Nadia Calviñoren hurrengo urratsa

Europako Inbertsio Bankuko presidentea izan nahi du Espainiako gobernuko presidenteordeak. Erabakia euroguneko ekonomia ministroek hartu behar dute, baina oraindik ez dago adostasun nahikorik

Calviño, asteartean, Frantziako eta Alemaniako ekonomia ministroekin hizketan, Ecofinen bileran | Argazkia: Europako Batzordea Calviño, asteartean, Frantziako eta Alemaniako ekonomia ministroekin hizketan, Ecofinen bileran | Argazkia: Europako Batzordea

Pedro Sanchezen lehen gobernuaren izarretako bat izan zen Nadia Calviño. Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioak egin zuen Sanchez presidente 2018ko ekainean eta Pedro Duque astronauta eta Maxim Huerta idazlearekin batera Calviñorena izan zen Sanchezen apusturik indartsuena. Europako Batzordearen zirrikituak ongi ezagutzen ditu ekonomialari galiziarrak, eta Bruselari erreskatea eskatu behar izan zion Espainia bezalako estatu batentzat ezinbestekoa da harreman ona eta hari zuzena izatea Europarekin.

Ekonomia Zientzietan eta Zuzenbidean lizentziatua da Calviño eta Estatuko Merkataritzako eta Ekonomiako Teknikarien goi-mailako kidegoaren partaide da, estatuaren gobernuaren ekonomia eta merkataritza politikak burutzen dituena. Hamarkada luze batez egin zuen lan Ekonomia Ministerioan, eta handik Europako Batzordera egin zuen salto. Bertan Konkurrentziarako Zuzendaritza Orokorreko, Barne Merkatuko eta Finantza Zerbitzuetako zuzendari laguntzaile gisa aritu zen urte askotan, eta 2014ean Aurrekontuen Zuzendari Orokorra izatera heldu zen. Bruselarekiko negoziazioen nondik norakoak inork baino hobeto ezagutzen ditu, eta hori Sanchezen gobernuentzat giltzarri garrantzitsua izan da.

Bruselako labirintoan eroso

Europako Batzordeko barrenak ongi ezagutzeak aukera paregabea eman dio Calviñori beste herrialdeekin eta Batzordearekin izan dituen negoziazioei probetxua ateratzeko. Mundua astindu zuen COVID-19aren pandemiak ataka larrian jarri zuen ekonomia 2020an, eta Europak emango zuen erantzuna ezbaian zegoen. Etxegintzaren burbuilak 2008an eragindako finantza krisiak eta gerora etorri zen zor publikoaren aferak Batzordearen alderik zorrotzena erakutsi zuen. Hegoaldeko herrialdeek pairatu zuten gogorren, eta erreskatea eskatzeagatik Espainiak ordaindu behar izan zuen prezioak arrakala handiak sortu zituen.

Pandemiaren aurrean, ordea, Batzordeak bestelako konponbide sorta eskaini zuen. Negoziazio luzeen ondorioz duela urte batzuk pentsaezinak ziren neurriak adostu zituen Europak. Hartu-eman horietan eroso aritu zen Calviño, Bruselako funtzionamenduaren jakitun. Indarrean ziren gastu arau zorrotzak indargabetu zituen Batzordeak behinik behin, eta zor jaulkipen mutualizatua egin zuen.

Europako Batzordeko barrenak ongi ezagutzeak aukera paregabea eman dio Calviñori beste herrialdeekin eta Batzordearekin izan dituen negoziazioei probetxua ateratzeko

Europako ekonomian inoizko diru kopururik handiena txertatzea erabaki zuen Bruselak, Next Generation funtsen bitartez. Diru oldearen erdia, gutxi gora behera, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatu zen. Beste erdia, aldiz, maileguen bidez. Espainia izan zen, Italiarekin batera, funts gehien lortu zuen estatua. Iparraldeko estatuak, Herbehereak batez ere, kontra agertu ziren hasiera batean, baina amore eman zuten. Trukean, hori bai, funtsak xehe ikuskatzeko tresnak ezarri zituzten.

Eurotaldeko presidentziaren porrota

Bere ibilbide orrian porrotak ere jaso ditu Nadia Calviñok, gogorrena 2020ko uztailean. Euroa erabiltzen duten herrialdeak biltzen ditu eurotaldeak, eta 2020ra arte Mario Centeno portugaldarra zuen presidente. Karguan jarraitu nahi ez zuela iragarri zuen urte horretan, eta Calviñok lehendakaritza eskuratzeko asmoa azaldu zuen.

Espainiako presidenteordeak euroguneko herrialde nagusien babesa jaso zuen, Italia edo Frantzia, besteak beste, baina ez zen nahikoa izan. Irlandako Pascal Donohoek ere bere hautagaitza aurkeztu zuen. Alderdi Popularreko kidea da Donohoe, eta horri esker gailendu zitzaion Calviñori. Estatu bakoitzak boz bana ematen du, pisu ekonomikoa edozein izanda ere, eta boz bakar bategatik irlandarrak aurrea hartu zion Nadia Calviñori.

Estatu bakoitzak boz bana ematen du, pisu ekonomikoa edozein izanda ere, eta boz bakar bategatik irlandarrak aurrea hartu zion Nadia Calviñori

Botere handia du eurotaldeko presidenteak, batez ere 2010eko krisia eta gero. Garai horretan Jeroen Dijsselbloem holandarrak zuen gidaritza, eta gogor jokatu zuen erreskatea eskatu behar izan zuten estatuen kontra. Yanis Varoufakis Greziako ekonomia ministroarekin talka entzutetsuak izan zituen.

Europako Inbertsio Bankuaren aukera

Jardunean dabil Calviño gaur egun ministro eta presidenteorde gisa. Ez dago argi, gaur-gaurkoz, Sanchezek gobernu berria osatu ahal izango duen, eta Calviño balizko gobernu berriko kidea izango ote den. Galiziarrak, baina, badu plan alternatiboa: Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) lehendakaritza. Europako Batasunaren helburuekin bat datozen proiektuak finantzatzen ditu EIBk, baldintza faboragarriak dituzten maileguen bitartez. Europako Batasuneko estatuak dira bankuaren akziodun eta, eurotaldean ez bezala, herrialde bakoitzak duen pisuak baldintzatzen ditu erabakiak.

Werner Hoyer alemaniarra da egungo presidentea, baina abenduaren 31n bukatuko zaio agintaldia. Bankuaren jarduna Europako ekonomiaren maila guztietara heltzen da finantza erakunde nagusiekin dituen akordioen bidez. Espainiar estatuak Bruselarekin adostu dituen Next Generation funtsen sorta berriaren bitartez erkidego autonomoek jasoko dituzten 20.000 milioi euro gehigarriak, esaterako, EIBren maileguen bidez gauzatuko dira. Europako Inbertsio Funtsaren partaide ere bada EIB, ekonomia sozialeko proiektuak, besteak beste, finantzaketa ildoak eskaintzen dituena.

Europako Batasunaren helburuekin bat datozen proiektuak finantzatzen ditu EIBk, baldintza faboragarriak dituzten maileguen bitartez

Duela hilabete batzuk azaldu zuen Calviñok lehendari izateko gogoa, baina berea ez da hautagaitza bakarra, faboritoen artean badago ere. Margrethe Vestager danimarkarrak, orain arte Batzordeko presidenteordea eta konkurrentziarako arduraduna izandakoak, baditu postua lortzeko aukerak. Bankuko gobernadoreen kontseiluko presidenteari dagokio erabakia hartzea, eta normalean hautagai bakoitzak dituen babesak aztertzen ditu. Dagoeneko Alemaniak Calviñori babesa adierazi dio, eta Frantziak bere erabakia aurki azalduko duela esan du.

Bankuaren kapitalaren % 68aren babesa lortu behar du hautagaiak. Frantzia, Alemania eta Italia kopuru horretara hurbiltzen dira, baina Italiak badu bere hautagaia: Daniele Franco. Aste honetan bildu ziren euroguneko ekonomia eta finantza ministroak, eta erabakia hartzea espero bazen ere, ez zuten adostasun nahikorik lortu. Bi bilera baino ez dira gelditzen urtea bukatu aurretik. Calviñok, hortaz, itxaron egin beharko du hurrengo urratsa emateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK