Ardoa Nafarroako nekazaritzaren produktu garrantzitsuenetako bat da. Gaur egun, ekoiztutako ardoaren zati handi bat esportatu egiten da, eta nazioarteko azokak lagungarriak dira produktua atzerriko merkatuan hedatzeko; ProWein azoka, adibidez, zeinaren 30. edizioa martxoaren 10etik 12ra ospatu zen Düsseldorfen (Ipar Renania-Westfalia, Alemania).
Topaketa honetan Nafarroako 25 ardo ekoizle inguruk parte hartu zuten: Castillo Monjardín, Ubeta, Inurrieta, Piedemonte, Viña Zorzal, Aliaga, Bodega Marqués de Montecierzo, Bodega de Liédena, Quaderna Vía, Bodega de Sada, Bodegas Manzanos, Otazu, Bodega Pago de Cirsus, Bodegas Navarrsotillo, Bodegas Marco Real, Bodegas San Martín, Bodegas Príncipe de Viana, Bodega de Sarría, Pago de Larrainzar, Viñedos y Bodegas Alconde, Bodegas Pagos de Araiz, Aroa Bodegaseta eta Bodegas Marqués del Atrio.
Ardogintza ekologikoa, kanpoan nagusitzeko bereizgarria
Bodegas Navarrsotilloko kideetako bat da Luis Javier Serrano Arriezu (Andosilla, 1966). Familia enpresa hau “1994 eta 1995 artean” jaio zela azaldu du. Bere bi anaiek, Andres eta Jose Ramonek, jarri zuten martxan proiektua. Luis 1997an sartu zen, bere bizitza profesionalean ardoa "jarduera osagarria" izanik; mundu hau gaztarotik ezagutzen du eta.
Mahastiak Nafarroako Andosilla, Cárcar, San Adrian eta Sartaguda herrietan eta Errioxan dituela dio Serranok, eta bildutako mahatsa familiaren jabetzako bi upategietan lantzen dutela, bata Calahorran (Errioxa), Errioxa jatorri deiturako ardoetarako, eta bestea Beiren (Nafarroa), Nafarroako jatorri deiturako ardoetarako. Navarrsotillok 85 hektarea inguru lantzen ditu eta urtero 400.000 bat botila ekoizten ditu Errioxan. Bestalde, Nafarroan 40 hektarea inguru ditu eta bere ekoizpena 200.000 botilakoa da.
Navarrsotillok 85 hektarea inguru lantzen ditu eta urtero 400.000 bat botila ekoizten ditu Errioxan. Bestalde, Nafarroan 40 hektarea inguru ditu eta bere ekoizpena 200.000 botilakoa da
Nekazarietza tradizioko familia honek 1995ean "ardogintza ekologikoko upategi" bat sortu zuen, eta ekoizten dutenaren %90 inguru esportatzen du. Serranok honen arrazoia azaldu du: “Europan (Frantzian, Benelux-en, Alemanian, Suitzan, Eskandinavian...) azken hiru hamarkadetan ardo ekologiko ziurtatuak eskari handia izan du".
Ardo ekologikoaren produktibitatea txikiagoa den arren, “kalitatea da produktu honi balio gehien ematen diona”; azken finean, “ardo hau naturalagoa da, errazago edateko eta gehigarri kimiko gutxiago ditu, hala nola sulfitoak, eta hori guztia bereizteko balio erantsia da”. Gainera, “horrela lurra hobetzen da eta biodibertsitatea (bakterioak, onddoak, landareak, hegaztiak, karraskariak, untxiak, etab.) bermatzen da”, kontatu du ardogileak.
Luis Serrano: “Ardo ekologikoa naturalagoa da, errazago edateko eta gehigarri kimiko gutxiago ditu, hala nola sulfitoak, eta hori guztia bereizteko balio erantsia da”
Modu honetara, "ekonomia zirkularra areagotzen da". Kontzeptu hori orain mende pasatxo sortu zen, Rudolf Steiner nekazaritza biodinamikoaren aitaren esperientzietan duelarik jatorria, eta gaur egun garrantzia handia hartu du. Serranoren arabera, “nekazaritza eta abeltzaintza kudeaketa guztia baserrietan bertan egiten da, lurraren bioaniztasuna eta emankortasuna hobetuz”.
2015ean “nekazaritza biodinamikoaren metodologia” praktikan jartzen hasi ziren Demeter ziurtagiriak gainbegiratuta, eta 2017an Nafarroako upategiaren ekoizpen osoa ardo biodinamiko gisa ziurtatzea lortu zuten. 2018an, gauza bera lortu zen Errioxako mahastiekin eta baita Errioxako jatorri deiturako ardoen ekoizpenarekin ere.
Nafar ardoen harrera atzerrian
Erich Gisbert Thissen (Kleve, Alemania, 1952) nafar ardoen merkaturatzean murgilduta dihardu 1996az geroztik. Urte horretan, hain zuzen, bere jaioterrian ospatutako festa batean erakutsi zituen lehen aldiz Nafarroako bi ardo: “Agnes de Cleves, Piedemonte bodegak ekoiztutakoa; eta Príncipe de Viana, Murchanteko bodegakoa”.
1997an, Alemanian nafar ardoen inportazioa hasi zuen eskala handian, batez ere ardo artisau eta ekologikoetara bideratuta. Thissenek dioenez, ardo mota honekin “ekoizlearekiko eta lurrarekiko gertutasuna handiagoa da”.
Navarrsotillok duela hamar urte bisitatu zuen lehen aldiz ProWein azoka, eta orain sei urte hasi zen parte hartzen. Azoka hau pabilioietan antolatzen da herrialdeka (Espainia, Frantzia, Italia, Grezia, Austria, Mundu Berria...), baina duela hiru urte ardo ekologikoak eta biodinamikoak erakusteko areto propioa zabaltzea erabaki zen. Honekin, Navarrsotillok ardo ekologiko eta biodinamikoen ekoizle gisa “arreta handiagoa” lortzen du, bezeroek pabilioi honetan produktu mota hori bilatzen dutelako.
Etorkizunerako erronkak
Serranok adierazi du upategia "emaitzekin pozik" dagoela, mahastietan hasi eta botilatutako ardoen aurkezpenean amaitzen den lan eta ahaleginean oinarrituta. ProWein azokan bezero berriekin harremanetan jartzeko eta "urtero bizpahiru erosle berri" lortzeko aukera dute, sektorearen egoera nahiko ezkorra izan arren. Bezero horietako batzuk lehenago saltzen ez zuten eremuetakoak dira; hala nola, Japonia, Kanada edo Estatu Batuak. Serranoren hitzetan, “azoka erakusleiho bat da; ondoren, egin dituzun harremanak sendotu behar dituzu, eta horrek denbora asko eskatzen du".
Navarrsotillok aurten beste ekitaldi batzuetan parte hartuko du, esaterako, Millesime Bio Montpellieren edo Bartzelonako Ardoaren Astean. Azken hau "Espainiako ardoaren erakusleiho" gisa deskribatu du Serranok. Azoka hau “interesgarria” iruditu zaie eta orain egindako kontaktuen jarraipena egiten ari dira. Urtearen gainerakoan, Mallorcako Palman, Londresen eta Sao Paulon ardo-ikuskizun txikiago baina oso interesgarrietara joatea aurreikusi da.
Luis Serrano: “azoka erakusleiho bat da; ondoren, egin dituzun harremanak sendotu behar dituzu, eta horrek denbora asko eskatzen du"
Kalitatezko ardoaren salmentak mantentzeko eta, ahal bada, handitzeko egungo zailtasunak aipatu ditu Serranok. Horien artean, “ardoaren kontsumoa murrizten" dabilela dio, eta "haren irudia, oro har, hondatzen ari dela edari alkoholikoa delako; eta gazte asko ez dira ardoaren munduan sartzen”. Gainera, “oso sektore heldua da eta oso finkatuta dago; beraz, ardo fabriken lehia oso indartsua da Navarrsotillo bezalako upategi familiarrentzat”.
Thissenek bat egin du iritzi honekin. Bere ustez, “europar merkatuan sartzea (alemaniarra eta herbeheretarra, kasu) zaila da”. Izan ere, “bi herrialde hauetako eskualde askotan (batez ere Alemaniako iparraldean) ardo kultura propioa ez dagoenez, edariarekiko ezagutza murritza da, eta gastronomia orokorrean ez da oso ona”.
Bestalde, “ardoaren kontsumoa nonahi beherantz doa”. Horretaz gain, “konpetentzia oso handia da: hornitzaile handi batzuek ardoaren salmentaren %80 inguru biltzen dute, eta horrek zailtasun handiak dakartza ekoizle txikiagoentzat”. Hala nola, “produktuak prezio baxuagoekin eskaintzen dituzte”.
Erich Gisbert Thissen: “ardoaren kontsumoa nonahi beherantz doa. Konpetentzia oso handia da: hornitzaile handi batzuek ardoaren salmentaren %80 inguru biltzen dute, eta horrek zailtasun handiak dakartza ekoizle txikiagoentzat"
Hori dela eta, Serranoren hitzetan, “lurrarekin bide eta konpromisoak bilatu behar dira, ardoa bereizgarria egiteko, eta nekazaritza ekologiko eta biodinamikoa oso baliotsua da hein horretan”. Lehenik, “lurrarekiko eta norberarekiko konpromisoagatik gure seme-alabei gurasoen ondarea utzi ahal izateko”, eta bigarrenik, “ardoen kalitatea hobetzen laguntzen duen nekazaritza delako”.