Ordu txikietako fakturak

Herriko jaietako disko jartzaileek lehia handia dute egun festarik festa aritzeko. Kontratazioak lortzeko sare sozialen erabilera funtsezkoa dela uste dute

Argazkia: DJ Bull Argazkia: DJ Bull

Jai giroa sustatzea zein abestiak kudeatzea dute xede disko jartzaileek edo DJ ospetsuek. Uda aldeko ospakizunetan asko hazi den ogibidea bilakatu da, festarik festa ematen diren kontzertuen ostean indargunea topatu dutenak. Jaia bukatu arte luzatu ohi dituzte herriko egun bereziak, baina hainbat erronkei aurre egin behar izaten diete, lehiakortasuna bizia baita. Esperientziak alde nabarmena du honako lanbideetan, herria girotzeko trebetasuna dela eta. DJ hasi berriek hala ere, badute zeresana honako auzian.

Esperientziaz luze dakiena Jon Gotzon Ugalde ‘DJ Bull’ da. 2000an hasi zuen haren ibilbidea disko jartzaile gisa, eta hainbat urteetan zehar alaitu ditu Euskal Herriko txokoak. Berez, “soiltasunez” lan egiten duela dio, kontratazio prozesu “sinple” bat duelako. “Antolatzaileek deitzen didate, eguna adosten dugu eta aurrekontua bidaltzen diet”, laburbildu du artistak. Autonomo gisa jarduten du Ipar Euskal Herrian, Urruñan bizi baita.

Esperientziaz luze dakiena Jon Gotzon Ugalde ‘DJ Bull’ da. 2000an hasi zuen haren ibilbidea disko jartzaile gisa, eta hainbat urteetan zehar alaitu ditu Euskal Herriko txokoak

Berez, ez du autonomo kuota ordaintzen Iparraldean, irabazien gaineko ehuneko bat ordaintzen duelako egindako jarduera bakoitzeko. Bertan, ordaintzen den gutxiengoa irabazien %14a da, eta gehiengoa %48a. “Faktura bidez lan egiten dut, ez ditut kontratuak egiten”, mahaigaineratu du DJ Bullek autonomo gisa zelan lan egiten duen azaltzeko. Hainbat urteetan zehar egindako ogibidea dela eta, autonomo gisa jarduteko aukera du artistak. Oraintsu hasi diren disko jartzaileek, hala ere, bestelako testuinguru batean egiten dute jarduera, DJ Desi eta Presi bikotea kasu.

DJ hasi berriak

Ione Ibarretxe eta Maialen Recalde gazteek osatzen dute DJ Desi eta Presi, Galdakaoko eta Larrabetzuko DJ hasi berriak direnak. Martxotik egiten dituzte ekitaldiak eta, hori horrela, ez dute autonomo bilakatzeko ideia epe laburrean. “Ez dugu kontenplatu. Oraindik ikasketak egiten gabiltza eta pozik gaude horrela”, nabarmendu du Ibarretxek. Hori bai, profesionalizatzeko bideari ekin diote erabat: “Gure abesti propioak egiten hasiko gara laster”.

WhatsApp Image 2023 08 03 at 12.06.43 (1)(1)
 Argazkia: DJ Desi eta Presi

Bere aldetik, Recaldek ere bat egin du haren adiskidearekin: “Ez dugu ikusten kontratuak egiteko beharrik, gure dirua ondo kudeatzen dugu horrela”. Era berean, DJ gisa denbora gutxi izanik, lortutako dirua nahaste-mahai hobe bat finantzatzeko aurrezten ari direla diote, lehia handia dagoelako bikotearen ustez. “Jende asko hasi da DJ bezala lanean, herri guztietan dago baten bat”, nabarmendu du Recaldek. Erronka “handiena” konpetentzia dela dio, gainontzekoengandik aldentzeko “zerbait egitera” behartzen zaituena.

Maialen Recalde: “Jende asko hasi da DJ bezala lanean, herri guztietan dago baten bat”

Aldentzeko bidean, bikote gazteak jaietan entzuten ez den musika jarri nahi dute. Recaldek azaldu du musika guztia euskaraz edo gazteleraz dela, ez dagoela erdi mailako puntu bat. Hori dela eta, “alternatiba” bat izan nahi dutela dio, “beharrizan” hori dagoela atzeman dutelako hainbat festetan. “Bloke mugiezinetan dagoen musika estiloa jotzen dela uste dugu, eta guk hortik aldendu nahi dugu”. Horrela, estilo bakoitzeko “hoberena" jasotzen dutela diote emanaldietan, bai eta haien “gustuko musika” erakutsi ere.

Kontratazioetarako, sare sozialak

Lehia bizi honetan, bikote gazteak uste du sare sozialek berebiziko garrantzia dutela DJ gisa jarduteko, gaur egun bereziki. “Gero eta jende gehiagora heldu ahal zara, eta guretzako oso aberasgarria da, denbora gutxi daramagulako”, dio Recaldek. Sare sozialak oinarri garrantzitsua direla uste du gazteak, DJ kontratazioak lortzeko formatu berri bat. Ibarretxek, bere aldetik, kontratazio gehienak Instagrametik lortzen dituztela gehitu du: “Gehien erabiltzen den sare soziala da”.

DJ Bullek ere garrantzia ematen die sare sozialei, baina kontratazioetarako gehienetan beste formatu bat darabil: “Ahozko edo idatzizko hitzarmena egiten dut antolatzaileekin, ostera faktura bidaltzeko”. Honako ibilbidea lortzeko, hala ere, urte askoan lanean aritu izan da, eta ibilbide horrekin hasi besterik ez dute egin DJ Desi eta Presi. “Jendeak beste antolatzaile batzuei gu proposatzea lortzen ari gara”, azaldu du Recaldek, gerora sare sozialak erraminta gisa erabili ahal izateko. “Indarra” eman nahi die plataforma ezberdinei, batez ere Instagrameri eta Twitterri.   

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK