Next Generation EU programaren bitartez lortutako funtsetatik jada %71,8 exekutatu ditu EAEk. Espainiako Estatuko batez besteko tasa %57,5ekoa izanik, Mikel Torres lehendakariordeak adierazi du EAEko emaitzak “guztiok egiten ari garen ahaleginari” esker direla. Espainia mailan, soilik Galiziak gainditzen du EAE, funtsen %72 erabilita.
Programa 2021. urtean jarri zen martxan, eta ordutik 2.700 milioi euro jaso ditu EAEk. Diru kopuru horren ia erdia, 1.250 milioi, Eusko Jaurlaritzak kudeatu ditu; gainerakoa, Espainiako gobernuaren esku geratu da. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu den Torresen ustetan, ordea, “hobe” litzateke Eusko Jaurlaritzak funts gehiago administratuko balitu, eta bide batez, foru aldundi eta udalei “kudeatzeko banaketa bat” egitearen alde agertu da.
Next Generation EU funtsekin garatu diren proiektuak gertutik ezagutzeko, Zumarragara gerturatu da gaur lehendakariordea, Mikel Serrano alkatearekin batera. Herriak 8,4 milioi euro baino gehiago lortu ditu dagoeneko, hainbat deialdiren bitartez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak orotara kudeatutakotik 260 milioi euro bideratu zaizkie zuzenean foru aldundiei, mankomunitateei, baita udalei ere, haiek euren proiektuak garatu zitzaten.