
Oarsoaldean proiektu berria jarri dute martxan, Gipuzkoako zenbait garapen agentziekin lankidetzan, eskualdeko enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Enpresen lehiakortasunerako “faktore estrategiko” gisa definitu dute nazioartekotzea, batetik, ingurunearekiko mendekotasuna murrizten duelako, eta, bestetik, arrisku ekonomikoak txikitzen dituelako. Gaineratu dute beste merkatuetara hedatzeak negozioen irudia hobetzen duela.
Proiektua garatzeko Oarsoaldeak pertsona bat izango du Argentinan, zeina bertan lanean arituko den martxotik azarora bitartean, Global Training bekari esker. Pertsona horren helburua herrialdeko merkatua aztertzea izango da, prospekzio-lanak egitea; hala, Oarsoaldeko enpresei merkatu horretan sartzen lagunduko die.
Egitasmoarekin tokiko garapen ekonomikoa sustatu nahi izan du Oarsoaldeak, eta horretarako Argentina aukeratu dute, besteak beste, herrialdeak “oinarri industrial sendoa” eta “nekazaritza-sektore nabarmena” duelako. “Kokapen estrategikoa” duela ere azpimarratu dute.