Nagore Iriberri: "Gizonek soldata eskaintza negoziatzeko aukera handiagoa dute emakumeek baino"

Negoziazio baten testuinguruan ematen diren genero diferentziak aztertu ditu Iriberrik. Egindako ikerketen arabera, emakumeek lehiakorrak diren egoerak ekiditeko joera dute, gizonek, berriz, halako egoerak bilatzen dituzte

Nagore Iriberri | Argazkia: Utzitakoa Nagore Iriberri | Argazkia: Utzitakoa

Negoziazio batean koordinazioa garrantzitsua da, bi aldeak adostasun batera iritsi behar baitira. Aitzitik, alde bakoitzak bere interesak ere baditu, langileak soldata igotzeko edo lanpostuz hobetzeko soka bere aldera tira beharra du nolabait, baina hura hautsi gabe. Testuiguru horretan ere, emakumea edo gizona izatea ez da gauza bera. Negoziazioa genero ikuspegitik aztertu zuten atzo Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatutako foroan, Donostiako Kursaalean, eta gonbidatu berezia izan zen Nagore Iriberri. Kaliforniako San Diego Unibertsitatean Ekonomian doktorea, 2012tik Ikerbasqueko ikertzailea da eta EHUko irakaslea. Ohiko eredu ekonomikoetatik aldenduz, bestelako eredu batzuk ikertzeaz arduratu da bere ibilbidean, hala nola, genero eta jarrera ekonomia edota joko-teoria.

Atzoko foroan negoziazio baten testuinguruan eman daitezkeen genero arteko diferentziak izan zenituzten hizpide. Zeintzuk dira zuk identifikatuko zenituzkeen diferentzia nagusiak?

Negoziazioan identifikatu diren diferentzia nagusiak bi dira. Alde batetik, negoziatzeko unean negoziazioa hasteko gizonek emakumeek baino probabilitate altuagoa dutela topatu da. Lan merkatuaren testuinguruan eta lan eskaintza baten aurrean, gizonek batez beste soldata eskaintza hori negoziatzeko aukera handiagoa izango dute emakumeek baino. Bestalde, negoziazioan bertan ere, diferentziak aurkitzen direnean, normalean, gizonek emakumeek baino diru gehiago bereganatzen dutela aurkitu da.

Negoziazio baten esparruan lehiakortasun elementu bat dago beti, eta horrek nolabaiteko presioa eragin dezake. Presioaren inguruko azterketa egin duzu zuk, emakumezkoek eta gizonek desberdin erantzuten dutela ondorioztatuz. Zer ikusi duzu egindako ikerketetan?

Negoziazioak bi ikuspegi oso ezberdin ditu. Alde batetik, zuk ondo diozun bezala lehiakortasun dimentsio nagusi bat du: batek bereganatzen duena besteak irabazi lezakeenetik eskuratzen du, hau da, saria batentzat edo bestearentzat izan behar du. Baina, era berean, koordinazio dimentsio bat ere badu. Bi alde negoziatzeko esertzen direnean, akordio baten bila dabiltza. Bi ikuspegi edo dimentsio horiek muturreko egoerak dira. Horregatik da aztertzeko hain gai interesgarria negoziazioa. Eta ondo diozun bezala, egoera lehiakorren aurrean emakumeek eta gizonezkoek jarrera ezberdinak izan dituzte. Aukera emanez gero, emakumeek lehiakorrak diren egoerak ekiditeko joera dute; gizonek, berriz ez dute uko egiten, alderantziz, batzuetan halako egoerak bilatzen dituzte.

"Aukera emanez gero, emakumeek lehiakorrak diren egoerak ekiditeko joera dute; gizonek, berriz ez dute uko egiten, alderantziz, batzuetan halako egoerak bilatzen dituzte"

Zer faktorek eragin dezake negoziazioetako diferentzia horiek txikitzea? Eta gehiago handitzea?

Gure eta beste ikerlari batzuen ikerketan argi dago eragile nagusietako bat anbiguetatea dela. Negoziazio batean anbiguetate handia badago, diferentziak agertzeko aukera gehiago izango dira. Zer da anbiguetatea? Edo nola gauzatzen da? Informazio gutxiago dagoenean, adibidez, zenbat dago jokoan? Egoera askotan negoziazioan esertzen den alde batek informazio gehiago du besteak baino. Zer espero da egoera horretan? Zein da esperotako banaketa edo onargarria dena? Zenbat eta galdera gehiago egin behar badira, orduan eta aukera gehiago genero diferentziak agertzeko eta horiek handiagoak izateko. Adibide konkretuetara joz gero, enpresa batean ez badago argi soldata igoera edo promozioak noiz eta nola gauzatzen diren, aukera gehiago dituzte gizonezkoek horiek eskatu eta lortzeko, eta emakumeek, aldiz, ez eskatzeko edota lortutako soldata igoerak eta promozioak txikiagoak izateko. Zergatik? Gauzak argi ez daudenean, gizonengandik espero den jarrera egokia eta emakumeengandik espero dena diferenteak direlako.

Diferentzia horiek zer nolako eragina dute ekonomian? Emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala eragiten dute?

1990ko hamarkadaren amaiera arte, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala esplikatzeko, ikasketa mailak, adina, esperientzia edota lanbidea ezagutuz gero eta horiek guztiak kontuak hartuta ere oraindik diferentziak baldin bazeuden “diskriminazioa” zela esan ohi zen. Hala, azaldu ezin zena diskriminazio hori zen. Azken bi hamarkadetan aldagai gehiago hartu dira kontuan, eta horiek neurtzen hasi dira. Aldagai ez kognitiboak deitu izan dira askotan. Aldagai horietako batzuk dira lanbide zehatz batean soldataren negoziazioak duen garrantzia, edo gizon eta emakumezkoek negoziazioaren aurrean erakusten duten jarrera eta emaitzak.

"Enpresa batean ez badago argi soldata igoera edo promozioak noiz eta nola gauzatzen diren, aukera gehiago dituzte gizonezkoek hauek eskatu eta lortzeko"

Era berean, emakumeek ardura karguetara iristeko dituzten zailtasunen arrazoia izan daitezke diferentzia horiek?

Kasu honetan, faktore gehiago aipatu beharko lirateke. Hasteko ikasketa maila berdinak dituzten emakume eta gizonen arteko aspirazioak neurtu beharko lirateke. Baina atzoko foroan aipatu nuen AEBko negozio eskola famatu bateko ikasleei jarraipena egin zitzaiela ikerketa batean. Horiek finantza eta enpresa munduko goi karguetan lan egiteko MBA edo master bat egin zuten. Jarraipen horretan, soldata negoziatu zuten edo ez galdetu zitzaien lehenengo eta gizonezkoen %58k baietz esan zuen. Aldiz, soilik emakumeen %8k esan zuen negoziatu zuela. Horrek beraien etorkizuneko soldatan garrantzia handia du.

Zure ibilbide profesionalean genero ekonomia aztertu duzu. Zerk bultzatu zintuen esparru hori ikertzera?

Bi ikerketa lerro nagusi ditut. Alde batetik, egoera estrategikoetan erabakiak nola hartzen ditugun aztertzen dut. Joko-teoriaren paradigmak eskaintzen dizkigun predikzioak pertsonen erabakiak aurreikusteko zenbateraino erabilgarriak diren aztertzen dut. Bestetik, bada urte batzuk genero diferentziak ditudala aztergai. Gure mundu profesionalean ere, ekonomialari akademikoen artean, emakumeen presentzia urria da. Teoria ekonomikoko seminarioetan esertzen nintzenean, askotan alde batera eta bestera begiratu eta gizonak bakarrik ikusten nituen. Hori motibazio garrantzitsu bat izan zen. Bestalde, nik tesia bukatu nuen garai horretan genero ekonomia pil-pilean zegoen, eta ustekabean gai horietan nenbilen ni ere.

Jarreran oinarritutako ekonomia edo gaztelaniaz Economia del comportamiento bezala ezagutzen denaren inguruko ikerketa ugari ere egin dituzu. Zertan datza ekonomia hori? Eta zer ondorio nagusi atera dituzu egindako ikerketatik?

Ekonomia konduktual moduan ere ikusi dut itzulia (economía conductual). Ekonomia ereduak proposatzeko eta eraikitzeko ikuspegi bat da, non betiko paradigman orain arte aintzat hartu ez diren aldagaiak onartzen diren. Adibidez, ekonomia modeloetan irudikatzen dugun eragilea, erabakiak hartzen dituen agentea, arrazionala eta akatsik egiten ez duena da, memoria eta kalkuluak egiteko erabateko gaitasuna duena. Jarrera ekonomian edo ekonomia konduktualean agente hori egunero ikusten ditugun pertsonen irudiko egiten dugu: akatsak egin ditzake, memoria eta kalkulu gaitasun mugatuak izan ditzake, perfekziotik urrun dago estatistikako kontzeptuak ulertzerakoan adibidez, giza faktoreek ere eragina dute beregan (zer pentsatuko dute besteek nik egiten dudanaz?), gizartean onartua izan nahi du eta besteen onespena bilatzen du, faktore psikologikoak eta emozionalek ere badute eragina...

Banan-banan aldagai horiek guztiak onartzen ditugunean, nola aldatzen dira modelo horien aurreikuspenak? Hori da jarrera ekonomiak aztertzen duena. Askotan, aurkitzen den portaera bat azaldu nahi da, eta betiko paradigmak ezin du azaldu. Orduan motibazio konduktual bat duen faktore bat barneratu behar da modeloan eta portaera edo jarrera hori “arrazionalizatzen” duen modeloa birdefinitzen da.

"Ekonomia ereduak proposatzeko eta eraikitzeko ikuspegi bat da jarrera ekonomia, non betiko paradigman orain arte kontsideratu ez diren aldagaiak onartzen diren"

Une honetan zer gai ikertzen ari al zaren jakin al daiteke?

Momentu honetan, genero ekonomian nabil buru-belarri, datu errealekin. Ekonomialari akademikoen artean emakumeen presentzia urria eta zientzia ekarpenetan emakume eta gizonezkoek ditugun emaitzak aztertzen ari naiz. Bestalde, Espainiako medikuntza arloan, mediku espezialista bihurtzeko egin behar duten MIR azterketako datuak lortu ditugu, ia 40 urteko datuak. Medikuntza, izugarri feminizatu den gradua da. Emakumeak  1980ko hamarkadan %40 izatetik gaur egun 65% izatera pasa dira. MIR azterketako emaitzetan genero diferentziak ditugu aztergai, eta azterketa egin ondoren aukeratzen dituzten espezializazioak ere ikertu ditugu.

Eta etorkizunera begira, zer ikertzea gustatuko litzaizuke?

Ikerketaren mundu eta lana geldoa da. Ideiak, datuak, analisia, publikazioa… iraupeneko karrera bat dela esan daiteke. Aldi berean lan argitaratuak ditugu. Horiek dagoeneko ez dute lanik ematen, baina publikazio prozesuan dauden “bukatutako” lanak ere badaude, eta horiek oraindik lana ematen dute, errepasatu, aldatu, pentsatu berri duzun analisi berri bat egin… Oraindik web orrian argitaratu ezin diren ikerketak eta ideiak ere baditut. Finantza arloan emakume eta gizonezkoek eguneroko erabakiak nola hartzen ditugun, zenbat dakigun uste dugun eta uste horrek gure erabakietan nola eragiten duen edota laguntza eskatzeko garaian finantza gomendioak dira buruan ditudan ikertzeko beste zenbait ideia.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK