• EKONOMIA
  • Ollaran berpizten lagundu duen baserri-eskola

Ollaran berpizten lagundu duen baserri-eskola

Gure Sustraiak irabazi asmorik gabeko kooperatiba nafarrak landa-jarduerari buruzko hezkuntza eskaintzen du. Ekonomia soziala ardatz, urtero 3.500 ikasle jasotzen dituzte Ollo eta Iruñeko aterpetxeetan

Olloko Gure Sustraiak baserri-eskola | Argazkia: utzita
Olloko Gure Sustraiak baserri-eskola | Argazkia: utzita
Imagen 122
Kazetaria
2025eko apirilaren 24a
Eg. 2025eko apirilaren 24a

Gure Sustraiak baserri-eskola 2001an jaio zen, enpresa-proiektu ilusionagarri bat ezarri nahi izan zuten bi kideren eskutik: Pedro Lopezek eta Raul Pilarek. Landa-plan bat begiztatu zuten, landa-eremuaren sustrai tradizionalekin bat egin zezana.

 

Hori kontuan hartuta, eta abian jartzeko hainbat kokapen aztertu ondoren, Iruñerriaren mendebaldeko bazterrean dagoen Ollo herrira iritsi ziren, non bizilagunek eraikin bat ostatu bihurtzeko proiektu bat zuten, duela urte batzuetatik etenda zegoena. Erronka beren gain hartu eta hilabete batzuen buruan bukatu zuten obra, auzolanaren bidez eta apustu ekonomiko pertsonal garrantzitsu batek hauspotuta. 2002ko otsailaren 23an, Gure Sustraiak Euskal Etxearen ibilbidea hasi zen, familia eta taldeentzako ostatu baten kudeaketarekin. Aldi berean, herrian bertan dagoen 2500 metro karratu inguruko orube batean, baserri-eskola txiki eta xume bat hasi zen forma hartzen, eta horri esker ekin zioten ingurumen hezkuntzako jarduerari.

Langileei dagokienez, hasieran López eta Pilar ezagunekin jarri ziren kontaktuan, ibilaldietaz eta bestelako ekitaldietaz arduratu zitezen. Gaur egun, baserri-eskolak 40 langile inguru ditu, eta gehien-gehienak bazkideak dira. Horietako bat Gorka Cubelos Pérez da, 45 urteko iruindarra, kooperatibako hezkuntza eta turismo arloko koordinatzailea.

 

Gure Sustraiak-en proiektuen ibilbidea

Cubelosen hitzetan, “2005an desgaitasuna eta mendekotasun maila handia duten pertsonentzako oporretako programak” hasi ziren eskaintzen. Kooperatiban pisua eta balioa hartzen joan zen lan-ildo horri esker, bazkideek pertsona horientzako egoitza eta okupazio baliabide bat martxan jartzearen aldeko apustua egin zuten 2013an, eta 150.000 euroko inbertsioa egin zuten, aterpetxe irisgarri eta jasangarri berri bat eraikitzeko.

2013an Nafarroako Gobernuko Ekonomia Sozialetako Departamentuak urte eta erdiko proiektu pilotua proposatu zien: tutoretzapeko pisu bat. “Oso emaitza onak eman zituen”, esan du Cubelosek. Ondorioz, bost plazetatik 12 plaza edukitzera pasa ziren. 2022an, beste okupazio-zentro bat jarri zen martxan Iruñeko Gurbindo Etxean, 12 plazaz osatua, "Olloren erreplika bat sortu den eremu natural bat", eta Hirikimuak izena jarri zitzaion.

“2005an desgaitasuna eta mendekotasun-maila handia duten pertsonentzako oporretako programak” hasi ziren eskaintzen

Okupazio-zentro horietan, parte-hartzaileek honako gaiak lantzen dituzte: nekazaritza eta abeltzaintza lanak, heziketa ekintzak, udaberrian eta udazkenean egiten diren eskola kanpainak, ostalaritza zerbitzuak eta ekitaldietarako cateringak.

IMG 4833

Gure Sustraiak-en planoa argibide-taula batean | Argazkia: utzita

Hezkuntza-metodo berritzailea

Cubelosek eta bere taldeak hezkuntza-sistema ez-formala eskaintzen dute, balioen transmisioan (esaterako, ingurunea eta landa-eremuekiko errespetua) oinarritzen dena. Helburua “bizipenak eta esperimentazioa eskaintzea” da. Horrek “landa-eremuarekiko irudi baikorra” eratzen laguntzen du. Ondorioz, “ikasketak ikasleen curriculum-era moldatu daitezke” eta euren sorospena bermatzen da. Hezkuntza formalean eskuratzen diren edukiak “finkatzen” dira.

Horiek gai zehatzak izaten dira; esate baterako, animaliak, landareak edo ekosistema. Irakasleei “jardueren dossier bat” eskaintzen zaie eta horietatik aproposen ikusten dituzten ekintzak aukeratzen dira. Hizkuntza-murgilketa ere eman ahal da, ikasleek euskara entzun eta erabili dezaten.

Gure Sustraiak kanpaina bakoitzeko 3.000 ikasle inguruz arduratzen da, Ollo eta Iruñeko instalazioen artean

Ikasleak gehienbat Haur Hezkuntzako bigarren urtetik Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoak dira. Batzuetan Lehen Hezkuntzako maila altuagokoak eta DBHko lehen mailakoak ere izan daitezke. Beste zenbaitetan helduentzako saioak ere prestatzen dira, nahiz eta horiek normalean “esparru sozialerantz” bideratzen diren. Gure Sustraiak kanpaina bakoitzeko 3.000 ikasle inguruz arduratzen da, Ollo eta Iruñeko instalazioen artean.

Murgiltze-esperientzia baterako material aproposa

Gure Sustraiak-en azpiegitura “eskura zegoenaren arabera” eratu zutela dio Cubelosek. Materiala, esaterako, “momentuan behar zena kontuan hartuta” erosten zuten. Animaliak hornitzaileekin eta beste baserri-eskolekin dituzten harremanei esker lortzen dituzte. Adintsuak dira, “ez dira giza-kontsumorako edo landa-lanetarako hezten eta”.

Ahaleginak egiten dira hornitzaileak ingurukoak izan daitezen eta kooperatibaren printzipio eta balio berberak dituzten eragileak lehenesten dituzte, berdintasunari, iraunkortasunari eta bestelakoei dagokienez. Halaber, lehentasuna ematen diete ekonomia sozial eta solidarioko erakundeei.

IMG 4832

Astoak baserri-eskolan | Argazkia: utzita

Landa-eremuaren berpiztea

Baserri-eskolak “bere aletxoa jarri du” despopulatzeari aurre egiteko borrokan. Izan ere, “lana eta aberastasuna sortu eta populazioa erakartzen du, eta denborarekin langileak herriko bizilagunak bilakatzen dira”.

“Gure Sustraiak-ek autoenplegurako aukera, etorkizun egonkorra eta independentzia ekonomikoa eman digu”, gehitu du bazkideak. Beraientzat “bizitza-proiektua” da, “sentikortasun handiarekin eta pasioz” gauzatzen dutena.