Hainbat pentsio mota (erretiroa, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna…) biltzen dituen sistemaren batez besteko pentsio 1.558,89 eurokoa izan da EAEn azaroan, eta pixka bat txikiagoa, 1.445,80 eurokoa, Nafarroan, Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren arabera. Espainiako Estatuko batez bestekoa gainditu dute biek ala biek, 1.259,60 eurokoa izan baita. Hala, lehenengo postuan kokatu da EAE, eta hirugarrenean Nafarroa.
Erretiroko batez besteko pentsioa 1.770,42 eurokoa izan da azaroan EAEn, eta 1.627,08koa Nafarroan. Espainiako estatuan batez bestekoa 1.448,77 eurokoa izan den heinean, berriz ere pentsio altuenak dituen autonomia erkidegoa izan da EAE, Nafarroari laugarren postua egokitu zaion bitartean.
Gainera, azaroan, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak aparteko ordainsaria ordaindu die pentsiodunei. Erretiro-ordainsarien kasuan, zenbatekoa 1.747,21 eurokoa izan da EAEn, eta 1.603,65ekoa Nafarroan. Espainiako estatuko batez bestekoa, kasu honetan ere, baxuagoa izan da, hau da, 1.428,54 eurokoa.
Ezintasun iraunkorra duten pentsiodunen zenbatekoak hauek izan dira azaroan: 1.481,77 euro EAEri dagokionez, eta 1.388,82 Nafarroari dagokionez; alarguntasun pentsioen kasuan, 1.090,24 eta 994,32 eurokoak izan dira, hurrenez hurren.