Pasaiako portuaren trafikoak apur bat behera egin du, automozio sektorearen egoerak eraginda

Porturako funtsezko sektoreetako testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, iazko jarduera bertsuari eustea lortu du portuak. Hiru milioi tonako langa gainditu du laugarren urtez jarraian

Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza

Zertxobait behera egin du Pasaiako portuko trafikoak 2024an. Pasaiako Portu Agintaritzak ohar bidez azaldu duenez, 3.374.367 tona mugitu dira guztira, 2023an, aldiz, 3,4 milioi tona mobilizatu ziren.

Laugarren urtez segindan hiru milioi tonako langa gainditu du portuak, eta Pasaiako Portu Agintaritzak balantze positiboa egin du, izan ere, porturako funtsezko sektoreetako testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, iazko jarduera bertsuari eustea lortu dute.

Trafikoaren jaitsiera hainbat produkturen esportazioak izandako beherakadari egotzi dio portuak, tartean automobilarenak. "Europan ibilgailu berria erosteko eskariaren beherakada orokorrak eragin du aldaketa, bai eta, neurri batean, Pasaian zehar esportatutako modeloetako baten ekoizpena aldatzeak ere. Zerealen eta gariaren trafikoaren uzkurdura ere aipatu behar da, %37,36ko jaitsierarekin, salgai mota horren berezko gorabeherengatik. Hori beste produktu batzuen hazkundearekin konpentsatu da, hala nola ongarriekin, %62,97 hazi baitira ", nabarmendu du David Candelario portuko zuzendariak.

Siderurgia produktuen trafikoak ere %5,22 egin du gora. Portutik igarotako produktuen erdiak baino gehiago dira mota horretakoak. Hala, 2025ean siderurgia, ongarri eta zurezko salgaiek bilakaera ona izatea espero du portuak. Bestalde, automobilaren merkatuari dagokionez, ez dira oso baikor, eta ziurgabetasunak jarraituko duela uste dute.

Salgaien jatorri nagusiak Herbehereak (653.000 tona), Suedia (329.000) eta Erresuma Batua (275.000) izan dira; helmuga nagusiak, berriz, Erresuma Batua (425.000), Belgika (222.000) eta Kanada (101.000).

Inbertsioak azpiegituran

Pasaiako Portu Agintaritzak iaz egindako hainbat inbertsioren berri ere eman du. 5,8 milioi euroko inbertsioa egin zuten iaz portuko lonja berritzeko lanetan. Proiektuak milioi bat euroko finantzaketa jaso du Europar Batasunaren aldetik, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (FEMPA) bitartez.

Bestalde, 2024aren amaieran, Trintxerpen “hiri-espazio berri bat” sortzeko 1,6 milioi euroko proiektua onartu zuen portuak. Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dute proiektua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK