Aurten, abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da azoka, eta jada hasi dira egitaraua prestatzeko lanetan. Urteroko legez, programazio oparoa antolatuko dute azokako arduradunek, tailer, solasaldi, musika emanaldi zein proiekzioz osaturikoa. Irailaren 16tik urriaren 7ra arte, sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek parada izango dute haien eskariak azokaren arduradunei helarazteko.
Azokak, ohi bezala, hainbat gune izango ditu: Irudienea izango da ikus-entzunezkoen txokoa; Kabia gunea hartuko dute teknologia berriek; Saguganbaran egongo da haur zein gazteentzako literaturaren eta musikaren txokoa; dantza eta antzerkia ikusteko Szenatokia prestatuko da; eta Talaia gunean, literaturaz gain, euskaraz eginiko eta Euskal Herriari zuzenki lotutako lanak aurkeztuko dira. Ahotsenea gunea ere mantenduko da, eta bertan, 2024. urtean argitaratutako disko zein liburuak egongo dira. Aldaketa batekin dator Ahotsenea, ordea: edizio berrian guneko egitarauaren hautaketa prozesua aldatuko da. Izan ere, orain arte ez bezala, ez da kontuan hartuko sortzaileek bidalitako proposamenen ordena, eta berdin baloratuko dira epe barruan bidalitako eskari guztiak.
Ikasle goiza abenduaren 5ean egingo da. Ikasle zein irakasleek aukera izango dute azoka bisitatu, eta haiei bideratutako tailer zein ekintzetan parte hartzeko. Azoka baino lehen, aurten ere, PortaDA erronka jarriko da martxan. LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortu beharko dituzte, eta ikastetxe sarituak, musika eskoletan egitasmoaren saio bat irabaziko du.
Izen-emateak
Sortzaile, argitaletxe eta diskoetxeek egitaraua osatzeko proposamenak bidaltzeko durangokoazoka.eus webguneko izen-emateen atalean erregistratu beharko dute haien eskaria, betiere, irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean.
Ikasle goizean ikastetxeek izena emateko aukera ere webgunean aurkituko dute, irailaren 16tik aurrera. PortaDA ekimenean parte hartzeko, ordea, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora bidali beharko dira irudiak, azaroaren 29a baino lehen.