Oskar Arantzabal: "Eskualdekako ekonomiarantz gatoz"

Akademiaren eta enpresen arteko zubilanerako zailtasunak hizkuntzaz haragokoak direla uste du UEUko Ekonomia sailburuak

Oskar Arantzabal | Argazkia: Utzitakoa Oskar Arantzabal | Argazkia: Utzitakoa

Koronabirusaren pandemiak eztanda egin zuenez, ekonomiari loturiko albisteek etengabe hartu dituzte hedabideetako titularrak. Inflazioa eta horri aurre egiteko interes-tasen igoera, erregaien askotariko krisialdiak, fiskalitateari loturiko debateak... izan dira protagonistetako batzuk. Eta beste edozerren gainetik, ziurgabetasuna. Testuinguru horretan oinarrizko burujabetza ekonomikoak inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen du, eta hain zuzen ere horri buruz hausnartzera bideratuko dute Gasteizen egingo den Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra, UEUk eta Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoak bultzatuta, beste hainbat eragilerekin batera. Lehen aldia izango da, hizkuntzan baino, gai jakin baten zentratzen dutena. Gogotsu dago Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia saileko arduraduna.

Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarraren gaia oinarrizko burujabetza ekonomikoan zentratuko duzue. Nola definituko zenuke kontzeptu hori?

Ekonomia hitza greko klasikotik dator (oikos-nomos), hau da, etxearen kudeaketa. Eta gure etxe modernoetan oinarrizkoak ditugu ura, argindarra, berogailuak, jakiak, etab. Ingelesez basic economics deritzona. Kontua da baliabide horien gaineko kudeaketan —etxea bera barne— nork hartzen dituen erabakiak. Adibidez, gure burujabetza elikadura edota energia kontuetan ez da %10era ere iristen. Okerrenean jarrita, gerra bat sortuko balitz hemen, gosea pasako genuke. Errealistenean jarrita, batez ere turismoari begira sortu dugun “paradisu gastronomikoa” ez da jasangarria. Gainera %90 kanpotik garraiatua badator, kutsadura areagotzen diogu munduari. Eskandinaviako estatu ertainak eredu onak ditugu auto-sufizientzia kontuetan.

Egungo testuinguru ekonomikoan inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen al du ala beti izan da garrantzitsua?

Bistan denez, beti izan da. Gertatzen dena da orain areagotu egin dela. Lehenago gutxik begiratzen zioten argindarra, gasa edota elikagaien fakturari; orain denok. Aurreko bi edizioetan gaiak nahiko nahasiak izan ziren, lehentasuna hizkuntzari emanez. Oraingoan, berriz, gai monografiko hori plazaratzen dugu azken bi urteotako testuinguruak ezinbestean hala eskatuta: pandemiak, gerrek eta klima aldaketak oinarrizko horietaz hausnartzera eraman gaituzte. Eta horretan, zoritxarrez, gure erabakitzeko ahalmenak mugatuak dira.

Zein puntura arte esan daiteke egun existitzen dela burujabetza ekonomikoa?

Zentzu zabalenean hartzen baduzu (munduko ekonomia finantzario espekulatiboa, transnazionalen boterea edota Europako Banku Zentralaren diru-politikak) beste edozein herrialderena bezain mugatua da, baina, bestetik, zerga politikak, mugen eta baliabideen kontrolak gure eskuetan egon daitezke. Azpititulu gisa Prospekzio estrategikoak estatu-egiturak eraikitzeko jarri diogu biltzarrari. Adibidez, migrazioa, gizarte segurantzaren pentsioak, meteorologia, kostaldeko legea eta abar luze baten eskumenak —berrogei urte pasa eta gero— oraindik ez daude gure eskuetan. Nola landuko ditugu gure politikak beste gune batzuetan erabakitzen badira, eta hemen horien kudeaketa besterik ez bada egiten? Etorkinak bainoago egonkinak dira arazo larri bat herri honetan eta herri honentzat. Eta Europako Batasunera zabalduko nuke hausnarketa.

"Nola landuko ditugu gure politikak beste gune batzuetan erabakitzen badira, eta hemen horien kudeaketa besterik ez bada egiten? Etorkinak bainoago egonkinak dira arazo larri bat herri honetan eta herri honentzat"

Nola uztartu hori geroz eta globalizatuagoa den mundu batekin?

Paradoxikoa da anglosaxoiak izan direla historikoki ekonomia irekien bultzatzaile nagusiak (Adam Smithen liberalismoari kasu eginez), eta berriki protekzionismorantz jotzen ari direla (AEB, Erresuma Batua eta Brexita). Askoren ustez desglobalizazio prozesu bat ematen ari da, esate baterako Txinako plantak bueltan etortzean (Euskal Herrira ere). Pandemiak besteak beste horixe erakutsi zigun, musukoak hegazkinez ekarri behar izan genituenean Europako Batasunera. Eskualdekako ekonomiarantz gatoz.

Horregatik begirada desberdina duten maila jasoko adituak gonbidatzeak badu bere zentzua: gauzak gaizki badoaz, ezin duzu espero aldatzea berdin egiten jarraituz gero. Alternatibak bilatu beharko ditugu, ezta? Ainhize-Monjolosen kokatzen den Euskal Herriko Laborantza Ganbarak herri honen zenbait paradoxa ekarriko digu. Kooperatibismoak, berriz, oligopolio energetikoei aurre egiteko modu komunitario eta demokratikoago bat.

Biltzarra hazkunde, baina moteltze garai baten dator. EAEko BPGa %1,6 hazi da iazko irailetik honakora. Nafarroako azken datua uztailekoa da: bigarren hiruhilekoan %2,1 hazi zen. Egoera kezkagarria al da zuen ustetan?

Iparraldea ahaztu zaizu, %1arekin. Pozik gaude hizlarien baiezko erantzunengatik, gure biltzarrean lehenengo aldiz Euskal Herria bere osotasunean ordezkatua izango delako. Gure ekonomia, bere txikitasunean, irekia da, eta esportazio gehienak Frantziara (gertutasun geografiko eta tradizioagatik) eta Alemaniara (sektore ezagunei esker: autogintza, makina-erreminta) bideratzen dira. Horiek motel badabiltza —Alemanian atzeraldi eta guzti—, normaltzat jo daiteke. Halere, beraiek baino zertxobait hobeto goaz, eta joan gaitezke.  

"Oraingo edizioan kontzientzia sakondu nahi dugu, bizi dugun ziurtasunik gabeko errealitateaz eta etorkizuneko gure erronkez, erabakiak hemen hartze aldera. Hizkuntzari lotutakoak barne"

Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra 2019an jaiotzen da, eta aurtengo edizioa pandemia 'igaro' osteko lehenengoa da. Egungo testuinguruan, biltzarra sortzeko izan zenituzten arrazoiak indartu egin dira?

Arrazoiak historikoak dira. Biltzarrari jarraipena emateko indarrek eraikiko dute gure etorkizuna. Oraingo edizioan kontzientzia sakondu nahi dugu, bizi dugun ziurtasunik gabeko errealitateaz eta etorkizuneko gure erronkez, erabakiak hemen hartze aldera. Hizkuntzari lotutakoak barne.

Ekonomiaz euskaraz hitz egiteko espazioak falta dira geurean?

Ez bakarrik ekonomiaz. Ikusi berri dugu oldarraldi judiziala euskararen aurka, eta mundu juridikoan dauden hutsuneak. Gertatzen dena da espazio horiek guk bete behar ditugula, esate baterako abokatuek epaitegietan euskara sartzen. Ekonomiaren historian bi liburu mitiko daude (Adam Smithen Nazioen aberastasuna eta Karl Marxen Kapitala) oraindik euskaratu gabe. Munduko ideologiak ulertzeko ezinbestekoak dira, eta inortxok ez ditu guretzako itzuliko.

"Ekonomiaren historian bi liburu mitiko daude (Adam Smithen 'Nazioen aberastasuna' eta Karl Marxen 'Kapitala') oraindik euskaratu gabe. Munduko ideologiak ulertzeko ezinbestekoak dira, eta inortxok ez ditu guretzako itzuliko"

Zerk lagun dezake bide horretan?

Adibidez zuek, EnpresaBIDEA moduan, 2021ean proiektuari forma ematen hasi zinetelarik, nahiz eta 2022an jaio. Gure bigarren edizioarekin bat, beraz, nola edo hala bizitza paraleloak daramatzagu, eta elkar elikatzeko gaude. Bibliografia aldetik ere, herren samar gabiltza. UEUn aurten kontabilitateko testu-liburuak argitaratzen ari gara normalizaziorako bidean.

Teoria eta praktika ditu biltzarrak. Bertan lortutako emaitzak nonbaitera bideratzeko asmoa duzue, edo barne lanketa egiteko modu bat da?

Bilboko edizioa —pandemia zela eta— streaming bidez zabaldu genuen, baina oraingoan aurrez aurrekoari eman diogu lehentasuna. Nolanahi ere, goizeko saioak grabatuko dira, eta UEU eta Ekonomisten Elkargoko webguneetan zintzilikatuko denon eskuragai. Ponentziak (hizlari moduan agenda kontuengatik arituko ez diren beste aditu batzuen ekarpenekin batera) eta bestelako eranskin osagarri batzuk (arratsaldeko tailerretan luzatuko diren eztabaida irekien laburpenak) liburu moduan argitaratu nahi ditugu, gure ondorioak eta aholkuak gizarteratzeko asmoz. Ekonomiak norbanakoa eta kolektiboa lotzen ditu.

Biltzar honetan ekonomialarien arteko elkar ezagutza ere sustatu nahi duzue. Komunitatea indartzeko bidea da?

Lehenengo edizioan, itsu-itsuan, ez genekien masa kritikorik ote zegoen (bai hizlari, bai entzule kopuru aldetik), baina berrogei lagun inguru elkartu ginenez, bigarrenerako erronka hartzea erabaki genuen. Bigarrenean beste hamar gehiago erantsi ziren (etxetik). Horrela, ekonomialarien sarea sortu genuen posta-zerrenda batean, etengabe hazten ari dena. Pentsa aspaldi batean saiakerak egin zirela antzerako biltzarrak antolatzeko, baina ez zegoen komunitaterik horretarako. Orain, zorionez, bai, eta goranzko bidean.

"Pentsa aspaldi batean saiakerak egin zirela antzerako biltzarrak antolatzeko, baina ez zegoen komunitaterik horretarako. Orain, zorionez, bai, eta goranzko bidean"

Era berean, profesionalen eta akademiaren arteko zubilana egin nahi duzue. Elkar ezagutza falta da zentzu horretan?

Gazteleraz ere gertatzen den fenomeno bat da: unibertsitateko irakasle askok ez dute inoiz enpresa bat zapaldu. Esate baterako, euskara planetan sartuta dauden enpresak, asko ez badira ere, ezezagunak zaizkigu orokorrean. Horiengana hurbiltzeak (eta beraiek gugana) zubiaren eraikuntza hori erraztuko luke. Gutariko batzuk hanka bat enpresan eta bestea mundu akademikoan ditugu, bitartekari lanetan aritzeko.

Zubilan hori biltzarretatik kanpo ere egitea gako da ekonomia indartsuagoa izan nahi badugu, ez da?

Noski. Adibidez UEUko plan estrategikoan MBA euskaldun bat abiatu dugu. Jende kualifikatua eta euskalduna behar dugu herri honek aurrera egin dezan duintasun osoz, mundu gero eta lehiakorrago batean lan egiteko.

"Jende kualifikatua eta euskalduna behar dugu herri honek aurrera egin dezan duintasun osoz, mundu gero eta lehiakorrago batean lan egiteko"

Zein dira biltzarra hasi baino egun batzuk lehenago dituzuen sentsazioak?

Inoiz baino babestuago sentitzen gara. Donostian burutu genuen lehenengo edizioan (2019) lau logotipo agertzen ziren kartelean; bigarrenean, Bilbon (2021) hiru –pandemia garaiak—; eta aurten, bederatzi. Kontuan izanda lurraldetasunari ematen diogun garrantzia, aurrera begira Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko eragileen presentzia bermatu nahi dugu, datozenak bertan egitea aurreikusten dugulako. Komunikabide euskaldunek ere ematen dizkiguten gero eta tarte handiagoak nabarmentzekoak dira. Horregatik urriaren 28an bertan hasiko gara hurrengoak prestatzen, Biltzarraren izaera ibiltariari erantzunez. Ondo bidean,  2025ean Iruñean —euskal ekonomiaren nazioartekotzeaz— eta 2027an Baionan —ideologia ekonomikoez—. Horiek bai hemen eta guk erabaki ditzakegula!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK