Langabezia tasa txikiena duen Gipuzkoako eskualdeetako bat da Goierri. Goieki eskualdeko garapen agentziaren arabera, azken urteotan enpresen enplegu kopurua hazi egin da sektore guztietan. Gainera, industria sektore oso indartsua du eskualdeak, eta enpleguaren erdia sektore horretan oinarritzen da.
Datuok positiboak badira ere, beste eskualdeek dituzten arazoetatik ez da salbu Goierri. Biztanleria zahartzen ari da, erretiro kopurua handituz doa, eta erretiratzen ari diren pertsona horiek utzitako lanpostu berriak betetzeko profesional kualifikatuen gabezia igartzen hasi da.
Egiturazko arazo hori datozen urteetan areagotu egingo da. Goierriko enpresen arabera, talentua erakartzea da egun duten erronkarik zailena. Halaber, eskualdeko garapen agentziak ondorioztatu duenez, gero eta alde ekonomiko eta sozial handiagoa sortzen ari da biztanleriaren artean. Alde batetik, soldatapeko langileak, maila altuko eta ordainsari handiko enpleguak dituztenak baitaude, eta, bestetik, kualifikazio-maila oso txikia duten langabeak, hots, eskualdeko lanpostu-tipologiara iristea ezinezkoa egiten zaien horiek hain zuzen.
Gero eta alde ekonomiko eta sozial handiagoa sortzen ari da Goierriko biztanleriaren artean
Testuinguru horretan, bertako eragile sozioekonomikoekin elkarlanean, enplegu plan bat garatu du garapen agentziak, eta horren baitan abiatu da Elkar EKIN Lanean izeneko enplegu programa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak babestuta, Cáritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker eta Ede Fundazioak osatzen duten gizarteratze sarea. Zehazki, finantzazioaren %85 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du, eta gainerako %15 eskualdeko udalek.
Hiru ibilbide profesional
Gizartetik baztertze arriskuan dauden langabetuak gizarteratzea eta laneratzen du helburu Elkar EKIN egitasmoak. Herritar horiek enplegu hobea lortzera bideratu nahi dira, Gipuzkoan kalitatezko enplegua sustatzeko asmoz. Iaz 126 pertsonek parte hartu zuten programan, 31 lan praktika gauzatu ziren eta 29 laneratze prozesu eman ziren.
Egun, programak hiru ibilbide profesional gauzatu ahal izateko aukera eskaintzen du. Lehendabizikoa lorategiak eta berdeguneak instalatzeko eragiketak dira. Kalifikazio apaleko pertsonek nahiz langabeek lorezain sektoreko prestakuntza jasotzen dute 90 orduz. Ondoren, beste 30 orduz gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzeko beste formakuntza ekintza batzuk egiten dituzte, eta hirugarren fase batean, praktikak egiten dituzte sektoreko enpresetan.
Iaz 126 pertsonek parte hartu zuten programan, 31 lan praktika gauzatu ziren eta 29 laneratze prozesu eman ziren
Bigarren ibilbide profesionala arreta soziosanitarioko langilea izatea litzateke, eta langabezian bi urte baino gehiago daramaten pertsonei zuzenduta dago. Bi fasetan banatzen da ibilbide hori: lehenik, lan aurreko tailerrak antolatzen dira (15 ordu), eta ondoren prestakuntza kualifikatzailea eskaintzen da hiru moduluren bitartez. Lehenengoan, etxez etxeko laguntza eta familiaren elikaduraren inguruko formakuntza eta praktikak eskainiko dira. Bigarrenean, etxeko higienea eta osasun arretan zentratzen da formazioa eta hirugarrenean, etxeko arretan eta laguntza psikosozialean.
Azkenik, hirugarren ibilbidea emakumeei zuzenduta dago. Zehazki, enplegurako zailtasunak dituzten emakumeen enplegarritasuna hobetzeko Emaktiva izeneko programa da. Emakume horien autonomia handitzeko asmoz, beren beharretara egokitutako ibilbideak egiten dituzte, eta lana bilatzen laguntzen diete.
Pertsonak eta lanpostuak gerturatuz
2025 eta 2026 urteetara begira, Foru Aldundiarekin hitzarmen berri bat ontzeko bidean da Goieki, gainontzeko eskualdeetako garapen agentziekin batera. Garapen agentziak azaldu duenez, eskualdeko hainbat eragilerekin lanean ari da, hala nola, Goitur Goierriko turismoa sustatzeko eta laguntzeko agentziarekin, Bidari eskualdeko negozio txikien mahaiarekin eta Goierri Valley industria enpresen elkartearekin.
Plan formatibo eta pertsonalizatuen bidez, lan munduarekiko egoera zaurgarrian dauden pertsonak martxan dauden negozio eta enpresen lanpostu beharretara gerturatzen jarraitu nahi dute.