
Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek iragarri du Industria Inbertsiorako Foru Programa berria ezarriko dela Nafarroan, sektorea babesteko helburuarekin. Baliabide publiko zein pribatuak erabiliko dira datozen urteetan industrian egin beharreko eraldaketa horiek gauzatzeko. Chivitek aurreratu duenez, Industria Mahaia deituko du programaren alderdiak zehazteko.
Nafarroako UGTren 13. Eskualde Kongresuaren inaugurazioan eman ditu Chivitek azalpenak; presidenteak elkarrizketa sozialak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta asteartean sinatu zen Enplegu Plana lorpen handia dela gaineratu du.
Esan du “kaleetan egiten diren eskaerak direla sindikatuen motorra”, eta aitortu du Gobernuak jaso duela deslokalizazioaren aurkako manifestazioaren “mezu argia”. Izan ere, industria sektoreko zazpi enpresa batzordek manifestazioa antolatu zuten, hain zuzen, deslokalizazioaren aurka eta enpleguaren alde. Horri erantzunez, Chivite pozik agertu da “UGTko afiliatu gisa erakunde sindikalak batuta ikusi zituelako enplegu industrialaren defentsan”; azaldu du 2020an onartutako legea hobetzeko aukera ebaluatzen ari direla, egungo beharretara egokitu dadin.