1,5 milioi euro erabiliko ditu Nafarroak lehen sektorea eraberritzeko proiektuak sustatzeko

Aukeratutako egitasmoek 200.000 eurorainoko laguntza jaso ahal izango dute; horretarako, taldeak bi entitatez osatuta egon beharko dira, gutxienez​​​​​​​

Eskaera egiteko epea abenduaren 11n amaituko da | Argazkia: Nafarroako Gobernua Eskaera egiteko epea abenduaren 11n amaituko da | Argazkia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi euro bideratuko ditu nekazaritza proiektu pilotuetarako. Landa garapenerako departamentukoek azaldu dutenez, helburua da sektoreko eragileen arteko lankidetza sustatzea, baita lehiakortasuna indartzea ere. Bide batez, landa eremuak biziberritzea lortu nahi du gobernuak. 200.000 eurorainoko finantzaketa jaso dezakete proiektuek.

Rubén Goñi landa garapenerako zuzendari nagusiak adierazi du “ezinbestekoa dela” lehen sektoreko eragileak elkarlanean aritzea, “jarduera ekonomikoa hobetuko duten eta lehiakorrak izango diren proiektuak garatzeko”.

Dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute, gutxienez, bi entitatez osaturiko taldeek, izan nekazaritzako zein basogintzako ekoizleak, sektoreko enpresak, kooperatibak, ikerketa zentroak, erakunde publikoak, ureztatzaile komunitateak, etab. Hots, ez da onartuko soilik ikerketa erakundeez osaturiko talderik. Finantzaketa emango zaien talde horiek aurkezten dituzten proiektuek erantzuna eman beharko diete lehen sektoreko erronkei, eta balioztatu egingo da egitasmoen eraberritzea.

Eskaera egiteko epea abenduaren 11n amaituko da; online (Nafarroako Gobernuaren webgunean) zein aurrez aurre (landa garapen eta ingurumen departamenduaren erakunde laguntzaileen bitartez) egin daiteke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK