Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen gaineko hitzarmena adostu dute

Gaurko gobernu kontseiluan onartuko da lege proiektua. EH Bilduk abstentzio bidez ahalbidetuko du aurrera ateratzea aurrekontuaren legea

Argazkia: Nafarroako Gobernua Argazkia: Nafarroako Gobernua

2025eko aurrekontuen akordioa hitzartu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. Elkarrekin adosten dituzten seigarren aurrekontuak lirateke. 6.431 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen gobernu kontseiluak urriaren hasieran, eta alderdi abertzaleak abstentzio bidez ahalbidetuko du aurrera ateratzea aurrekontuaren legea. Gaurko gobernu kontseiluan onartuko da lege proiektua, eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan emango ditu xehetasunak.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk hainbat bilera egin dituzte egunotan, eta aitortu dute ez dela erraza izan akordio batera iristea. Atzo eguerdian lortu zuten akordioa, eta EH Bilduk konpromisoa hartu du legebiltzarrean eskuineko oposizioak aurkez ditzakeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko.

Akordioa erdietsita, pozik azaldu da Arasti, “norabide berean arraun egiten ari direla”, adieraziz. EH Bilduko Laura Aznalek eta Adolfo Araizek agerraldian egin dute, eta argitu dute ez direla eurek nahiko zituzketen aurrekontuak, baina uste dute euren ekarpenei esker gobernuak hasieran aurkeztutako proposamena hobetu dutela.

Aurrekontuko zuzenketa partzialetan, hamabost milioi eurora arteko ekarpenak proposatu ditzakete EH Bilduk eta gobernuko bazkideek (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak). Halaber, koalizio abertzaleak 4,4 milioi eurora arteko zuzenketak aurkezteko parada izango du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK