Musika hizkuntza unibertsala da. Dohain bereziak dituena. Musika kultura da. Emozioak eta sentipenak dantzan jartzen dituen zuzeneko artea. Musika pertsonen oroimenaren kutxan betirako iltzatuta gelditzen diren uneak dira. Musika poza eta tristura da. Musika gorputza mugitzea da. Musika abestea da. Musika denboraren, erritmoen eta melodiaren oreka da. Musika bizipenak dira. Musika hartzea eta ematea da.
Euskal Herriko Musika Bulegoak argitaratzen duen Musikaren Urtekariaren arabera, osasun egoera onarekin itxi zuen pasa den urtea musika industriak: Durangoko Azokan 173 disko berri aurkeztu ziren, aurreko urteetako kopuruak gaindituta; kontzertu-aretoetara joaten den pertsona kopuruak gora egin zuen; eta euskarazko musika proposamenak ugaritu egin ziren.
Iñaki Larrañaga: “Talde hasiberriek aukera askoz handiagoak dituzte egun. Orain dela 25 urte, ez zen batere erraza musika munduan hastea. Oro har, sektorea demokratizatzeko pausoak eman direla uste dut”
“Nik uste dut oparotasun hori baduela euskal musikaren industriak. Gaur egun, euskaraz, musika edo genero mota guztiak topa daitezke. Niretzat, pertsonalki, 2023a urte oparoa izan zen”, argitu du Eider Saez artista lazkaotarrak. “Ziurrenik, 2024ko datuak 2023koak baino hobeagoak izango dira. Nik uste dut urte batzuetan, behintzat, joera positiboa izango dela”, gehitu du.
“Talde hasiberriek aukera askoz handiagoak dituzte egun. Orain dela 25 urte, ez zen batere erraza musika munduan hastea. Oro har, sektorea demokratizatzeko pausoak eman direla uste dut”, adierazi du Iñaki Larrañaga Mauka eta Airakako langileak. Taldeen eta artisten management eta kontratazioaz arduratzen da. Gertutik ezagutzen du musikaren sektorea.
Teknologia berriek ekarri dituzten aukerek demokratizatu dituzte hastapen pausoak. Profesionalizazioaren bidean, ordea, muga desberdinekin egiten dute topo artistek.
Profesionalki bizirauteko zailtasunak
Hartu eta eman. Eman eta hartu. Musikaren industria logika horretan mantentzen da bizirik. Kate luzea da musikarena, konplexua, katebegi askok osatua: diskoetxeak, programatzaileak, management edo booking bulegoak, soinu eta argi teknikariak, komunikazio agenteak, banatzaileak, produkzioa edo ekoizpena egiten dutenak, ostalariak, publikoa…
Ez da erraza, ordea, hainbeste katebegi dituen industria batean profesionalki bizirautea. Are zailagoa da musika ogibide bilakatzea. “Oso zaila da musikatik bizitzea. Kontzertu bat antolatzeak edota disko bat argitaratzeak kostu oso altuak ditu. Oso artista gutxik lortzen dute musikatik bizimodu bat ateratzea eta, hori, errealitate bat da”, argitu du Larrañagak.
Eider Saez: “Musikaren sektorea kanpotik modu batera ikusten da, baina errealitatea bestelakoa da. Oro har, artista gehienak borrokan aritzen gara geure proiektu musikala aurrera ateratzeko. Musikari batek industria horretan dauden katebegi guztien beharra du bere proiektu aurrera eramateko"
Eider Saez hasiberria da bere bakarkako proiektuan. Duela astebete argitaratu zuen bere lehen disko luzea. Musika profesionalki jorratzen du, baina ez da bere ogibidea. Artista lazkaotarrak musikarekin zerikusirik ez duen beste lan bat du eta, hura, musikarekin uztartzen du, guztia bideragarria izan dadin.
“Musikaren sektorea kanpotik modu batera ikusten da, baina errealitatea bestelakoa da. Oro har, artista gehienak borrokan aritzen gara geure proiektu musikala aurrera ateratzeko. Musikari batek industria horretan dauden katebegi guztien beharra du bere proiektu aurrera eramateko. Artisten helburua da beren proiektua aurrera ateratzea bermatzen duten katebegi horiei guztiei ordaintzea. Gastu horiek berdindu ostean ateratzen dugu musikariok gure ordainsaria. Ez da erraza musikatik bizimodu bat ateratzea”.
Sektore ezegonkorra
Oholtzan gertatzen dena ikusten da gizartean. Entzuleak isilpean gordeta dituzten emozioak astintzen dituzte artisten musika doinuekin. Norberak sortutako kantuak abesten, dantzatzen ditu publikoak. Biba eta txaloak. Hori, ordea, musika proiektu bateko momentu txiki bat besterik ez da. Efimeroa. Musikaren sektorea ezegonkorra da.
“Lan asko egin izanagatik ere ezjakintasun handiari egin behar diogu aurre. Ez dakigu datorren hilabetean zuzenekorik izango dugun, zenbat pertsona joango diren gure kontzertura, edo ditugun gastuei aurre egiteko gai izango garen”, nabarmendu du artista lazkaotarrak.
Iñaki Larrañaga: “Musikaren sektorean topatzen diren zailtasun ekonomikoak osasun egoeran eragina izan dezakete. Batzuei antsietatea eragiten die, beste batzuei estresa, loaren nahasmendua, depresioa"
Lanean modu ezegonkorrean aritzeak, gainera, albo kalteak sortzeko arriskuak areagotzen ditu, oro har, norberaren osasunean. “Musikaren sektorean topatzen diren zailtasun ekonomikoak osasun egoeran eragina izan dezakete. Batzuei antsietatea eragiten die, beste batzuei estresa, loaren nahasmendua, depresioa. Hori horrela, artista batzuk musikaren mundua uzten dute lasaiago bizi ahal izateko, beste batzuk, aldiz, musikaren mundua lasaiago hartzen dute eta erronka txikiagoak ipini”, azpimarratu du Mauka eta Airakako langileak.
Gizartearen egoera guztiz aldakorra da. Kontsumo bideak aldatzen doaz eta egoera berrietara moldatzera behartuta dago musikaren sektorea. Egoera berri horretan, kontzertuak lotzea da gakoa eta, ostera, zuzeneko horietara jendea erakartzea. Kontzertuak bilakatu dira artisten sostengu nagusi.
“Artistak leku askotan egoteko beharra sentitzen dugu: plataforma digitaletan, sare sozialetan, hedabideetan… Gakoa, nire ustez, egon behar duzun lekuan ondo egotean datza. Ez du balio denean egotea, baina dedikaziorik ez eskaintzea. Artista batek nahiko luke musika egin eta kito, baina gauza asko daude egiteko, kudeatzeko. Musikarekin lotura zuzena ez duten lan asko egin behar dituzu zure proiektua ondo joan dadin”, azaldu du Eider Saez musikariak.
“Kontzertuak oso efimeroak dira. Oholtza gainera iristen zara, eta jada hasi zara egin behar duzun hurrengo lanean pentsatzen. Momentu horretaz gehiago gozatzea gustatuko litzaidake”, gaineratu du.
Egonkortasuna eta diskriminazio eza
Sektorearen egonkortasuna gakoa litzake musika artisten ogibide bilakatu dadin. “Kontziente gara egonkortasun hori bilatzea ez dela erraza. Elkarlan eta sinergien bitartez sektorea egonkortzen saiatu behar dugu”, ohartarazi du Larrañagak.
Artistak erdigunean ipintzea gustatuko litzaioke Saezi. “Artistak zaindu egin behar dira. Babestu eta baloratu egiten dugun lana. Ez dakit zein den horretarako eredu egokiena, baina horren inguruan sakon hausnartu behar dugu”, adierazi du.
Eider Saez: "Musikarekin lotura zuzena ez duten lan asko egin behar dituzu zure proiektua ondo joan dadin”
Diskriminaziorik ez egotearekin ere egiten du amets artista lazkaotarrak. “Musika eszena kutsatuta dago. Garbiketa bat egitea beharrezkoa litzake. Sektorea gardenagoa izan zedin nahi nuke, emakumeentzat espazio libre bat bilakatzea. Guztiak berdinak izatea eta ez batzuk besteak baino gehiago. Uste dut honetaz ez dela nahikoa hitz egiten eta garrantzitsua da. Aurrerapausoak eman dira, baina asko dago egiteko”.
Hartu eta eman. Eman eta hartu. Euskal musika industriaren melodiak hartu. Euskal musika industriari taupadak eman.