Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Muro dira 2024ko Joxe Mari Korta sarien irabazleak

Ibilbide profesionalarekiko inplikazioa aitortzen du Eusko Jaurlaritzak antolatutako sariketak. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da Donostian

Joxe Mari Korta 2024 Sarien irabazleak | Argazkia: SPRI Taldea Joxe Mari Korta 2024 Sarien irabazleak | Argazkia: SPRI Taldea

2024ko Joxe Mari Korta Sarien irabazle izendatu dituzte José Barreira Lorenzo, Begoña Castro Feo eta José Ángel Muro Zabaleta. Sari horiek Eusko Jaurlaritzak ematen ditu, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren bitartez. Helburua da aitortza egitea euskal ekonomian inbertsioak eta lanak egiten dituzten horiei, eta, hala, enplegua eta aberastasuna sortzen dutenei.

Barreira Lorenzok kargu exekutiboak eta ordezkaritza-karguak ditu, ostalaritzan, hainbat jatetxeetan, baita garraio eta logistika enpresetan, eta enpresa berritzaile eta teknologikoetan ere: Gran Hotel Lakua, Gojain jatetxea, Tubacex Logistic, Grupo Saavedra, Tecnoaranda eta Haizea Wind Group, besteak beste.

Castro Feo doktorea da biologia zientzietan, baita Histocell enpresaren bazkide fundatzailea ere. Egun, zuzendari zientifikoaren postua du, non taldeak eginiko produktuen garapena zuzentzen duen.

Bestalde, Muro Zabaleta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta Ezarri enpresan egin izan du lan urtetan. Adegi eta Elkargiren gobernu organoetan ere egon da inplikatuta.

Joxe Mari Korta Sariak urtero ematen dira, ETAk 2000. urtean Adegiko presidente zen Joxe Mari Korta hil zuenetik. Sari banaketa azaroaren 26an egingo da Donostian, eta bertan izango da Imanol Pradales lehendakaria. Epaimahaiaren buru da Mikel Jauregi Jaurlaritzako Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, eta azpimarratu du saritutako pertsonen esfortzua “beren jarduera profesionala garatu duten enpresa-sektoreetan, baita enpresa-balioen garapenean, enpresen sorkuntzan, jarduera eta lanpostu berrien sorreran duten garrantzia ere”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK