Naivet, Artaka, Anie eta Zentrala jatetxea izan dira Leartibai sarietako irabazleak

Pasa den ostegunean egin zen, Amoroton, sariketaren hirugarren edizioa. 37 proiektu aurkeztu dira aurten, iaz baino sei gehiago

Argazkia: Leartibai Fundazioa Argazkia: Leartibai Fundazioa

Leartibai Sarien hirugarren edizioko sariak banatu ziren joan den ostegunean, azaroak 21ean, Amorotoko (Bizkaia) udaletxe aretoan. Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei aitortza ematea du helburu sariak. Aurten, 37 proiektu aurkeztu dira, iaz baino sei gehiago, eta 2023-2024 epealdian Lea-Artibai (Bizkaia) eskualdean negozio berri bat martxan jarri duten ekintzaileak parte hartu dute lehiaketan.

Negozio ideia berritzaile onenaren saria Ondarroako Naiara Arantzamendi ekintzailearen Naivet proiektuak jaso du. Ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenaren saria Nahia Iparragirrek gidatutako Artaka – Zirko-motrizitatea izeneko proiektuak eta merkataritza establezimendu onenaren saria Ondarroan dagoen Anie dendak, zeinak arropa eta bitxiak saltzen dituen.

Olaia Urrestik jaso du emakume ekintzailearen saria, Berriatuako Zentrala jatetxearen kudeaketagatik, eta, azkenik, gazteek sortutako negozio ideia onenaren saria bost proiekturi eman diete: Alex Real Food, Babbel Kafetegia, Etxabe Odriozola Eraikuntzak, Habixi fisioterapia eta Sormen Lantegia.

Laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, irabazleek eta ekintzaile guztiek Leartibai Fundazioa bidelagun izango dutela azpimarratu zuen Esti Plaza fundazioko Ekintzailetza eta Talentu arduradunak “Leartibai Fundazioko ekintzailetza-teknikariak prest egongo gara beti proiektuen etapa bakoitzean behar duzuen laguntza eskaintzeko”. Sari guztien artean 15.500€ banatu dituzte tokiko ekintzaileentzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK