Europar Batasuneko ekonomia atzeraldian sartuko den edo ez eta noiz ikusteko dago. EAErentzat, nazioarteko merkatu garrantzitsuak dira Frantzia eta Alemania, bai inportazioei, bai esportazioei dagokienez. Etor litekeenak, baina, ez du berebiziko ondorio negatiborik izango EAEko enpresen nazioartekotzean, Ainhoa Ondarzabal BT&Iko zuzendariaren iritziz. Baliteke, ordea, merkatu berriak esploratu nahi izatea. Esaterako, Hego Korea, non Nazioartekotzeko Euskal Agentziak bulegoa ireki zuen 2022an.
Badirudi Euskadiko BPGa beste batzuk baino gehiago haziko dela: EAEko BPGaren hazkundea % 1,5ekoa izango omen da (Confebasken arabera), Espainiakoa % 1,3koa (Espainiako Bankuaren arabera) eta Eurogunearena % 0,5ekoa. Zein irakurketa egiten duzu egoeraz?
2022aren hasierako aurreikuspen ekonomikoetan eragina izan zuten Ukrainiako gerrak sortutako ziurgabetasunak, energiaren prezio altuak eta, besteak beste, lehengaien prezioen igoerak. Hala ere, esan dezakegu ekonomiek erresilientzia erakutsi dutela, eta esperotakoa baino bilakaera hobea izan dutela eszenatoki honetan. Adibidez, euskal ekonomiaren 2022ko hazkunde-datuek (% 4,3) gainditu egin dituzte hasierako aurreikuspenak. Era berean, beste ekonomia batzuek ere aurreikusitakoa baino bilakaera hobea izan dute, esaterako, Alemaniakoak (% 1,9ko hazkundea). Euskadin BBVA Researchek jasotako % 0,8 eta Jaurlaritzak emandako % 2 bitarteko hazkunde-aurreikuspen tartea daukagu 2023rako. Gure ustez, aurreikuspen zuhurrak dira egun bizi dugun ziurgabetasuna dela medio. Hala, 2023a urte konplexua izango da uneko ziurgabetasunagatik, baina kontuan izanik gure ekonomiak erakutsi duen erresilientzia, baikorrak gara. Pentsatzen dugu posible dela urtearen amaieran esperotakoa baino emaitza hobea izatea.
Aurreikuspen horrek ondorio negatiboak izan ditzake euskal enpresen nazioartekotzean?
Gure ustez ez du ondorio negatiborik izango. Ziurgabetasun egoeretan enpresek ahalegina egiten dute merkatuak dibertsifikatzeko eta bide horretatik arriskuak murrizteko. Zentzu horretan, baliteke euskal enpresek potentzial handiko merkatuak aztertzen hastea, adibidez, Asiako herrialdeetakoak, EBko ekonomien motelaldia konpentsatzeko.
BT&Iko bulegoen helburuetako bat Euskadi eta euskal industriaren gaitasunak merkatu horietan [AEB, Hego Korea, Japonia] posizionatzea eta garatzea da
Nolakoa izango da 2023a nazioartekotzearen ikuspegitik?
Uste dugu 2023a oso urte aktiboa izango dela enpresen nazioartekotzeari dagokionez. Enpresek merkatu berriak bilatuko dituzte hainbat herrialdeetan. Ahalegina egingo dute AEBn areago sendotzeko edo aliantzak bilatzeko Japonian eta Hego Korean. BasqueTrade lan handia egiten ari da merkatu horietan eta laguntzak ematen dizkie euskal enpresei negozio-aukera berriak bilatzen. Gainera ateak irekitzen dizkie bezero berriengana iristeko. BT&Iko bulegoen helburuetako bat Euskadi eta euskal industriaren gaitasunak merkatu horietan posizionatzea eta garatzea da.
Otsaila bukaeran urtebete beteko da Ukrainako gerra hasi zenetik. 2021ean EAEra eginiko inportazioen % 6,5 Errusiatik abiatu ziren, eta portzentaje horretatik % 85,8 petroliotik eratorritako produktuak izan ziren. 2022ko datuak desberdinak izango dira…
Egia da, bai, 2021ean Errusia 4. postuan kokatu zen gure inportazioen alorrean, % 6,5eko portzentajearekin. Argi dago Ukrainaren inbasio errusiarrak eta ezarri diren zigorrek aldatu egin dutela harreman hori. Errusiarekiko salerosketa komertzialak erdiraino murriztu dira 2022an, bai erosketetan eta bai salmentetan. Zehazki, petrolioaren produktu eratorrien inportazioak % 54 gutxitu ziren 2022ko urrirako, baina Errusiari eginiko erosketen % 79 izaten jarraitzen zuten. Garrantziari erreparatuta, 2022an Errusia 13. posturaino jaitsi zen, eta Euskadiko inportazioen % 2,3 bakarrik ordezkatu zuen. Esportazioak aztertuz gero, ikusten da fluxua are gehiago murriztu dela. Gaur egun, Errusia gure esportazioen 34. jomuga da, eta salmenta guztien % 0,4 baino ez du ordezkatzen.
BT&Ik bulego bat du Moskun. Nola funtzionatu dute hango lanak eta harremanek?
BasqueTradek Errusian duen bulegoak aktiboki zaindu du Ukrainaren inbasio errusiarrak eragin dituen gertakari guztiak, eta bere babesa eman die Errusian presentzia edota interesak dituzten euskal enpresei. Hala, bulegoa uneoro egon da harremanetan Errusian kokatutako euskal enpresekin, eta sarri bisitatu ditu haien instalazioak, ulertzeko egoerak enpresa bakoitzean izan duen inpaktua eta orobat aztertzeko nola lagundu diezaiekegun, bai bulegotik eta bai Euskaditik.
22021ean Errusia 4. postuan kokatu zen gure inportazioen alorrean, % 6,5eko portzentajearekin. Argi dago Ukrainaren inbasio errusiarrak eta ezarri diren zigorrek aldatu egin dutela harreman hori. Errusiarekiko salerosketa komertzialak erdiraino murriztu dira 2022an
Ez Moskun bakarrik, Ukrainan ere badu ordezkaritza… Nola kudeatu duzue hori?
Ukrainiaren estaldura Varsovian dugun bulegotik egiten da. Hala, kasu honetan ere hurbiletik zaindu dugu inbasioak eragindako gertakarien garapena, eta gertakari horiek izan duten inpaktua, Ukrainarekin muga egiten duten herrialdeetan —batik bat Polonian— nahiz mundu osoan izan duten inpaktua.
Bulegoa etengabe izan da harremanetan Polonian establezimendua dituzten euskal enpresekin, gerrak eragindako inpaktu ekonomikoa ebaluatu eta aztertzeko eta euren premia zehatzak detektatzeko, asmoa baita gure zerbitzuak egoera berezi horietara egokitzea.
Gerraz harago, Txinak Zero Covid politikari eutsi dio duela oso gutxira arte, eta horrek eragina izan du enpresetan. Eragina berdina izan al da lehendik lantegi edo ordezkaritza bat han zuten enpresentzat, eta lehen aukeraren bila zebiltzanentzat?
Txina itxi izanak herrialde harekiko ekintza komertzial guztiak eragotzi ditu, baina Txinan kokatu dauden enpresak izan dira egoerak gogorren kolpatu dituenak. Argi dago Txinan kokatutako enpresek hainbat ondorio nabaritu dituztela: produkzio eta merkataritza jardueren geldialdi luzea, bezeroen eskaeren murrizketa orokortua, lanpostura joateko zailtasunak langileentzat, bisatuak lortu eta Txinara sartzeko zailtasunak atzerriratutako langileentzat, eta abar.
Egia da Txinan kokatutako euskal enpresek ez dutela asmorik erakutsi herrialdetik irteteko, baina ezin ditugu gutxietsi egoerak enpresa horien konfiantzan izan duen inpaktua eta jasan dituzten zailtasunak.
Zenbait merkatu aipatu ditugu baina, zeintzuk euskal enpresen nazioarteko merkatu nagusiak?
Oraindik ere Europako merkatu handiak dira euskal enpresarentzako merkatu nagusiak: gure esportazioen jomuga garrantzitsuenak Alemania eta Frantzia dira. Bien artean esportazio guztien % 32 inguru ordezkatzen dute, eta EBko herrialdeetara eginiko esportazioen batura esportazio guztien % 65 da gutxi gorabehera. Ipar Amerikak gure esportazioen % 9 inguru ordezkatzen du, baina kontuan izan behar da euskal enpresa askok Mexikon dituzten egoitzetatik artatzen dutela Estatu Batuetako merkatua.
Oraindik ere Europako merkatu handiak dira euskal enpresarentzako merkatu nagusiak: gure esportazioen jomuga garrantzitsuenak Alemania eta Frantzia dira. Bien artean esportazio guztien % 32 inguru ordezkatzen dute
Tradizioz merkatu nagusietako bat izan dira ala aldatuz joan da azken urteetan?
Frantzia eta Alemaniaren kasuan, urteka txandakatzen dira gure esportazioen jomuga nagusi gisa. Antzeko merkatu-kuotak dituzte, % 16 ingurukoak. Adibidez, 2021ean Frantzia kokatu zen lehen postuan % 16,1eko kuotarekin, eta Alemaniak % 15,9ko kuota lortu zuen, 28 milioi euro eskaseko aldearekin.
Nazioartekotzea zenbateraino izan liteke arriskutsua enpresak errotzeko?
Nazioartekotzea prozesu saihestezina da ekonomia globalizatu batean. Euskal enpresek presentzia izateak beste merkatu batzuetan lehiakortasuna hobetzen du eta aukerak ugaritzen ditu indartsu jarraitzeko. Gure ustez, prozesu horiexek bermatzen dute erabaki-guneak eta enplegua Euskadin mantentzea. Funtsean, nahi duguna da, orain arte bezala, enpresek jarrai dezatela izaten euskal gizartearen ongizaterako zutabe nagusia, aberastasuna eta enplegua sortuz.
Hainbat salmenta ikusi dugu: ITP, Ibermática…
Salmenta eta bat-egite prozesuak saihestezinak dira, joko-arauen barruan dago hori. Baina euskal enpresak ere hazten ari dira atzerrian beste batzuk erosiz. Garrantzitsuena da euren erabaki-guneak eta egoitza fiskalak Euskadin mantentzea, eta bi kasu horietan hala izan da. Nolanahi ere, garrantzitsua da Euskadik emaitza positiboa lortzea operazio horien balantzean.
Euskal enpresek presentzia izateak beste merkatu batzuetan lehiakortasuna hobetzen du eta aukerak ugaritzen ditu indartsu jarraitzeko. Gure ustez, prozesu horiexek bermatzen dute erabaki-guneak eta enplegua Euskadin mantentzea
Abenduan euskal enpresarentzako ordezkaritza komertzial berri bat inauguratu zenuten Hego Korean. Zer suposatzen du Eusko Jaurlaritzaren presentziak nazioarteko estrategian? Gutxi aztertu den herrialde bat da, baina potentzial handikoa.
Hego Koreako eta Euskadiko industriak elkarrekiko osagarriak dira. Hego Koreak, merkatu eta gizarte teknologiko gisa, aukera asko eskaintzen ditu hainbat sektoretan, eta Euskadi erreferente teknologikoa da horietan, hala nola energian, automobilgintzan eta fabrikazio aurreratuan. Hego Korea bezalaxe, Euskadi guztiz konprometituta dago trantsizio berdearekin, horregatik sustatzen ditu energia berriztagarriak eta industria jasangarriak. Zentzu horretan, ziur gaude itsasoko energia eolikoaren sektoreak eta gure ingurumen teknologiak ekarpen handiak egin ditzaketela Hego Korearen helburuak lortzeko.
Irekiko da BT&Iren bulego berririk?
Bai, aurten bulego bat irekiko dugu Kanadan. Horixe da Euskadiren edo BasqueTraden bulegorik ez duten herrialdeen artean BPG handiena duena. Kanada merkatu sofistikatua da, oso egonkorra eta segurtasun handikoa araudiei dagokienez. Era berean, aipatzekoa da osagarria dela euskal industriarekin, eta erraztasunak ematen dituela negozioak garatzeko. Horregatik espero dugu ekintza hori baliagarri izango dela euskal enpresen negozioak bultzatzeko Kanadan, gaur egun oso jarduera urria baitute.
Aurten bulego bat irekiko dugu Kanadan. Horixe da BasqueTraden bulegorik ez duten herrialdeen artean BPG handiena duena. Kanada merkatu sofistikatua da, oso egonkorra eta segurtasun handikoa araudiei dagokienez
Zein da bulego horien eginbeharra? Nolako zerbitzuak eskaintzen dituzte?
BasqueTraden atzerriko bulegoek puntu bat eskaintzen diete euskal enpresei harremanak egiteko herrialde horietako merkatuarekin. Tokiko merkatuei buruzko informazio kualitatiboa ez ezik, laguntza ere ematen da lehen urratsak emateko arlo komertzialean —balizko bezeroak edo salmenta-kanalak bilatuz— nahiz ezarpen prozesuan —aholkularitza eta laguntza prozeduretarako, kokalekuen bilaketa eta harremanak tokiko erakundeekin—. Asmoa da bulegoak euskal enpresen bidelagun onenak izan daitezela merkatu horietan. Gainera, oso aktiboak dira enpresentzako aukera komertzialak bilatzen eta espazio abegitsuak sortzen balizko bezero pribatu zein publikoekin konektatzeko. Basque Country marka eta euskal industriaren enbaxadore garrantzitsuak dira.
Urtarrilean 100 gazte abiatu dira atzerrira lanera Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearekin batera ematen dituen BEINT nazioartekotze bekei esker. Beka horien helburua da talentu berriak trebatzea nazioartekotzean eta atzerriko merkataritzan. Aurten 36 urte beteko ditu programak. Zein balorazio egiten duzu esperientziaz?
Nazioartekotze beken BEINT programak 36 deialdi egin ditu jarraian 1986tik —salbuespen bakarra 2020a da, urte horretan ez baitzen egin pandemiagatik—, eta gaur egun martxan jarraitzen du, euskal enpresek beti behar dituztelako langile espezializatuak atzerriko merkatuetara sartzeko abiatzen dituzten ekimenetan. Ibilbide luze hori ez litzateke posible izango protagonistek ospea aitortuko ez baliote. Halaxe adierazi dute programan trebatu diren profesionalek, eta urtero bekadunak eskatzen dizkiguten enpresa eta kolaboratzaile guztiek. Euren parte-hartzerik gabe ezinezkoa izango litzateke balio handiko prestakuntza ibilbideak eskaintzea.
Lehiaketa zorrotz baten bidez aukeratzen diren bekadunek oinarri teorikoei buruzko formakuntza jasotzen dute lehenbizi hiru euskal unibertsitateetan; gero, esperientzia hartzen dute BasqueTraden kanpo-sareko bulegoetan nahiz Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzetan, baita Espainiak eta Europako beste sustapen-agentzia batzuek atzerrian dituzten bulego komertzialetan. Behin fase hori amaitutakoan, prestakuntza praktikoa jasotzen jarraitzen dute sektore desberdinetako euskal enpresetan, horietako asko erreferentziazkoak, edo bestela, nazioarteko erakundeetan (Munduko Bankua, NBE eta beste alde anitzeko erakunde batzuk).
Urtero 600 bekadun inguru mobilizatzen dira BEINT eta GLOBAL TRAINING (nazioarteko mugikortasuna) beka-programen bidez. Gainera, programa horien helburua da nazioarteko prestakuntza ematea gure enpresek asko eskatzen dituzten profiletarako
Horiekin batera, koan den azaroan 30 urtetik beherako gazteei 500 Global Training bekak eman zenituzten. Argi dago SPRIk apustu sendoa egin duela talentu berria sortzeko.
SPRIk taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak apustu sendoa egin du gure herrialdeak behar duen talentua trebatzeko. Urtero 600 bekadun inguru mobilizatzen dira BEINT eta GLOBAL TRAINING (nazioarteko mugikortasuna) beka-programen bidez. Gainera, programa horien helburua da nazioarteko prestakuntza ematea gure enpresek asko eskatzen dituzten profiletarako.
Euskadi beherakada demografikoan murgilduta dago mende honen lehen urteetatik, eta datozen urteetarako proiekzioak ez dira itxaropentsuak. Aurreikuspenen arabera, 200.000 pertsona baino gehiago beharko dira datozen hamarkadetan sortuko den belaunaldi-erreleboa estaltzeko, eta horrek esan nahi du enpresek zailtasunak izango dituztela euren lanpostuak betetzeko. Zure ustez zein neurri hartu beharko lirateke horri aurre egiteko?
Talentuagatiko lehia ez da Euskadin bakarrik gertatzen, mendebaldeko herrialde gehienetan zabaldu den fenomenoa da. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da atzerriko talentua erakarri eta atxikitzeko politikak egituratzea, tokian tokiko eskakizunetara egokitutako prestakuntza politikekin batera. BasqueTradek talentua erakartzeko ekintzak abiarazi ditu 2022an Londresen eta Munichen, Euskadi jomuga erakargarri gisa salduz balio handiko ibilbide profesionalak garatzeko.