Nafarroako Pirinioko artzaintza berpizteko lehen urratsak

Erronkaribarreko batzordea, Artalde elkartearen eskutik, artzain-eskola sortzeko lanean ari da, hainbat lurraldeetako landa-eremuen ezaugarri hoberenak eredutzat hartuz

Ardiak, Nafar Pirinioetan, bazkan | Argazkia: iStock Ardiak, Nafar Pirinioetan, bazkan | Argazkia: iStock

Nafarroako Pirinioa eremu zabala da. Haren erliebe menditsua dela eta, hainbat haranetan dago banatuta: Esteribar, Erroibar, Luzaide, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari. Artzaintza lurralde horretako jarduera gakoa izan da historikoki. Artzaina izateko beharrezko ezagupena gurasoek seme-alabei transmititzen zieten, ahoz aho eta era praktikoan.

Hala ere, 1960ko hamarkadatik aurrera, Pirinioko ibar guztiek jende-hustea pairatu dute. Biztanle asko hirietara mugitu ziren eta dira, hango fabrikek langileak behar zituzten eta. Horren ondorioz, artzaintza galtzen joan da. Artzain gutxi gelditzen dira mendietan, eta batez besteko adina 60 urte baino gorakoa da.

Artzain gutxi gelditzen dira mendietan, eta batez besteko adina 60 urte baino gorakoa da

Egoera horri buelta emateko, artzaintza-eskola sortzeko helburuari ekin zioten. Artalde elkartea, Erronkariko batzordearekin hitzarmena sinatu duena, programa dinamizatzeaz arduratzen da, eta 2026rako artzain eskola martxan izatea aurreikusi dute. Nafarroako gobernuko Landa Garapen sailak aurkeztutako Lurberri programaren barruan dauden 12 jardueren barnean dago.

Artalderen lehendakaria, Eneko Egiguren, eibartarra da jatorriz. 24 urte daramatza Urzainki herrian bizitzen, Nafar Pirinioko ekialdeko muturrean dagoen Erronkaribarren kokatuta dagoena. Urzainkira iritsi aurretik, baina, aeronautika sektoreko ITPn eta Rolls Roycen —hegazkin motoreen diseinuan— eta Elgoibarko IMH eskolan hezkuntza planak garatu eta kudeatzen aritu zen. Erronkaribarren, aldiz, aterpea eta landetxea kudeatzen ditu. 2019-2023ko udal-legealdian, Urzainkin zinegotzi izan zen, eta kargu hori zela medio Erronkaribarko batzordeburutzan jardutea egokitu zitzaion.

Aitortza behar duen jarduera

Egigurenek azaldu duen bezala, “duela urte eta erdi, Erronkaribarko batzordeak artzaintzari buruzko hezkuntza estrategikotzat hartu zuen”. Erakundeak eibartarrari eskatu zion proiektua garatzea, bere esperientzia tarteko.

“Bi hilen behin" egiten dituzte bilerak egoera aztertzeko. Gainera, harreman, hitzarmen ala konpromiso finko gabeko harremanak eratu dira Erronkaribarreko batzorde, Bardeetako komunitate eta Aragoiko artzain-eskolarekin, besteak beste.

Eneko Egiguren: “duela urte eta erdi, Erronkaribarko batzordeak artzaintzari buruzko hezkuntza estrategikotzat hartu zuen”

Zenbait tokitan (Iruñean, esate baterako) badira dagoeneko nekazaritza eta abeltzaintzako edo basogintzako ikasketak. Dena den, Egigurenen hitzetan, artzain eskola proiektuak “ganadua maneiatzeko beste filosofia bat” eskaintzeko asmoa dauka, “abeltzaintza estentsiboa lurraldean bertan hazi eta garatzeko aukera”.

Ideia da “lehen egiten zena berreskuratzea. Gaur egun garrantzia hartzen joan diren kontzeptu batzuk, kontsumo zirkularra edo kilometro 0 bezalakoak, jadanik aplikatu dira abeltzaintza tradizionalean”, ziurtatu du Egigurenek.

Artzain-lanari "duintasuna” eman nahi zaio: “jarduera bat ofiziotzat hartzen da bakarrik hezkuntza eta ikasketa batzuekin lotuta badago”

Gainera, artzain-lanari "duintasuna” eman nahi zaio. Denbora luzez diskurtsoa izan da hobe dela artzain ez den beste edozer bilakatzea, “lanbideari onarpen politiko, profesional eta soziala falta zaio eta". Artzain-formakuntza ez dago aitortuta, eta “jarduera bat ofiziotzat hartzen da bakarrik hezkuntza eta ikasketa batzuekin lotuta badago”.

Horrez gain, zaila da abeltzaintzatik errentagarritasuna lortzea. Azken hamarkadetan zergak eta gastuak igo dira, baina etekinak "ez dira era berean hazi".

24 ordukoa, baina naturatik gertu

Ogibideak "24 orduko dedikazioa eskatzen du, oporrak edo bajak lortzeko aukera gutxiekin”, gogorarazi du Egigurenek. Horrek zaildu egiten du pertsonak topatzea.  Artaldekoaren ikuspegitik, ordea, “tresnak bilatu behar dira kontziliazioa lortzeko”. Erreminta horiek digitalak (artzain-eskolan ikasi daitezkeenak) eta pertsonalak (praktiketan dauden ikasleen laguntza erabiltzea) izan daitezke.

Artzain-eskolako formakuntzan, hala ere, abereei buruzko ezagupena izango da nagusi. Ideia da, Eneko Egigurenen ustetan, “200 ardi inguruko haziendarekin soldata lortzea”. Egigurenek dioenez, artzain ona izateak bokazioa ere eskatzen du: “Ez da bide erraza; ahalegin handia eskatzen du, bai fisikoki, bai mentalki”.

Pirinioko artzain baten antzinako argazkia | Argazkia: utzitakoa
Pirinioko artzain baten antzinako argazkia | Argazkia: utzitakoa

Aitzitik, abeltzaintzak baditu zenbait gauza on: “Askatasuna ematen dizu, naturarekin kontaktua; eta kontsumitzen dugun janaria nondik datorren erakusten dizu”.

Bestalde, artzaintzak “ondare kultural aberatsa” dakar, eta “bioaniztasuna eta ingurune naturala suspertzeko jarduera” ere bada. Esaterako, “abereek mendietan bazkatzeak suteak saihesten ditu”.

Beste artzain eskolak eredu

Artzain eskolak beste inguruetako landa-eremuak aztertu ditu inspirazio gisa. Egigurenek azaldu duenez, “haran bakoitzak batez ere auzokideekin estutzen ditu harremanak”.

Hori hala izanik ere, haran batek ezaugarri gehiago partekatu ditzazkete Nafarroatik kanpoko lurraldeekin nafar auzokideekin baino. Esaterako, Erronkaribarrek, nahiz eta Zaraitzurekin tradizioz amankomuneko hizkuntza (euskara) eta kultura eduki, beste kontu batzuetan sortaldera dagoen Aragoiko Ansó haranarekin edo Iparraldean dauden Ipar Euskal Herriko edo Frantziako haranekin dauzka antzekotasunak.

Halako egitasmoei esker mantendu da artzain kopurua. "Ez doa gorantz, baina ez doa beherantz ere. Eta hori lorpen handia da”

Erronkaribarrekoentzat eredu garrantzitsuenetariko bat da Oñatiko Gomiztegi proiektua, 20 urte baino gehiago daramatzana. "Oso zuzenduta dago ardien maneiura eta esnekien elaboraziora”. Arantzazuko frantziskanoek sortutako ekimena da, eta mikrokooperatiba bezala funtzionatzen du.

Beste eredu garrantzitsua da Aragoiko La Estiva eskola, San Juan de Plan udalerrian. Kasu horretan behiekin aritzen dira batez ere, eta neurri txikiagoan ardiekin. "Hala ere, han irakasten den artzaintza mota Piriniokoarekiko antzekoagoa da Gomiztegikoa baino”. La Estivan, gainera, formakuntzaren barnean praktikak daude, artzainekin bordetan egiten direnak. Aragoiko eskolak 4 promozio eduki ditu orain arte, 10-12 ikasletakoa bakoitzak. Ikasleen %80 inguruk lana aurkitu dute ikasketak amaitu eta gero. Halako egitasmoei esker mantendu da artzain kopurua. "Ez doa gorantz, baina ez doa beherantz ere. Eta hori lorpen handia da”.

Artzaintzak “ondare kultural aberatsa” dakar, eta “bioaniztasuna eta ingurune naturala suspertzeko jarduera” ere bada

Badute hirugarren eredu bat ere. Ripoll-eko artzain-eskola, 11 urte egin dituena. Finantziazioa Kataluniako Generalitatetik lortzen du. Oñati eta Aragoiko eskolekiko ezberdintasun azpimarragarria da ikasketak jarraian eman ordez, etapetan zatitzen direla.

2026rako martxan

Ereduak aztertuta, aurten marka eta logoa sortuko dira Nafarroako Lurralde Kohesiorako departamentuaren dirulaguntza eta sorospen teknikoarekin, eta Erronkaribarreko batzordearekin sinatutako hitzarmen batekin. Beste lan bat izango da irakasle egokiak aukeratzea, ikasleentzat etxebizitza lortzeaz gain, eta esplotazioak ere lortu behar dira.

Egigurenek adierazitakoaren arabera, 2025an programan sakonduko da, finantziazioa bilatuz eta ekimenari forma emanez. Eta, arestian aipatu bezala, 2026an espero dute artzain eskola martxan jartzea. Gainera, Egiguren eta bere taldea partaidetzak eta espazioak bilatzen dabiltza, adibidez, aularioa eta bulegoa. Azken hori Erronkariko Julián Gayarre eskolan ezartzea pentsatu da.

2026-2027an lehen promozioa lortzea espero da. Horretarako komunikazio plana eta ikasleentzako formakuntzaren plangintza eratuko dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK