
Apirilean, pentsioa jasotzen duten pertsonen kopurua %1,2 eta %1,9 igo da, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan; hurrenkera berean, 583.678 eta 146.925 pentsiodun izan dira guztira. Batez beste, EAEn pentsioa jaso dutenek 1.613,28 euro jaso dituzte; Nafarroakoek, aldiz, 1.498,58 euro. Aurreko urteko epe beraren aldean, batez besteko pentsioa %4,4 handitu da EAEn, eta zertxobait gehiago, %5,1, Nafarroan. Espainiako Estatuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak argitaratu ditu datuak.
Erretiro-pentsioak izaten dira, oro har, altuenak, eta lurraldeka, honakoak dira batez besteko datuak: Bizkaian 1.865,17 eurokoa da; Araban 1.847,35 eurokoa; Gipuzkoan 1.776,55 eurokoa; eta, Nafarroan, 1.684,99 eurokoa. Orotara 492.155 erretiratuk jaso dute pentsio hori apirilean.
Ezintasun iraunkorra duten pertsonek (52.517 pentsiodun) jasotzen duten pentsioaren kasuan, ondorengoak dira datuak: Gipuzkoan 1.573,41 euro; Araban 1.521,14 euro; Bizkaian 1.505,61 euro; eta Nafarroan 1.433,21 euro.
Azkenik, alarguntasun-pentsioak daude. Horien kasuan, zifrak baxuagoak izaten dira: Bizkaian 1.146,06 euro; Araban 1.117,99 euro; Gipuzkoan 1.098,42 euro; eta, Nafarroan 1.030,59. Kasu hori betetzen dutenak 163.202 pertsona dira Hego Euskal Herrian.