Nor da nor: erakundeen izendapen berrietan ez galtzeko gida (ekonomia edizioa)

Next generation funtsen kudeaketa, talentua, enpresen errotzean rol aktiboagoa jokatzea edo trantsizio energetikoari bultzada ematea izango dira Jaurlaritzako aurpegi berrien erronken artean. Gipuzkoan, aldiz, erreforma fiskala eta Araban lehen sektorearekin elkarlana sustatzea

Goian, ezker-eskuin: Mikel Torres, Noël d'Anjou, Mikel Jauregi, Denis Itxaso. Behean, orden berean: Susana García, Juan ignacio Pérez, Amaia Barredo, Itziar Agirre, Noemí Aguirre Goian, ezker-eskuin: Mikel Torres, Noël d'Anjou, Mikel Jauregi, Denis Itxaso. Behean, orden berean: Susana García, Juan ignacio Pérez, Amaia Barredo, Itziar Agirre, Noemí Aguirre

Ekainean hartu zuten kargua Eusko Jaurlaritzako sailburu berriek, eta uztaila eta abuztuan dagoeneko hasi dira lehen pausoak ematen. Erronka ugariri heldu beharko die Jaurlaritza berriak ekonomia, berrikuntza edo jasangarritasun ikuspegitik, baita fiskalitateari dagokionez ere. Eta horiei aurre egiteko erakundearen lehen lerrora berriki iritsi dira zenbait izen.

Hala ere, aldaketak ez dira soilik Jaurlaritzan gertatu. Jokin Perona Gipuzkoako Finantza eta Ogasuneko diputatuaren ezusteko heriotzak departamentuko arduradun berri bat izendatzera derrigortu du aldundia. Arabako Foru Aldundian ere izan da aldaketaren bat edo beste, baita Bizkaikoan ere.

Testuinguru horretan, eta lehendakaria bera alde batera utzita, nortzuk arituko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeen joko zelai ekonomikoan? Nondik datoz? Eta zein erronka dituzte aurretik? EnpresaBIDEAk artikulu honetan bildu ditu izenak eta profilak, baita departamentu bakoitzari dagozkion erronkak ere.

Mikel Torres Lorenzo: Ekonomia, Lana eta Enplegu sailburua

Torres, Radio Popularren eginiko elkarrizketa baten | Argazkia: Irekia
Torres, Radio Popularren eginiko elkarrizketa baten | Argazkia: Irekia

Mikel Torres Lorenzok (Portugalete, 1970) Idoia Mendiaren departamentuaren lekukoa hartu du, baita ekonomia sailaren ardura hartu ere, alegia, aurreko legealdian Pedro Azpiazuk zuzendutako departamentuko zati bat. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Lizentzia eta Finantzan Masterra egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta unibertsitate berean Ekonomia doktoretza egin zuen. 16 urte egin ditu Torresek Portugaleteko alkate lanetan, PSE-EEko hautagai gisa, eta 2014tik Bizkaiko PSEko Idazkari Orokor da.

Halaber, departamentuak bi sailburuordetza zituen aurreko legegintzaldira arte, eta hirugarren bat gehitu du: Ekonomia eta Europako Funtsetakoa. Bertako sailburuorde izango da Iñaki Ruiz Manzano Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko presidente ohia. Beste biak dira Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordetza, eta Enplegu eta Gizarteratzekoa, eta horietan sailburuorde karguak errepikatuko dituzte Elena Pérez Barredok eta Alfonso Gurpegui Ruizek, hurrenez hurren.

Sailaren erronken artean izango da, batetik, Next Generation Funtsen kudeaketa, batez ere Ruiz Manzanoren sailburuordetzatik. Funtsen kudeaketaren guztizkoa ez dago erakunde autonomikoen esku. 2024ko lehen seihilekorako EAEri guztira 2.500 milioi euro esleitu zitzaizkion, eta horietatik erdia soilik kudeatu ditu erkidegoak. Jaurlaritzak bideratutako laguntzen %75 dagoeneko martxan dauden edo bukatu diren proiektuetara bideratu dira. Aurreko legegintzaldian Jaurlaritzaren aldarrikapenetako bat izan da funts horien kudeaketa autonomikoa sustatzea, eta ikusteko dago aldarrikapenari eutsiko ote dion legegintzaldi honetan. Edozein kasutan, funtsen banaketarekin aurrera egin beharko du departamentuak.

Sailaren erronken artean izango da Next Generation Funtsen kudeaketa. [...] Horrekin batera, Enplegu Legean jasotako gobernantzaren ezarpenean lan egiten jarraitzea egokituko zaio

Horrekin batera, Enplegu Legean jasotako gobernantzaren ezarpenean lan egiten jarraitzea egokituko zaio, erakunde arteko lankidetza sustatuz. Lege berdinaren baitan, Lanbide erakunde autonomo izatetik zuzenbide pribatuko ente publiko izateko lanketa gauzatzea ere izango da departamentuaren esku.

Hirugarren zutabeetako bat izango da talentuaren erronkari aurre egiteko politiketan lan egitea, enpresen kezkari eta aldarrikapenei eutsiz. Eta elkarrizketa sozialerako mahaien kudeaketa ere egokituko zaio. Momentuz, ikasturte berrian bi eragile berri izango ditu Lanbideren Kontseiluan: LAB sindikatua, batetik, eta Konfekoop kooperatiben konfederazioa, bestetik, azken honen kasuan Confebaskekin akordio batera iritsi ostean.

Bestalde, orain arte Azpiazuren departamentuak kudeatutako Eustat Estatistikaren Euskal Institutua ere Ekonomia sailari loturik izango da.

Noël d´Anjou Olaizola: Ogasuna eta Finantza sailburua

Noël d'Anjou, uztailean eginiko BasqueFIKen bileran | Argazkia: Irekia
Noël d'Anjou, uztailean eginiko BasqueFIKen bileran | Argazkia: Irekia

Pedro Azpiazuk orain arte zuzendutako departamentuaren gainontzeko esparruak Ogasun eta Finantza departamentuaren aterkipean geratu dira, eta lekukoa Noël d'Anjouk (Irun, 1975) hartuko du. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Masterra du Finantza Arriskuen Kudeaketan (BME Institutuan), baita Zuzendaritza orokorrean aditu izan ere. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, bankuen eta finantzen sektorean aritu da, zehazki, Crédit Agricole Indosuez eta Kutxabank taldeetan. 2023an Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren Garapeneko zuzendari izendatu zuten, baita Norbolsako kontseilari ere 2024ko martxotik.

Oraingoa esparru publikoan izango den lehen kargua da d'Anjourentzat. Taldean du Iñaki Alonso Arce Ogasun sailburuordea, Bizkaiko Foru Aldundian Ogasun zuzendari aritutakoa, eta baita Jose Enrique Corchon Alvarez ere, bigarren hau Finantza eta Aurrekontu zuzendaritzan. Izendapen berrira arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantza eta Aurrekontuetako zuzendaria izan da Corchon.

Hiru erronka nagusi izango ditu Ogasun eta Finantza departamentuak. Lehena, Jaurlaritzaren aurrekontuak kudeatzea. "Gidalerro nagusiak" uztailaren 9an aurkeztu zituen sailburuak, "osasuna protagonista nagusia" izango dela nabarmenduz, baita etxebizitzari, talentua erakartzeari, lehen sektoreari edo I+Gari dagozkion apustuak eginez ere.

Hiru erronka nagusi izango ditu Ogasun eta Finantza departamentuak: Jaurlaritzaren aurrekontuak kudeatzea, Finantzen Euskal Institutua —eta Finkatuz programa— bideratzea eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren administrazioa, erakunde autonomo izanik ere

Bigarrena, Finantzen Euskal Institutua bideratzea, aurreko legealdian onartutako Finantzen Euskal Institutuaren Legearen ostean. Tresna horren helburua da Jaurlaritzak enpresei kreditu eta abalak eman ahal izatea, eta enpresen jabetzan eta akzioetan parte hartzea, Finkatuz funtsaren bitartez errotzea bermatzeko. Hala parte hartzen du Jaurlaritzak, esaterako, ITP Aeroren akzioetan. Enpresen tamainak geroz eta garrantzia handiagoa duen mundu globalizatuan, gainera, erakundetik finantzetan berrikuntza sustatzeko erronka ere izango du d'Anjouk zuzenduko duen departamentuak.

Eta hirugarrena, Lehiaren Euskal Agintaritzaren administrazioa, erakunde autonomo izanik ere. Otsailean onartu zuen 2024-2028 Plan Estrategikoa, besteak beste lehia sustatu eta horren defentsa egin edo erakundearen bikaintasun operatiboa lortzeko.

Mikel Jauregi Letemendia: Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun sailburua

Jauregi, klusterretako zuzendariekin eginiko bileran | Argazkia: Irekia
Jauregi, klusterretako zuzendariekin eginiko bileran | Argazkia: Irekia

Mikel Jauregi Letemendiak (Zarautz, 1974) atzerrian egin du orain arteko lan ibilbidearen gehiengoa, tartean Erresuma Batuan, AEBn, Errusian, Angolan eta Brasilen. Soziologian lizentziatu eta Industria Harremanetan espezializatu ostean Deustuko Unibertsitatean, London School of Economicsen egin zuen masterra. Bere azken lana ere Erresuma Batuan izan da, Centrica Plc-ko zuzendari, Europa mailako proiektuetan, elektrizitatea eta hidrogenoa sortzeko eta berriztagarriak optimizatzeko. Horren aurretik, 2020tik 2022ra, BP Plc-n —British Petroleum izandakoan— egin zuen lan, gasaren eta berriztagarrien dibisioan. Bestalde, 2019tik 2022ra eguzki-energia garatzen dabilen Europako eta AEBetako enpresa nagusietako baten administrazio-kontseiluko kide izan da.

Arantxa Tapiaren lekukotza geratu da bere esku, eta departamentuaren barruan hiru sailburuordetza dira: Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitalekoa, kargua mantendu duen Estibaliz Hernaez Laviñaren gidaritzapean; Industriakoa, Andoitz Kortak hartuko duena, Joxe Mari Korta Adegiko presidente izandakoaren semeak; eta Jasangarritasunekoa, momentuz izendatutako sailbururik ez duena.

Jauregiren departamentuaren ardura izango da Trantsizio Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren Legearen aplikazioarekin jarraitzea, eta energia berriztagarrien ezarpenarenaren bideorritik mantentzea

Jauregiren departamentuaren ardura izango da Trantsizio Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren Legearen aplikazioarekin jarraitzea, eta energia berriztagarrien ezarpenarenaren bideorritik mantentzea. Ezarritako helburuen arabera, EAEko 2030erako mix energetikoarenaren %21 izan behar da berriztagarria, eta 2050erako CO2 neutraltasuna du helburu erakundeak. Azken hiru urteetan energia fotovoltaikoko eta eolikoko 60 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, baina ordura arte EAEk 15 urte zeramatzan airesorgailu parke berriak jarri gabe.

Industriari dagokionez, sektoreak ez du bere egoerarik onena bizi, eta lehen seihilekoan ikusi da eskaera zorroa apaldu egin dela, batez ere euskal enpresen merkatu diren Frantzian edo Alemanian industriak bizi duen egoera dela eta. Bigarren seihilekoari begira egoerak hobera egitea aurreikusi bada ere, testuinguru horretan ekingo dio sailburu berriak eta haren taldeak industria politikak egiteari. Horretarako garatuko duen tresna izango da Garapen Industrialeko Plana 2028, kargua hartu zuenean zehaztutakoaren arabera.

Era berean, arestian aipatu bezala, talentuaren erronka da industriaren kezka nagusienetako bat. Ildo horretatik, atzo Miramar Jauregian EGAB EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak eginiko txostenean biltzen zen politika industrial horretan ezinbestekoa izango dela lan-ikuspegia gehitzea, eraldaketa teknologikoa berbideratzeko, automatizioa eta giza kapitala uztartzea ahalbidetuko dutenak. Ikuspegi horretatik, politika industrialak Jauregik berak zuzenduko duen departamentuaren eta Torresek zuzenduko duenaren arteko elkarlana eska dezake.

Denis Itxaso Gonzalez: Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua

itxaso radio euskadi 10
Itxaso, uztailean eginiko prentsaurreko baten | Argazkia: Irekia

Espainiako gobernuaren ordezkari lanetan aritu da 2020tik Denis Itxaso Gonzalez (Donostia, 1975), martxoan Eusko Legebiltzarrera salto egin zuen arte. Politika Zientzietan lizentziatua da EHUn, eta 1998tik darama PSE-EE alderdian. Donostiako Udalean zinegotzi lanetan aritutakoa da, kultura, mugikortasun eta ingurumenean, eta 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundira egin zuen salto Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu gisa.

Itxasok Iñaki Arriola buru zuen departamentuaren zati bat hartu du. Taldean du Miguel de los Toyos Nazabal, Etxebizitza sailburuorde berria. De los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea izan da aurreko legealdian. Hain zuzen ere, sail horretako arduraduna Miguel Ángel Páez Escamendi da hemendik aurrera, Bidasoa Activa Bidasoako (Gipuzkoako) garapen agentziako presidente eta Irungo udaleko Ekonomia, Ogasun, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi ohia.

Etxebizitzaren aldeko 2036 Itun Soziala tresna gakotzat jo dute, eta bertan jaso da datozen 15 urteetan alokairuko etxebizitzen parkea bikoiztea

Etxebizitzen auzia "egiturazko erronka" gisa ezarri dute EGABeko organo aholku-emaileek, tartean alokairu eskuragarriak eta birgaitzeak sustatzeko beharra. Etxebizitzaren aldeko 2036 Itun Soziala tresna gakotzat jo dute, eta bertan jaso da datozen 15 urteetan alokairuko etxebizitzen parkea bikoiztea, baita esparru horretan lan egiten duten eragileen arteko lankidetza sustatzea ere. Norabide horretan pausoak definitzeko gakoa izan daiteke legealdia.

Halaber, gazteen emantzipazioan eta kolektibo zaurgarrienen etxebizitzarako eskubidean laguntzeko proposamenen lanketarekin jarraitu beharko du sailak. Eta ez soilik alokairuari dagokionez. Atzo betan INEk kaleratutako datuek arabera, %8,5 hazi da etxebizitzen prezioa, 2007tik jazo den urte arteko tasaren igoerarik handienean. Etxebizitzen salerosketa nola erregulatu ere izango du erronka sailak.

Susana García Chueca: Mugikortasun Jasangarriko sailburua

Garcia Chueca, kargua hartu zuen egunean | Argazkia: Irekia
Garcia Chueca, kargua hartu zuen egunean | Argazkia: Irekia

Iñaki Arriola buru zuen departamentuaren beste zatiko arduraduna Susana Garcia Chueca da (Donostia, 1969). Madrilgo Complutense Unibertsitatean egin zituen Politika Zientzietako ikasketak, eta Gipuzkoako PSE-EEri loturik egin du bere ibilbidearen zati nagusia. Ikasketa eta Programetako idazkari izan da azken urteotan, eta horren aurretik 2022ra arte Gizarte Politiketako eta Berdintasuneko idazkari. 2003tik Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide lanetan aritu da, eta 2016tik baita bozeramaile ere.

Departamentuan sailburuordetza bakarra dago, zehazki, Azpiegitura eta Garraiokoa, eta Luis Pedro Marco de la Peña orain arteko arduradunak eutsi dio sailburuorde karguari.

EAEtik igaroko den AHTaren ibilbideari loturik sortzen ari diren tirabirei irtenbidea bilatu beharko die departamentuak. Ez du, baina, erronka bakar hori izango; Donostiako metroa, Galdakaora iritsi litekeen 5. linea edo Gasteizko tranbiaren zabaltzea ere bidean izan daitezke.

Gainera, ikuspegia zabalduz, geroz eta gehiago dira mugikortasun eredu berrien beharraz ohartarazten ari diren ahotsak. Nola uztartu autoen erabileraren murrizketa hainbeste lanpostu sortzen dituen Mercedesen lantegia Gasteizen mantentzearekin? Hor dago koxka.

Amaia Barredo Martín: Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua

03 09 2024 DSS GASTRONOMIKA  5
Barredo, San Sebastián Gastronomika-Euskadi Basque Countryren aholkularitza batzordearen aurkezpenean | Argazkia: Irekia/ EJ-SS Gastronomika

Amaia Barredo Martínek (Donostia, 1970) urtebete egin du Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazarita eta Landa diputatu gisa. Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua da EHUn, eta unibertsitate berean MBA bat du Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketan. Ibilbidea Product Manager gisa hasi zuen Eusko Labelen batzorde erregulatzailean, eta ondoren Sustapen arduradun izan zen Kalitatea Fundazioan, 2005era arte. Neiker-Tecnaliako Komunikazio eta Marketing zuzendari izan zen 2007an eta 2009-2013 bitartean, eta tartean Elikagai segurtasuneko zuzendaritzan aritu zen. Jaurlaritzan ere hainbat zuzendari kargu izan ditu, eta Ingurumeneko sailburu izan zen 2020ko irailetik 2021eko martxora arte. Azken kargu horretan egindako mugimendu batengatik ikertzen ari da fiskaltza, prebarikazio delitua izan daitekeelakoan. Epaileak erruduntzat joko balu, Barredo kargugabetuta geratuko litzateke.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordetza da departamentuko bakarra, eta Raul Perez Iratxeta du arduradun. Azken legegintzaldian Arantxa Tapiak zuzendu duen Ekonomia Garapeneko departamentuko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari izan da Perez Iratxeta.

Aldaketa klimatikoaren auziak eragin berezia du lehen sektorean eta elikagaien esparruan. Azken urteetan ikusi da, adibidez, lehorteek izan dituzten eraginak uztetan. Horiei irtenbide bat bilatzeko elkarrizketa lantzea izango da Barredoren lanetako bat. Beste bat arrantza sektorearen dibertsifikazioa sustatzeko politikak bilatzea izango da, baita oro har sektoreetan berrikuntza teknologikoa sustatzea ere.

Juan Ignacio Pérez Iglesias: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua

Juan Ignacio Perez | Argazkia: Bilboko Udala
Juan Ignacio Perez | Argazkia: Bilboko Udala

Hezkuntza departamentuaren eskumen izandako unibertsitateen esparruak sail jakin bat izango du legealdi honetan, eta Juan Ignacio Pérez (Salamanca, 1960) izango da bertako sailburu. Pérez Iglesiasen orain arteko ibilbidea unibertsitateari oso lotua egon da. Fisiologiako katedraduna, 2004 eta 2008 urte bitartean EHUko errektore aritu zen. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide ere bada, eta 2020tik 2024era erakunde horretako presidente ere. Akademia horretako presidentea izan da (2020-2024), EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria 2010etik, eta Donostia International Physics Centerreko kidea 2014tik. 2019an Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen.

Departamentu berriak Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordetza du, eta Adolfo Morais Ezquerrok du sailburuorde postua, orain arte Hezkuntzan egindako lanpostu berdinari jarraiki.

Datuek diote EAE "bikaintasun-polo" dela RIS 2023 eskualdeko berrikuntzako adierazleen Europako panelean. Iaz Eurostatek partekatutakoaren arabera, I+Gan egiten den BPGaren gaineko inbertsioa %2,32koa da EAEn, Europako batez bestekoa %2,27koa izanik. Innobasqueren datuen arabera, 2024an 2.068 milioi euroko zifra inbertituko da berrikuntzan, eta Jaurlaritzaren kasuan 700 milioiko aurrekontua onartu zen 2024rako. Hala ere, aipatzekoa da Europako eskualde aurreratuenetan inbertsio hori BPGaren %3 eta %5 artekoa izatera iristen dela, eta bide horretan pausoak emateko erronka jarri du Pérezek Iglesiasek. 

Noemí Aguirre Quintana: Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatua

Aguirre, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiarekin, izendapenaren egunean | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Aguirre, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiarekin, izendapenaren egunean | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Aguirrek (Dulantzi, 1976) Amaia Barredo ordezkatuko du Nekazaritza diputatu karguan, eta Barredok zuzendutako Jasangarritasun eta Trantsizio Energetiko departamentuak sailez aldatuko dira, Saray Zarate Garapen Ekonomikoko eta Berrikuntzako diputatuak ardura hartuko duelarik.

Nafarroako Unibertsitatean ingeniaritza agronomoa ikasi zuen Aguirrek, eta agroekologian aditua da unibertsitate beretik. Abere kooperatibako abeltzaintza azpiproduktuen kudeaketako tekniko izan da, baita AIRA Arabako Erremolatxa Elkarte Independenteko eta San Francisco Javier upategi kooperatiboko tekniko ere, azken hori Sadan (Nafarroan) kokatua. 2021etik Dulantziko Lursare Ekosistemasen aritu da lanean, nekazaritza ekologikoan, lurraren leheneratzean, nekazaritzan eta abeltzaintzan espezializaturiko aholkularitzan. Esparru publikoan, 2019tik zinegotzi izan da Dulantziko udalean, eta 2023an alkatetzarako hautagai ere izan zen.

Barredok Jaurlaritzan heldu beharko dion bide antzekoari heldu beharko dio Aguirrek Arabako Foru Aldundian. Lehen sektoreko ordezkariekin elkarrizketa sustatu beharko du, Araban azken urteetan pandemiak lehenik eta lehorteak ondoren izan dituen ondorioak direla eta.

Itziar Agirre Berriotxoa: Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantza eta Ogasuneko diputatua

Agirre, Eider Mendoza Diputatu Nagusiarekin, kargu-hartze ekitaldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Agirre, Eider Mendoza Diputatu Nagusiarekin, kargu-hartze ekitaldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Abuztuan hilberri den Peronaren kargua hartu zuen astelehenean Itziar Agirre Berriotxoak (Urretxu, 1975). Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu ostean, enpresa pribatuan egin zuen bere lan-ibilbidearen lehen zatia. Zehazki, 1999tik 2003ra bitarte Manufacturas Oriako administrazio-lanak gauzatu zituen, eta horren ostean Elkarlanen aritu zen abokatu aholkulari 2013ra arte. Elkarlaneko egitekoak funtzio publikoekin uztartu zituen: 2003tik 2007ra zinegotzi lanetan aritu zen Urretxuko Udalean, eta ondoren prokuradore Gipuzkoako Batzar orokorretan. 2013an salto egin zuen Eusko Jaurlaritzara, lehenik Zerga Administrazioko zuzendari gisa, eta 2017tik aurrera, Ogasun sailburu bezala.

Erreforma fiskalari heldu beharko dio Agirrek, PFEZari zein Sozietateen Gaineko Zergari loturiko hainbat aldaketa barnebilduko dituena

Aurrekontuak izango ditu departamentuaren ardura, eta ez du legealdi makala izango zentzu horretan. Izan ere, oposizioak blokeatu egin zituen iaz 2024ra begirakoak, eta horrek formula berriak bilatzea eskatuko dio Eider Mendoza diputatu nagusiaren zuzendaritzapeko taldeari.

Erreforma fiskalari ere heldu beharko dio Agirrek, PFEZari zein Sozietateen Gaineko Zergari loturiko hainbat aldaketa barnebilduko dituena, tartean errenta baxuenei zerga ordainketa murriztea, eta altuenen kasuan gehikortasuna areagotzea justizia fiskala lortu asmoz, edo pizgarri fiskalak sustatzea ekonomia berdeagoa bultzatze aldera. Hala ere, badu beste erronka berehalako bat: mutualistei loturikoa. Izan ere, 1967 baino lehen lan egin eta lan-mutualitate batean kotizatu duten pentsiodunek diru itzulketa eskatzeko aukera izan dute iazko ariketari loturik. Eskakizunen %70i erantzuna eman zien dagoeneko aldundiak, baina gainontzekoak geratzen dira oraindik.

Agirrek taldean izango du Aitziber Beldarrain Robles, Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari orokor berria. Legazpiarra, 2017tik Eusko Jaurlaritzako Erakunde Baliabideen zuzendari izan da.

Bizkaiko Foru Aldundian, aldaketak zuzendaritza mailan

Bizkaiko Foru Aldundiaren diputatuen artean ez da hauteskunde osteko aldaketarik izan. Aldaketa esanguratsuena joan den udazkenean gertatu zen, EAJk Imanol Pradales Gil ordura arteko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatua lehendakarigai izendatu zuenean. Haren ordezko izan da, geroztik, Carlos Alzaga Sagastasoloa. Ogasun departamentuan, baina, Ogasuneko zuzendari izendatu dute Antonio Pérez, Iñaki Alonso Arce Jaurlaritzara joan ostean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK