Pentsiodunen Mugimenduaren martxak Gasteizera iritsi dira, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz

Asteartean abiatu ziren martxak Bilbotik eta Bergaratik, eta atzo Aguraindik. Denak elkartuta protestan dihardute Gasteizen

Euskal Pentsiodunen Mugimenduaren manifestazioa | Argazkia: Europa Press Euskal Pentsiodunen Mugimenduaren manifestazioa | Argazkia: Europa Press

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren martxa ostegun honetan iritsi da Gasteizera, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzeko eskatzeko, pentsio duinak aldarrikatzeko eta pentsioen murrizketak salatzeko.

Asteartean Bilbotik eta Bergaratik abiatutako martxako kideek eta atzo Aguraindik abiatutakoek bat egin dute Gasteizen eta ehunka pertsona bildu dira manifestazioan.

Hiru martxak Gasteizko Gamarra inguruan elkartu dira, eta Plaza Berrira joan dira, pentsiodunek Gasteizen egiten dituzten kontzentrazioen gune nagusira. Handik, Katedral Berrirako ibilbidea egin dute, ondoren, Eusko Legebiltzarrean amaitzeko. Han, beren aldarrikapenak talde politikoei egin dizkiete. Horietako bat izan da 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, Europako Gutun Sozialean ezarritako nahikotasun irizpideei erantzunez.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari ez ezik, Nafarroako Gobernuari eta Espainiakoari ere eskatu diete “herritarren bizi baldintza duinak bermatzeko, adineko eta pentsiodunen kasuan askotan ez delako hala izaten”. Izan ere, Pentsiodunen Mugimenduak salatu duenez, "bizitzaren kostuaren hazkunde esponentzialaren egungo testuinguruan, gero eta adineko eta pentsiodun gehiagok falta dituzte euren beharretara egokitutako etxebizitza, elikadura osasuntsua, eta arreta eraginkorra”.

Genero arrakala

1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeaz gain, pentsiodunen mugimenduak "alarguntza pentsioen %100" eskatu du, baita "2011ko eta 2013ko lan erreformak indargabetzea" ere, besteak beste.

Ildo horretan, pentsiodunek salatu dute 1.080 eurotik beherako pentsioa kobratzen duten pertsona gehienak emakumeak direla. Genero arrakala horren aurrekaritzat hartu dituzte soldaten desberdintasuna eta emakumeei amatasun eta zaintza kontuengatik ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako soldatak.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak defendatu duenez, "kalitatezko enplegua, soldata hobeak eta arrakala ezabatzea eskubide bat izateaz gain, pentsioen etorkizuna bermatzea ere bada”.

Kolektiboak "oso positibotzat" jo du aste honetako deialdiek eta martxek Euskal Autonomia Erkidegoan barrena izan duten erantzuna, baita aldarrikapen martxa igaro den herrietan izan duten "harrera handia" ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK