
NICDO Nafarroako gobernuko sozietate publikoak bost gune kudeatzen ditu denera: Baluarte, Navarra Arena, Larra-Belagua, Planetario eta Nafarroako Filmategia. Eta 2024an, denen artean 500 ekitaldi baino gehiago hartu zituzten, eta 637.600 bisitari jaso. Jarduera horrek 45,52 milioi euroko gastu zuzena ekarri zuen foru erkidegora. Are gehiago, SROI inbertsioaren gaineko gizarte itzulkina neurtzen duen indizeari erreparatuz gero, inbertitutako euro bakoitzeko 1,65 euroko itzulkina egin dio sozietateak Nafarroari.
Datu horiek NICDOren eragin ekonomikoari buruzko 2024ko txostenean bildu dira, gaur goizean aurkeztu dena. Txostena hirugarren edizioaren aurkezpenean parte hartu dute José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun sailburu eta CPENeko kontseilari delegatuak, Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo sailburu eta NICDOko Administrazio Kontseiluko presidenteak eta Ramón Urdiáin NICDOko zuzendari kudeatzailea. Bertan izan dira, halaber, NICDOk parte hartzen duen sektoreetan "funtsezkoak" diren ehun bat erakunde eta eragile, aisialdi-ekitaldi eremukoak eta MICE kongresu, azoka eta erakusketa esparrukoak, alegia.
Aurkeztutako zifrek "NICDO enpresa sare oso baten motor gisa sendotzen dute, kulturarekin, kirolarekin, aisialdiarekin eta turismoarekin lotutako eragile eta sektoreena, gure erkidegoko bileretarako", mahaigaineratu du NICDOko presidenteak. Era berean, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan, NICDOk Nafarroako lurralde eta gizarte egituraketan "mugarria" ezartzen du, eta gako da jendea erakartzeko ere. "Ekitaldirako etortzen dira, eta hain pozik geratzen dira, ezen Nafarroara itzultzea erabakitzen duten".
ZIfrak aletuta, bisitarien ia erdia —%49— Baluartek antolaturiko ekitaldietara bertaratu zen, zehazki, 310.735. %33 Navarra Arenan eginikoetara joan ziren —04.511 asistentes—, %9 Planetariokoetara —56.576 visitantes—, %6 Larra-Belaguakoetara —37.988 asistentes, %3 bestelako espazioetara eta %2 Nafarroako Filmategira —9.988—. Hazkundea sumatu da nazioarteko bisitarietan, guztizkoaren %5,5 izan baitziren, 2023koaren %3,3arekin alderatuta. Halaber, lagunartean egiten dira bisita gehien, %26,8. Bikotearekin egiten diren bisitak lehenengo postutik bigarrenera pasa dira, eta %3,4 hazi da bakarrik doan pertsonen portzentajea.
Ekitaldi kopuruari erreparatuta, 410 egin ziren Baluarte, horietatik %40 jarduera kongresualari dagozkionak, eta %60 kultura arlokoak. Navarra Arenan, berriz, 90 egin ziren, %62 kultura eta kirolari loturikoak, eta %38 profil kongresualekoak.
Horrek guztiak eraman du NICDOk dituen egoitzetan gastu zuzena arestian aipaturikoa izatera, alegia, 45,52 milioi eurokoa. Horrek barnebiltzen ditu ostatuan eginiko gastua, 12,45 milioi eurokoa, eta ostalaritzan, garraioan eta erosketetan eginikoa, 11,73 milioi eurokoa. Gainontzekotik, 13 milioi euro inbertitu zituzten promotoreek norbere ekitaldiak NICDOren egoitzetan antolatzeko, eta NICDOk eginiko gastuak 8,28 milioi eurokoak izan ziren jarduera hori guztia hartu asmoz
Ondasunetan eta zerbitzuetan egindako zuzeneko gastuak eragin egiten du Nafarroako ekonomiaren beste sektore batzuetan ere. Txostenean jasotzen denez, estimazioa 79,6 milioi eurokoa da eragin ekonomiko guztia. Hori aintzat hartuta, jarduera horri erantzuteko behar den lanpostu kopurua kalkulatzen da: 803 lanpostu, NICDOk duen langile talde propioa alde batera utzita, 78 langilek osatzen dutena.
Hala, 11,28 milioi euroko zerga-bilketa suposatu zuen. "Diru-sarrera hori ez litzateke Foru Ogasunarentzat izango, gure sektorea eta sektore horretako enpresa eta eragile guztiak existituko ez balira ", nabarmendu du Urdiainek.