Portuetatik ekonomiara begira

Bilbon trafikoak gora egin du, aitzitik, beherakada izan da Pasaian eta Baionan 2024an. 2025ean, baina, Trumpen muga-zergek egoera alda dezakete?

Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza
Argazkia: Pasaiako Portu Agintaritza
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko zuzendaria
2025eko apirilaren 7a
Eg. 2025eko apirilaren 9a

Euskal Herriko portuek protagonismoa hartu dute azken asteetan hedabideetan, presidentetzan aldaketak direla tarteko. Rikardo Barkala zazpi urtez Bilboko portuko presidente izandakoak dimisioa eman eta bi egunetara jakin zen Pasaiako portuko presidente berriaren izena: Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoaren Departamentuko zuzendari nagusi izandakoa. Astelehenean egin zion ongi etorria Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Goñiri. Bitartean, Barkalaren lekukoa Ivan Jimenez Bizkaia Talenteko zuzendariak hartuko duela dirudi, hainbat hedabidek jakinarazitakoaren arabera.

 

Kargu aldaketak alde batera utzita, baina, tradizioz munduko merkataritzaren lekuko izan dira portuak, eta ekonomiaren bilakaera nondik nora doan ulertzeko pistak eman ahal ditu haien bilakaera ezagutzeak. 2024an, Euskal Herriko portuetako trafikoari erreparatuta, soilik Bilbokoak egin zuen gora. Fakturazioan %11,6ko hazkundea izan zuen, 76,7 milioi euroko negozio zifrarekin, eta %5,6koa trafikoan, 34,4 milioi tona mugituta. Mundu mailako portuen hazkundea %2,7an kokatu dela jakinik, goitik izan da Bilbokoa, kontainerretan %2,5eko jaitsiera izanik ere.

Baionako portua: "Lehen seihilekoa dinamikoa izan zen, %5 hazita, baina 2024ko uztailetik Europako jarduera siderurgikoaren geldialdi bortitzak eragin handia izan du portuan"

Bai Pasaiakoan, bai Baionakoan, beherakada izan da. Esanguratsuena, Lapurdiko hiriburukoak izandakoa, %8,4 jaitsi baita trafikoa, 2,11 milioi tona, alegia. 2023 salbuespenezko urte on baten ondorio ere izan daiteke jaitsiera, portutik EnpresaBIDEAri azaldu diotenez, trafikoak %12,2ko igoera izan baitzuen orduan. "Lehen seihilekoa dinamikoa izan zen, %5 hazita, baina 2024ko uztailetik Europako jarduera siderurgikoaren geldialdi bortitzak eragin handia izan du portuan. Munduko altzairu kontsumoaren beherakadak eta Txinako altzairu kopuruak Baionako portuko siderurgia trafikoaren %20ko jaitsiera eragin dute".

 

Portu gipuzkoarrean, 2023tik 2024ra trafikoa zertxobait jaitsi da,  "trafikoa nahiko txukun mantendu" bada ere,  David Candelario Pasaiko portuko zuzendari nagusiak azaldutakoaren arabera. Automobilgintzako merkatua "nola mugitzen ari den eta bizi duen egoerak" eragin dute jaitsiera horretan. Gasteiz eta Zaragozan ekoizten diren autoak dira Pasaiatik igarotzen direnak, eta Ipar Europa da merkatu nagusia. Zer dela eta dio, orduan, trafikoa txukun mantendu dela? "Siderurgia, papera..." izan dira galera horiek konpentsatzen aritu direnak. Urtea ere motel hasi zuten Pasaian, %17ko jaitsierarekin, baina otsailean dena berreskuratu zuten: "urtarrila hilabete berezia izan zen. Segur aski abenduan trafikoaren igoera edota urtearen itxieraren efektua jasan genuen. Urtea bide onetik joango dela dirudi".

Trumpen neurriek dena aldatu al dezakete?

Momentuz, Trumpek iragarritako muga-zergen politikak Euskal Herriko portuei nola eragingo dien jakiteko goizegi izan daiteke. Baina AEBk Baiona, Bilbo eta Pasaiako portuan duten pisua ikusita, bai esan daiteke, zuzeneko eragina pairatu dezakeena bizkaitarra dela. Inportazio zein esportazioetan, bost merkatu garrantzitsuenen artean dago AEBkoa. Iazko ekitaldian, trafiko guztiaren %7 inguru izan zen. Aitzitik, urtebetean %15 inguru jaitsi dira AEBtik Bilbora egiten diren inportazioak, 2024an beherakada nabariena izan duen jatorria izanik. "Mugimendua izango da mundu mailako merkataritzan, hori argi dago. Muga-zergek eramaten dute bestelako jatorri eta helmugak bilatzera", esan zuen Rikardo Barkalak presidente gisa eginiko azken agerraldian. Altzairuaren eta aluminioaren trafikoaren kasu zehatzean, AEBrekin dagoen balantzea "txikia" dela nabarmendu zuen, %4 ingurukoa. "Gainera beste merkatu aukera batzuk daude".

Puerto de Bilbao, punta ceballos líquidos julio 24
Argazkia: Bilboko portua

Beste bi portuei dagokienez, Pasaiakoa eta Baionakoa, alegia, zuzeneko eraginik ez dute espero. "Guk zuzenean ez genuke halako kalte handirik jaso beharko, gure portutik pasatzen diren trafiko gehiengoa Europa mailan mugitzen baita", dio Pasaiko portuko zuzendari nagusiak. Datu batzuk ere eman ditu: urtean 100.000 tona joaten dira Kanadara, eta "zertxobati" AEBra, baina "oso gutxi" da. Antzekoa gertatzen da Baionakoan, baina kolperik espero liteke. "Europako protekzionismoa indartzeak inportazio batzuk eragin litzake". "Gerra komertzialaren testuinguruan, nahiz eta zuzenean zuri ez eragin, ekonomia osoa urduri jartzeak eragiten du bai ala bai. Eta gainera besteen kalteak ere jasaten dituzu", gehitu du Candelariok. Gainera, eta hiruak bat datoz horretan, ekonomia arloaren kudeaketa aurreikustea zaila da Trumpen jarrera ikusita.

Trantsizioen bidean

Ekonomia atzeraldian sartzen bada, portuek horren eragina jasango dute ezinbestean. Dena den, hainbat urteko lanketa egin dute enpresentzako erakargarritasuna handitu, trantsizio energetiko eta digitala sustatu, eta euren azpiegiturak hobetu asmoz. Eta apustuok etor daitekeenari aurre egiteko estrategikotzat jo dituzte.

Bilboko Portuaren kasuan, agintaritza 2023-2026 Plan Estrategikoaren erdiko balantzea egin zuen otsailean, eta aurreikusitako bidetik doaz. Ingurumen esparruari erreparatuta, kaiak elektrifikatzeko lanen lehen fasea martxan da, 2026 amaierarako prest izango dena, eta airearen kalitatea hobetu eta karbono aztarna murriztea lortu dute, bi kasuetan %27. "Oraindik ere trafikoak oso lotuta daude ekonomiaren bilakaerarekin, ziurgabetasun geopolitikoekin eta beste aldagai batzuekin, eta gas naturala eta antzeko trafiko garrantzitsuen behin-behineko jaitsierak (831.000 tona) ezin dira aurreikusi", nabarmendu dute.

Inportazio zein esportazioetan, bost merkatu garrantzitsuenen artean dago AEBkoa Bilboko Portuarentzat. Iazko ekitaldian, trafiko guztiaren %7 inguru izan zen. Aitzitik, urtebetean %15 inguru jaitsi dira

Pasaiako portuaren kasuan, 2015-2025 planaren azken urtea da aurtengoa. "Ezin dugu esan plana guztiz bete dugunik, baina uste dut gehiengoa egin dela, eta balantzea ona dela". Bi ildo nagusi aipatu ditu Candelariok. Batetik, portuan lan egiten duten enpresek urte askotarako kontzesioak eskatu eta lortu dituztela. "Trafiko horiek luzera begira egoera egonkorra lortu dute". Bestetik, hirigune baten kokatuta dagoela jakinik, inguruari bestelako aukerak eskaintzeko eginiko lanak nabarmendu ditu, tartean "lonjan eginiko lanak, Adinberriren egoitza eta Sprilurrek martxan jarritako eraikin berria". 

Presidente berriak izango duen lehen egitekoetako bat izango da hurrengo epealdirako plana garatzen joatea. Espainiako estatuko portuen agintepean dago Pasaiakoa, eta hark 2023-2030 epealdirako garatutako marko estrategikoa edukiko du abiapuntu. "Logikoena izango da gure plana ere epe horri atxikitzea. Eta gainera ikusita egun nola gabiltzan testuinguru ekonomikoaren ikuspegitik, oso ausart ikusi beharko ginateke halako 10 urteko plangintza antolatzeko. Normalena litzateke bost edo sei urteko plangintza egitea, eta horren baitan martxan jartzea".

David Candelario (Pasaiako Portua): "Gerra komertzialaren testuinguruan, nahiz eta zuzenean zuri ez eragin, ekonomia osoa urduri jartzeak eragiten du bai ala bai"

Baionako portuaren kasuan ere, lanean dihardute. "Portuaren lehiakortasuna eta gure zerbitzuen kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen dugu: azpiegituren modernizazioa, atzerapen modalaren indartzea (trenbidea eta itsasoa), eta gure bezeroen beharretara egokitutako biltegiratze soluzioen garapena", diote portutik. "Ziur gaude bere funtzio estrategikoa eta karbono logistika baxua aktibo handiak izango direla", gehitu dute. Izan ere, trantsizio energetikoa lerro gakotzat jo dute.