastasunaren iturri nagusia, munduko biztanleriaren gehiengo nabarmenak, hain zuzen.

Kapitala eta soldata. Horiek dira dirua pilatzeko bi moduak. Lehenak, kapital bidezko diru-sarrerak, herrialde bateko diru-sarreretan duen proportzioa handitzen duen heinean, biztanleen arteko parekotasun ekonomikoa murriztuko du. Hala, bi aberastasun iturri horien bilakaerak eta euren arteko harremanak gizarte baten berdintasuna neurtzea ahalbidetzen digu.

Bada, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak berriki argitaratutako txosten baten arabera, azken urteotan kapitalak pisua irabazi du soldaten aldean. Bilakaera hori garapen teknologikoren ondorioz izan dela dio txostenak, izan ere, lanaren automatizazioak lan orduak murriztu ditu, soldaten pisua apalduz. Adimen artifizialaren hedapenak, halaber, desoreka areagotu dezake datozen urteetan.

Laneko errentak indarra galtzen ari dira

"Lana eginez lortutako diru-sarrerek nahiz aktiboen jabeek lortutako diru-sarrerek (kapital bidezkoak), guztiko diru-sarrera nazionala osatzen dute. Kapital-sarrerak gizabanako aberatsenen artean kontzentratzeko joera dagoenez, laneko diru-sarreren partaidetza desberdintasunaren neurri gisa erabiltzen da", argitu du OITren txostenak.

Azterlanaren arabera, laneko diru-sarreren partaidetza hori 1,6 puntu murriztu da azken bi hamarkadetan, horietatik 0,6 azken bost urteetan izan direlarik, beherakadaren %40 hain justu ere. Erakundeak egindako kalkuluen arabera, mundu osoko soldata bidezko sarreretan 2,4 bilioi dolarreko murrizketa litzateke kopuru hori, 2004arekin alderatuta. Beste modu batera esanda, lan errentek 2004ko proportzioa mantendu izan balute, mundu osoko soldatapeko langileek 2,4 bilioi dolar gehiago izango lituzkete. Europan, 2019tik puntu bat murriztu da pisu hori, Hego Amerikan eta Afrikan 1,2, Estatu Batuetan 0,8 eta Asian 0,2.

Lan errenten diru-sarrerek 2004ko proportzioa mantendu izan balute, mundu osoko soldatapeko langileek 2,4 bilioi dolar gehiago izango lituzkete

Espainiako estatuan uzkurtze hori 1,58 puntukoa izan da. Orain bost urte lan bidezko diru-sarrerak guztikoaren %59,5 ziren. Pandemia garaian ehunekoak gora egin bazuen ere (%62,5), egun diru-sarrera mota horren pisua %57,9koa da. Aldagaiak nabarmen egiten du gora krisi garaietan, izan ere, txosteneko arduradunen hitzetan, "kapital-sarreren irabaziak lanaren konpentsazioa baino azkarrago murrizten dira ekonomiaren atzeraldietan".

Horren harira, Celeste Drake OITeko zuzendari nagusiak adierazi du herrialdeek neurriak hartu behar dituztela soldatapeko diru-sarreren partaidetza gehiago ez murrizteko. "Irabazi ekonomikoen banaketa orekatuago sustatuko duten politikak behar ditugu, elkartzeko askatasuna, negoziazio kolektiboa eta lan administrazio eraginkorra izango dituena, hazkunde inklusiboa lortu eta guztiontzako garapen jasangarrirako bidea eraikitzeko".

Aberatsek inbertitu, gainerakoek lan

Soldata edo kapitala bidezko aberastatasunak ere badu bere aldea zergetan. Soldatei loturikoak PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez ordaintzen diren bitartean, kapitalari loturikoak aktiboaren araberako zerga aplikatzen zaie, Sozietateen gaineko Zerga, esaterako.

“Aberatsek inbertitu egiten dute, klase ertainak, berriz, lan”. Nahiko esaldi entzuna da. NBE Nazio Batuen Erakundeak, 2030eko garapen jasangarrirako helburuen artean du herrialdeen arteko desoreko ekonomikoak murriztea, bi diru-sarrera mota horien arteko areagotzeak, baina, helburutik aldentzen du entitatea eta mundua.

Teknologiak berriek hauspotutako desorekak, gainera, ez du norabide aldaketarik iradokitzen epe laburrean. 36 herrialde hartzen ditu kontuan OITren txostenak, gehienak ekonomikoki aurreratuak, eta ondorioztatzen du azken bi hamarkadetako berrikuntza teknologikoek "hazkunde sendoak ahalbidetu dituztela lan-produktibitatean eta garapen ekonomikoan, baina laneko diru-sarreren partaidetza ere murriztu dezaketela". Era berean, OITek dio “egoera jakin batzuetan, aurrerapen teknologikoek enplegua eta, epe laburrean, lan orduak” murriztu ditzaketela.

OITek ondorioztatzen du azken bi hamarkadetako berrikuntza teknologikoek "hazkunde sendoak ahalbidetu dituztela lan-produktibitatean eta garapen ekonomikoan, baina laneko diru-sarreren partaidetza ere murriztu dezaketela"

Azterlanak ez du neurtzen adimen artifizialaren (AA) eragina, baina aipatu egiten du: "orain arteko patroi historikoak mantentzen badira, eta arlo garrantzitsu askotan erantzun politiko sendoagorik ez badago, AA sortzailearen aurrerapenek presio handiagoa eragin lezakete laneko diru-sarreren parte-hartzeren beherakadan”.

Dena den, soldatapeko diru-sarreren partaidetza murriztearen ardura ez da teknologiarena soilik, badira beste hainbat faktore kontuan hartzekoak. Biztanleriaren %1k gainerako guztiek baino bi aldiz diru gehiago duen mundu batean agerikoa da aferaren sakonera askoz ere handiagoa dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK