Ordainpeko lana duten emakumeen kopurua 18 puntu igo da azken 40 urteotan

Eustaten arabera, 1981ean lan egiteko adinean zeuden emakumeen %34,4k zuten ordainpeko lan bat. Egun, %67,22 ari dira lanean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

1981ean ordainpeko lana zuten pertsona guztietatik %30 baino gutxiago ziren emakumeak. Ehuneko hori 18 puntu inguru igo da, eta egun ordainpeko lana duten pertsonen %48 dira emakumeak. Eustatek gaur argitaratutako datuak dira. 1981ean lan egiteko adinean zeuden emakumeen %34,4k zuten ordainpeko lan bat. Egun, lan egiteko adinean dauden emakumeen %67,2 ari dira lanean.

Halaber, orain 40 urte baino gehiago lan merkatuan zeuden emakumeen %22,8 langabezian zeuden. Egun, ehuneko hori erdira jaitsi da, eta %7,8 daude lanik gabe.

Eustaten datuen arabera, emakumeak goi mailako hezkuntzan duen presentzia nabarmen areagotu da azken lau hamarkadetan. 1985-86 ikasturtean, unibertsitateko ikasleen %47,6 emakumeak ziren. Hamar urte beranduago %54,5 ziren. Hala, ehuneko hori mantendu egin da azken 15 urteetan.

Ordezkaritza politikoari dagokionez ere, emakumearen presentzia areagotu egin da. 1980an Eusko Legebiltzarrean emakumeak %7 baino gutxiago ziren. 1990ean %16 ziren. 2005ean ordezkaritza parekoa zuten gizonezko eta emakumeek, eta harrezkeroztik maila berean mantendu da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK