
Azken Deustobarometroaren arabera, osasun-arreta ( %41,8) eta etxebizitza (%41,1) dira euskal herritarren kezka nagusiak, azarotik abendura bitartean egindako mila elkarrizketetan oinarrituta. Osasungintzak zerrendaburu izaten jarraitzen duen arren, haren garrantzia murriztu egin da aurreko edizioarekin alderatuta ( %48). Aldi berean, Osakidetzaren balorazioa zertxobait hobetu da, 10etik 5 puntu lortu baititu.
Etxebizitzarekiko kezkak, bestalde, gora egin du azken urtean, %16tik %41,1era igo baita. Esparru horrek, politika publikoei dagokienez 10etik 3,8 puntuko batez besteko kalifikazioa du. Gainera, inkestatuen %31k uste du ezingo duela inoiz etxerik erosi, %91k alokairua baino jabetza nahiago duen arren. Inkestatuen %76aren ustez jabe bakoitzeko etxebizitza kopurua mugatu beharko litzateke, baita alokairuen prezioa ere, %70aren ustetan. Horrez gain, inkestatuen %86aren aburuz etxebizitza sozialen eraikuntza sustatzea beharrezkoa da.
Ekonomiari dagokionez, herritarren %48k uste du egungo egoera ona edo oso ona dela; aitzitik, %69ak uste du ekonomia ez dela aldatuko datorren urtean. Lurralde-ereduari dagokionez, %34ak egungo autonomiari eutsi nahi dio; %32k, berriz, eskumen gehiagoren alde egin du, eta %15ak nahiago du Estatu independentea izan.