Euskal ekosistema ekonomikoko zenbait eragile bildu dira Bilbon, EnpresaBIDEAren I. Topaketan. Besteak beste, lurralde-lehiakortasunaren aukerak eta erronkak aztertzeko mahai-ingurua izan dut topaketak, eta bertan parte hartu dute Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko jarduneko diputatuak, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusiak, eta Estibaliz Goñi Iberdrolako Prozesu eta Teknologien zuzendariak, lurralde-lehiakortasunaren arlo horretan norbere eremuan egindakoak eta aurrera begira egin beharrekoak izan dituzte hizketa gai.
Mahai-Inguruan esandakoak sakonago aztertuz, ziurgabetasun egoera betean gaudela uste dute hirurek. “Izan pandemiak, gerrak, zein inflazioak sortutako ezegonkortasunak kalte itzela eragiten diete ekimen publiko zein pribatuei”, dio Ruiz de Gordejuelak. Horren aurrean, “ziurgabetasunei, edozelakoak izanda ere, aurre egiteko prest egotea beharrezkoa da”, gaineratu du.
Eduardo Ruiz de Gordejuela: “Ziurgabetasunei, edozelakoak izanda ere, aurre egiteko prest egotea beharrezkoa da”
Aitzitik, halako egoera bat berria ez dela gogorarazi du Basurkok, 2008ko finantza krisia eta izan zituen ondorio latzak gogora ekarriz. Hala eta guztiz ere, 2019an jada beste ziurgabetasun bati buruz hizketan ari ginela oroitu nahi izan du: eraldaketa digital teknologikoaz. “Oso azkar datorren eraldaketa da, eta oraingoan garbi izan behar ditugu lehentasunak. Oso argi dugu trantsizio digital teknologiko horretan berehalakoan abiatu behar dugula”. Gainerakoan, egungo beste ziurgabetasunen aurrean, “trantsizio energetikoa eta erronka demografikoa ere hor leudeke, azken hori talentuari lotuta. Talentua ere behar dugu lurralde honetan”, azaldu du Basurkok.
Lurralde-lehiakortasuna ulertzeko moduaz galdetuta, eta Basurkok esandakoei jarraituz, trantsizio energetikoaren gaian murgildu da Goñi. Helburu hori lortzeko sare adimentsuen beharra dagoela azpimarratu du: “Ibiltari elektrikoak, bateriak, autokontsumoa eta gizarteak eskatutako horiek guztiak ez dira posible sare adimentsurik izan gabe, sare horrek ahalbidetzen duelako trantsizioa. Ez dago trantsizio energetikorik sare adimentsurik gabe”. Gainera, gero eta adimentsuagoak izan behar dutela eta, beharrezkotzat jo du arlo horretan ikerketa eta berrikuntza ere txertatzea.
Ainara Basurko: “Lurralde-lehiakortasuna garapen ekonomikoa da. Azken batean, ongizate eta kohesio soziala lortu behar dira enpresa eta ekonomia ingurune lehiakor batean”
Lurralde-lehiakortasun hori finantza arlora ekarri du, berriz, Ruiz de Gordejuelak. “Finantza ehuna gehiegi kaltetu gabe mantentzeko garrantzitsuak dira lurraldetasuna, garapen ekonomikoa eta, batik bat, proiektu sozialak eta ekonomikoak burutzeko beharrezkoa den erantzun finantzarioa”. Ondorioz, oinarrizkotzat jo du finantza sektore sendoa izateko.
Basurkok horren guztiaren markoa nabarmendu du: “lurralde-lehiakortasuna garapen ekonomikoa da, baina pertsonen ongizatearen zerbitzura. Azken batean, ongizate eta kohesio soziala lortu behar dira enpresa eta ekonomia ingurune lehiakor batean”. Hala, ziurgabetasun egoera honetan, ondorio batzuk gehiago indartu direla azaldu du: “Lehiakortasuna sistematikoa da, eta eragile askorengan eragina duenez, elkarlanaren kontzeptua gehiago indartu da; gainera, epe motzaren eta luzearen arteko gestio hori ere mahaigaineratu da; eta bertakoa eta globalaren arteko estrategiak bateratu beharrarekin ere ohartu gara”. Behin hori ikusita, ideia horiek indartu diren heinean metodoak berrikusi eta aldatu direla gaineratu du: “Lehiakortasun modelo berritua dugu zorionez, bai analisirako, diagnostikorako, eta baita diagnostiko horretatik abiatuz erabakiak hartu eta ebaluatzeko ere”.
Lankidetza pribatua eta publikoa uztartuz
Goñiren arabera, “lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa da aurrean dauzkagun erronka horiei aurre egiteko. Gaitasunak ditugu, baina askotan sakabanatuta, eta denon artean osatu egin behar dugu. Benetan sinesten dut elkarlan barik ezinezkoa dela aurrera egitea”. Hori horrela, enpresa eta administrazioen artean ekosistema onuragarri bat sortu dela azaldu du Ruiz de Gordejuelak: “Sortu dugun ekosistemak on egiten die alde guztiei, baina egonkorra izan behar du. Aukerak bateratzeko eta bideratzeko beharrezkoa da egonkortasun hori, horrek ahalbidetzen duelako ekosistema sendo bat”.
Estibaliz Goñi: “Lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa da aurrean dauzkagun erronka horiei aurre egiteko. Gaitasunak ditugu, baina askotan sakabanatuta, eta denon artean osatu egin behar dugu”
Lehiakortasun kontzeptua kontuan hartuta, Basurkok dioenez, “lurralde batek ekintzailea, berritzailea eta erakargarria izan behar du, talentuduna, izan inbertsioetarako edota enpresak erakartzeko”. Egiaz gauzak egiten dituztenak enpresak, ekintzaileak eta pertsonak direla adierazi du, eta ondoren, administrazioak direla hori lortzeko baldintza egokiak sortzen dituztenak. Ondorioz, pribatu eta publikoaren artean elkarlanak egon behar duela adierazi du, nahiz eta pribatuak beste pribatu batekin eta publikoak publikoarekin ere elkarlanean aritzea beharrezkoa den.
Talentuari lotutakoak aipatuz amaitu dute mahai-ingurua. Ruiz de Gordejuelaren arabera, kalitatezko enplegua, epe luzerako enplegua eta egonkortasuna bermatzeko, hezkuntza sistema osoan jarri beharko litzateke arreta, “hezkuntza sistema aurreratu batek bermatuko baitu talentua”. Horretaz gain, Goñiren arabera, “gaitasun digitalak ere zabaldu egin behar ditugu”. Basurkok azaldu duenez, “2032ra begira, 40.000 profesional beharko dira zientzia eta teknologia arloan”. Bestalde, elkarlana inoiz baino funtsezkoagoa dela gaineratu du, erakarri eta mantendu egin behar delako talentu hori.
Horri lotuta, gizartea sentsibilizatu beharra dagoela uste du, bereziki, profil jakin batzuen inguruan: “Enpresek aldatu egin behar dute, eta egun talentua nola kudeatzen den begiratuta, horretara moldatu beharra dute, harrera nola egin, hautaketa nola egin… Enpresek beren burua saldu behar dute mundu mailan erakargarri izateko”. Baina enpresek bakarrik ez, administrazioek ere posizionatu egin beharko dutela uste du, lurralde erakargarria direla esateko, horretarako proiektu estrategikoak erabiliz. Etorkizunera begira eta talentuari lotua, esperantzarako mezua zabalduz amaitu du: “Mila gauza ditugu egiteko, baina ahalik eta bateratuan eginez gero, eta baliabideak optimizatuz gero, arrakasta izango dugu. Horrek desberdinduko gaitu beste lurralde batzuekiko”.