Oliba olioari esker aberastu den inbertsio funtsa

Oliba olioaren garestitzeak norbanako eta enpresa gehienei eragin badie ere, badaude salbuespen batzuk

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Supermerkatuan oliba olioa erostea ez da edozein patrikarako egokiena. Izan ere, litro bateko botila batek ia hamar euro balio du, iaz baino % 31 gehiago. Garestitze hau gehien nabaritzen dutenak beste produktu batzuk egiteko olio kopuru handia erabili behar duten norbanako eta enpresa dira. Hala ere, bada krisi batetik aukera bat ikusten duenik; produktu paregabe batekin aberatsa egiten ari dena, Beka Finance inbertsio funtsa, hain zuzen.

Orain bi urte, okerrenean jarrita ere, inork ez zuen espero olioaren egungo prezio altua. Lehorteak izan dira olibaren ekoizpenaren beherakadaren errudun, eta nekazari eta kooperatiba askoren porrota ekarri dute. Hala, egoera guzti honek eragin du prezioaren garestitzean, nahiz eta guztiei kalte ez egin. Cinco Dias egunkariak aurreratu duenez, Beka Finance aktibo kudeatzaileak arrisku kapitaleko funts bat abiarazi zuen 2020an, olibondo landaketetan inbertitzen espezializatua eta ekoizpen sistema modernoenak zituela.

Bada krisi batetik aukera bat ikusten duenik, produktu paregabe aberatsa egiten ari dena, Beka Finance inbertsio funtsa, hain zuzen

Teknika agronomikoak erabiltzen dituenez, ekoizpenean ez du kalte handirik izan, eta inoiz baino gehiago fakturatzen ari dira. Produktua eskuratu dezaketen banku pribatuko bezeroek (100.000 euroko gutxieneko inbertsioarekin) urtean % 20ko errentagarritasuna lortu dezakete.

Fernando de la Vegak, Beka Financeko salmenta arduradunak, jatorrizko ideia ez zela olibadietan inbertitzea aitortu du prentsan. "2019an interes tasek oso baxu jarraitzen zutela ikusten genuen, eta bonuen eta burtsaren ordez beste inbertsio batzuekiko interes handia zegoela ere erreparatu genuen, burbuila bat zegoen ohiko arrisku kapitaleko funtsetan; horregatik, gure bezeroentzat aukera berriak bilatzen hasi ginen".

Hotelen erosketan espezializatutako funts bat sortzea pentsatu zuten, baina pandemia zela eta ideia baztertu eta agribusiness deiturikoan sartzeko aukera baloratzen hasi ziren: lehen sektoreko inbertsioa, baina finantza irizpide oso aurreratuekin. Hori dela eta, Bolschare Portugalgo familia konpainia batekin elkartu ziren. Enpresa honek hektarea bakoitzeko 300 olibondo izatetik ia 2.000 izatera pasatzeko teknika berezia du, produktibitatea biderkatuz. Gainera, olibondoak lerrokatuta eta altuera gutxikoak zirenez, biltzeko teknika ez dute eskuz egiten, heskaien gainetik pasatzen diren traktoreekin baizik. Modu honetara, ziztu bizian biltzen dute uzta. Era berean, landaketaren egoeraren kontrola dronekin egiten da.

Buruko mina eragiten duen lehortea (baita poza ere)

Olioaren inflazioaren arrazoiak anitzak dira: Ukrainako gerra (beste olio batzuen ekoizpena murriztu du) edota kostuen garestitzea (erregaien eta ongarrien igoeragatik. Aitzitik, faktore nagusia lehortea da.

Espainiar estatuak munduko oliba olioaren ia erdia ekoizten du, eta jardun guztiaren % 70 lehorrean egiten da. Azken bi urteetako euri eskasiarekin, oliba uzta amildu egin da. Sektoreak egindako kalkuluen arabera, 2023an 700.000 kilo olio ekoiztuko dira, ohikoena, ordea, bikoitza ekoiztea izan da orain arte, 1,3 milioi kilo inguru.

De la Vega (Beka Finance): "Pandemiarekin agribusiness deiturikoan sartzeko aukera baloratzen hasi ginen: inbertsioa lehen sektorean, baina finantza irizpide oso aurreratuekin"

Unio de Pagesos Kataluniako nekazarien kooperatibako olioaren sektoreko arduraduna da Jordi Pasqual, eta bere hitzetan, Katalunian urtean batez beste 30.000 tona olio ekoitzi beharko lirateke. Iaz, lehorteak ekoizpenaren erdia galtzea ekarri zuen, 15.000 tona inguru. Eta aurten egoerak okerrera egin du, 7.000 tonako olio ekoizpena aurreikusten baita. Kooperatibaren arabera, "ez dute antzeko egoerarik gogoratzen lanean daramatzaten berrogei urte hauetan".

Bada, aurtengo sasoia apirilean eta maiatzean galdu zen. Horregatik olibondoak berriro fruitua ematea eta 2024ko denboraldia salba nahi baldin bada, datorren irailetik aurrera euria egin beharko lukeela gogorarazi dute. Dena den, batzuek krisi batean aukera berriak ikusten dituztela dirudi.

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK